Pikara Magazine aldizkarian egiten duen lana liburu bat idaztearekin uztartu du hainbat hilabetez June Fernandezek (Bilbo, 1984). 10 ingobernables lanean (Libros del K. O.), testuliburuetan azaltzen ez diren hainbat pertsonaren bizitza agerian utzi nahi izan du. Pikara aldizkaria koordinatzeaz gain, Argia aldizkarian ere idazten du Fernandezek, besteak beste. Interneten liburuaren aurrerapen bat irakur daiteke.
Zergatik erabaki duzu liburu bat idaztea?
Editoreak animatu ninduen. Libros del K.O. kazetaritzan aditua den argitaletxe bat da, eta haien asmoa askotariko ahotsak biltzea da. Nik aspaldi reggaeton eta feminismoaren inguruko artikulu polemiko batzuk idatzi nituen, eta horiek zituen editoreak buruan. Baina nik, izan, nahiago dut nire kazetaritza arloa landu. Aspaldi, Kuban eta Nikaraguan egon nintzenean, Erdialdeko Amerikan, hainbat elkarrizketa egin nituen. Arau sozialak nolabait apurtzea zuten amankomunean elkarrizketatuek, euren nortasunengatik, bizitzeko eragatik, sexualitatearengatik, gorputzarengatik... Liburuan, zer motatako jendeak liluratu nauen berrikusi dut, Latinoamerikan, Euskal Herrian zein espainiar Estatuan.
Guztira, hamar atal biltzen ditu zure liburuak.
Bai, baina ez da fikzioa: kazetaritza lana izan da. Gehienetan, indar handia daukan pertsona bat aitzakia da testuinguru zabalago baten inguruan hitz egiteko. Adibidez, Kubako kasuan, Yasmin izeneko emakume bat agertzen da: Kubako aktibista, feminista eta marxista bat da, eta beloa erabiltzen du. Ez dut azalduko zergatik, baina istorioan kontatzen dut Yasminek bere gorputzarekin duen harremana. Azkenean, bera aitzakia da Kubako egoera politikoari buruz hitz egiteko eta hemen oso ezagunak ez diren Kubako aktibista sozialen inguruan aritzeko.
Eta nortzuk dira hamar gobernaezin horiek?
Gehienak emakumeak dira. Emakumeak eta LGTBI pertsonak; gizonezko bi homosexualak dira, eta bestea, transgeneroa. Nire bizitzaren eta nire giro afektiboaren isla dira pertsona horiek. Jende apurtzailea bildu dut nire liburuan, bizimodu desberdina daukana. Askotan, gertatzen da gizarteak esaten duela zure gorputza desegokia dela, itsusia; txarto dagoela eta konpondu behar dela. Pertsonaiak ez ditut kontzienteki aukeratu, baina egia da gizon heterosexualen biografiak gehiago kontatzen eta goraipatzen direla. Eskola liburuetan emakumeak ez dira ia agertzen, eta erreferente LGTBIak ez dira sekula aipatzen.
Lehen pertsonan idatzita daude istorioak; alegia, zu narrazioaren parte zara, ez?
Bai. Horrekin lotuta, liburuaren irudigile Susanna Martinek erabaki zuen ni liburuaren azalean agertuko nintzela. Antzina erreketan urrea bilatzeko erabiltzen zen saski bati eusten azaltzen naiz. Berak irudikatu nahi izan du saskiaren barruan dagoen objektu bakoitzak istorio bat islatzen duela, sinbolo gisa. Ideia hori zen: kazetaritzaren lana arruntetik kanpo geratzen diren istorio bitxiak identifikatzea dela.
Liburuan agindu sozial, estetiko eta sexualak kritikatzen dituzu.
Hori askotan agertzen da lodifobiaren kasuan, zer-nolako presioa dagoen gorputzarekin. Lehen, gorputzarekiko autoestimua nabarmenagoa zen emakumeen kasuan, baina eredu fisikoak gero eta zurrunagoak dira, bai gizonengan eta bai emakumeengan.
Zer moduz moldatu zara Pikara aldizkariaren proiektua aurrera eraman eta liburua ere idazteko?
Izerditan blai. Oso nekatuta, egia esan. Baina istorio asko agertu dira bidean Pikara-n egiten dudan lanagatik. Pikara-k erakartzen duen jendea da nik kontatu nahi ditudan istorioen protagonista.
Hortaz, zure proiektuan topatu dituzun pertsonak inspirazio iturri izan dira.
Bai. Ni ez naiz batere mitomanoa; nire heroiak nire inguruan egunero borrokan diharduten eta euren askatasuna defendatzen duten pertsona anonimoak dira. Niretzat oso miresgarriak dira liburuan kontatzen ditudan istorioak, eta ez dira eskoletan ikasten diren istorioak. Ni azalean agertzen naiz, liburu hori delako nire grinen, pasioen, jendearen eta lekuen erradiografia edo mapa, nolabait.
Zer moduz doa Pikara proiektua?
Oso ondo. Hurrengo asteanaterako da paperezko laugarren urtekaria. Neurri batean, Pikara eta nire liburua lotuta daude. Aldizkaria martxan jarri genuenean esaten genuen feminismoa ez dela ez gai bat, ez espezialitate bat, baizik eta begirada bat. Liburuan hori adierazi nahi izan dut; feminismo hitza, adibidez, ez da inon agertzen. Azalean ere, ikonografia feminista klasikoa ez da ageri. Jendeak etiketa asko jartzen ditu, eta, nire ustez, edonorentzat dira egokiak istorio hauek.
ATZEKOZ AURRERA. June Fernandez. Kazetaria
«Jende apurtzailea bildu dut liburuan»
'10 ingobernables' izeneko lanean, Fernandezek «arau-hauste eta errebeldiarekin» lotutako hamar protagonista bildu ditu, haien ibilbidean munduko hainbat txokotan bizitakoa oinarri hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu