Planetak ez omen du hiru hankadun animaliarik. Alta, Amaia Fontang (Baiona, 1959) izaki mitologikoa izatekotan, tripedoa litzateke. Edo triskela. Hiru zutaberen gainean eraiki baitu bere burua, hala eremu profesionalean, nola militantzian. Euskalduntasunetik, langile borrokatik eta feminismotik tai gabe txirikordatzen ari baita egunerokotasunaren adats luzea. Uste baitu norberaren ekintzak borroka politiko globalaren ziliportak baizik ez direla.
Fontang nolatan?
Aitaren aldetik gaskoiak dira. Baina nago ez ote dagoen idazketa akatsik: usaian, deitura h-rekin idazten delarik g baitarama; f-rekin hasten delarik, ordea, ez. Astia ukanen dudalarik, ikerketa genealogikoak eginen ditut. Dena den, familiaren historiak ez nau batere gidatu ene izaeran, ene euskalduntasunean.
Zerk eman zizun euskalduntasunerako tirria?
14-15 urterekin hasi nintzen identitateari buruzko galderak pausatzen: nor naiz ni? Biziki goiz hasi nintzen munduari begira; Ameriketako borroka antiinperialistez leitzen, campusetako borrokez.... Garaian baziren kantaldiak, behin, Maite Idirin eta Gorka Knorr jin ziren kolegiora. Horrek zidan interesa piztu. Mende Berri taldeko militante egin nintzen ondoko ikasturtean berean; nire euskalduntasuna eraikiz. Euskara ikasten hasi nintzen orduan ere.
Nor izatea hautatu zenuen?
Identitatea ez zen bakarrik nor nintzen abertzaletasunetik; emeki-emeki, Mende Berrin formatu nintzen, eta laster begi bistako egin zitzaidan abertzale izatea eta ezkerrekoa batera zihoazela. Gero, zerbait falta zela ulertu nuen.
Feminismoa, ezta?
Hori bera. 1977an bihurgune zinez garrantzitsua gertatu zen ene bizitzan: Ezker Berritik jalgi nintzen —Mende Berriren ondoko talde politik—, eta talde feministan sartu. Orduan nuen eraiki ene identitate sexuala eta feminista. Leitzen genuen asko, ekintzak burutzen genituen. De Beauvoir eta beste asko irakurtzen bagenituen ere, Angela Davisen zapalkuntza hirukoitza izan zitzaidan errebelazio bat; birsortu nintzen. Emazte gisa zapaldua izatea, baina gainera euskaldun gisa —nahiz berak arraza aipatzen duen—, eta baita angile gisa ere. Ene identitate osoa hiru zutabe horiekin eraiki dut.
Zerendako zinen ilki Ezker Berritik?
Desadostasun ideologikoengatik: ez baitzen aski hauslea.
Hauslea zerekin?
Sistemarekin. Herriaren Alde sortu genuen orduan, gero Patxa-Oldartzen bilakatu zena. Gero eta argikiago ikusten genuen zertan zetzan gure militantzia: nahi genuen mundua aldatu beste jendarte bat eraikiz, alternatiboa, eta horren kontzientzia hedatzen ari ginen. Kontuan hartu beharra da 1968ko maiatzaren biharamunetan ginela, Ipar Euskal Herrian hainbesteko ondoriorik utzi ez bazuen ere, gure baitan bai eragin zuela. Ez gintuen interesatzen bakarrik gure zapalkuntza nazionalak, sistema kapitalista osoa zen aldatu behar. Ohartu ginen iraultza ez zela egun bakarrean eginen, baizik eta egunerokoan norberak bere usaiak aldatuz kanbiatuko zela mundua: hondakinen kudeaketan, elikaduran, kultura motan... Arlo guzietan norberak ekarri aldaketek ekarriko dute bizi hobea eta ongizatea.
Militantzia kolektiboa indibidualistago bilakatu dela dirudi.
Horrek ez du erran nahi ekintza kolektiboa baztertu behar denik, betitik sinesten baitut horretan. Baina iraultza norberaren baitatik da hasten. Biziki hitz garrantzitsua zait koherentzia, hala izaten saiatzen naiz, nahiz eta ez beti erraza izan. Zentzu bat behar duzu, zuritik beltzerat iragan zaitezke, baina beti gai izan behar zara esplikatzeko zergatik. Horregatik sartu naiz Cimade [errefuxiatu eta etorkinen laguntzarako elkartea], Etorkinekin [errefuxiatu adingabeen laguntzarako elkartea] eta Zutik [bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feminista] elkarteetan: egunerokoan zerbait aldatzen laguntzen ahal dudalako. Errealitatean eragin nahi dut, eta, halaber, zubiak eraiki abertzale eta hala ez direnen artean, funtsean beste zerbaitek gaituelako hor elkartzen.
Ideietan eta konkretuan duzu eragin nahi, hori da?
Eguneroko elkartasunezko ekintza politikoei esker dut jendartea aldatu nahi, humanitarioan edo politikan bakarrik aritu gabe. Biak uztartuz. Etorkin bat edo etxeko bortizkeria pairatu duen emazte bat lagunduz etxe bat atzematen, topaketa horrek elkarri zerbait ekarri dio, eta aldi berean mundua aldatzen ari gara.
Nola lagundu arrotzari, euskalduna etxean arroztua bada?
