Jazza, udan sartzeko

Europako, Asiako eta Amerikako musikariak izango dira Goierriko Jazzaldian. Bihar hasi eta larunbatean amaituko da jaialdia

Ordizia
2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Goierriko Jazzaldiaren seigarren edizioa. Musikak ongietorria emango dio udari Ordizian eta Araman (Gipuzkoa). Larunbatean amaituko da jaialdia. Jazzaldiko antolatzaileek urtetik urtera hobetu dute egitaraua: aurtengoa da, haien ustez, orain arteko indartsuena.

Buffalok hasiko du biharjazz jaialdia. Zarautzen sortu zuten taldea, 2008an. Buffalok kontzertuak eman izan ditu Kutxa Kultur Festibalean eta Donostiako Jazzaldian. 22:30ean, Ordiziako Amonane Pubaren kanpoaldean arituko dira zuzenean.

Ostiralean, Combo Jazz eta Sky Beats taldeak eta Rachel Therrien musikaria igoko dira Ordiziako Plaza Nagusiko oholtzara. Jazz, blues eta soul doinuak lantzen ditu Combo Jazzek. Sky Beatsen berezitasuna da soul eta rock-and- roll doinuak nahasten dituela.

Japoniatik Aramara

Rachel Therrien kanadarrak ere bere estiloa du. Horri esker, hainbat sari irabazi ditu: Stingray Jazz Rising Star Award saria, esaterako.

Ostiralean, Combo Jazzen saioa izango da lehenengoa 18:30ean. Geroago, 19:30ean, Sky Beats igoko da agertokira. Therrienek eskainiko du azken kontzertua.

Larunbateko saioak Aramako parkean izango dira. Juan Ortiz Tokyo Trio eta Gianni Gagliardi eta Funkdamental taldeek joko dute. Japoniako Juan Ortiz Tokyo Trio taldeak Gianni Gagliardi saxofo jotzailearen laguntza izango du. 19:00etan emango dute kontzertua. Afalostean, Funkdamentalek soul eta funk doinuekin girotuko du Aramako parkea.

Goierriko Jazzaldia

Bihartik larunbatera, Ordizian eta Araman (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.