Ez dut erantzunik, oso zaila egiten zait. Etorkinak oso desberdinak dira. Beraien kakatik ateratzea dute lehen helburua. Integrazioa, haientzat, frantsesak bezala izatea da. Baina badira ere Euskal Herriaren kontzientzia dutenak; nihaur, konparazione, emazte gazte baten erreferentea naiz, eta «Egun on, agur», erraten dit. Kasu eman behar dugu pairatzen dugun zapalkuntza haiengan ez errepikatzea. Harrera familia batzuetan ez dira euskaldunak garen bezain irekiak, ez diete etorkinei beraien hizkuntzan egiten uzten: «Parlez français, on ne comprend pas» [mintza frantsesez, ez dugu ulertzen].
Isiaka etxean dugu, loriatzen gara bere hizkuntzaz ari delarik. Badaki Euskal Herrian dela, are, nahiko luke euskaldun batekin esposatu, baina noraino da kontziente herri zapalduan dagoela bere helburua kakatik ateratzea delarik? Integrazioa ez da asimilazioa izan behar, euskaldun bezala bizi duguna ez genieke beraiei biziarazi behar. Gure eskubidea da euskaldun gisa bizitzea, baina berea ere bada mementoko helburua izatea kakatik ateratzea. Integratzeko behar dituzu ukan izpiritu librea, eta egoera pertsonala nahiz administratiboa orekatuak. Inposatzea izan daiteke gurea biziarazi nahi izatea, beraiena gordez.
Baina frantsesa ez da beraiena, euskaldunena ez den ber. Ipar Euskal Herriko euskaldun batek, etorkina etxean hartuz gero, euskara utzi eta frantsesez egin beharko lioke?
Badakite frantsesez. Batzuek mintzo politikoa dakarte: «Frantziak kolonizatu gintuenez, orain gurekiko zorretan da». Egunerokoan oso gogorra zait, baina paperak lortzeko frantsesezko azterketa gainditu behar dutenez, frantsesa ikastera bultzatu izan ditut euskara gerorako utziz, neure buruaren kontra. Zer erran behar diozu? Legearen pean gaude, eta, kakatik ateratzen lagundu nahi badiozu, bai, frantsesez egin beharko diozu. Tolerantzia behar da, baina aldi berean gure konbikzioak atxikiz. Dialektika biziki zaila da, ez dut erantzun zehatzik.
Gizarte laguntzaile izateko ikasketak egin zenituen.
Uste dut ene inkontzienteak zuela hautatu horren ikastea. Hogei urtez aritu nintzen horretan, lanean sinetsiz, harik eta bere mugak ikusi nizkion arte: populuaren segurtasun balbula bezalakoa da, eta ahalgabea sentitzen nintzen, nahi baina gauzak ezin aldatuz. Konplexuegia zen enetzat han segitzea, sistema elikatuz eta jendeak ezin zinez lagunduz.
Iparraldeko LAB sindikatuaren sorrera kontatuko duzu, plazer baduzu?
2000. urtean sortu genuen Iparraldeko LAB sindikatua, bi urteko gogoetatik landa, pentsatzen baikenuen frantses sindikatuek ez ziotela erantzuten ahal gure beharrei: klase borroka zutabe gisa zuen sindikatua, Euskal Herrikoa eta Euskal Herriko errealitateari lotua, eta abertzalea, hau da, autodeterminazioa eta bere aldeko borroka onartzeko prest legokeena. 120 bat ginen hasmentan. Klase borrokatik eraiki zen, orduan, kasik irain bat zen! Ederra izan zen dena hutsetik eraikitzea, mendi handi baten magalean izatea bezala izan zen: xendraz betea eta ez jakin nondik hel. Mendi hori erditsutan utzi nuen, eta bere bideari jarraikitzen dio. Lekuan lekuko lanketarekin batean nazionalean ere aritzea polita zen. Etxeko zaintzako langileentzat, adibidez, edo ostalaritzan araudi batzuk finkatzea. Balioaniztasun handiko langilea izan naiz, kasik 13 urtez; anitz ikasi dut: arlo juridikoan, komunikazioan, formatzaile izaten, itzulpengintzan...
Hegats beraren pean, araudi ezberdinak.
Lan kodea, zer zen hori? Fitsik ez genekien, dena zen egitekoa. Egia da hastapenean gogorra izan zela gure tokiaren egitea, frantses sindikatuen oposizioak eta erasoek luzaz iraun baitute. Orain ez, elkarlanean ari dira, beharrik. Anitz lan egin dugu Korsikako STC eta Guadalupeko UGTG sindikatuekin. Gisa horretan, han izan naiz, baita Bretainian, Katalunian, Martinikan, Guyanan, Haitin ere... Harremanak mantentzen ditut oraino. Aztarna ekologikoa murrizteagatik utzi ditut urte batzuk bisitan joan gabe, baina laster hasiko naiz bidaia baten antolatzen.
Amaia Fontang. Abertzalea, sindikalista eta feminista.
«Jendartea aldatu nahi dut eguneroko elkartasunezko ekintza politikoei esker»
Amaia Fontangek dio iraultza norberaren baitan dela hasten, koherentzia «zinez garrantzitsua» baitzaio. Saiatzen da eguneroko ekintzak hiru kolorez beztitzen: euskalduntasunez, feminismoz eta klase borrokaz. Elkar elikatzen dute, ia betidanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu