Jazz musikak ez du adinik

Txikijazz jaialdiak Donostiako zenbait leku hartuko ditu uztaileko azken astean, haurrek ere jazz musikaz goza dezaten. Paula Estevez diseinatzaileak sortu du aurtengo kartela

2021ean, maskara jarrita gozatu behar izan zituzten kontzertuak. GORKA RUBIO / FOKU.
Igone Urtaza
Donostia
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Jazz musikak ez du mugarik, ezta adinik ere. Donostiako Jazzaldiaren antolatzaileek argi dute hori; izan ere, Donostiako58. Jazzaldiarekin batera, Txikijazz haur eta familientzat antolatutako jaialdiaren hamaikagarren aldia egingo dute aurten. Bi helbururekin sortu zuten proiektua: batetik, haurrek eta familiek musikarekin eta artearekin gozatzea; bestetik, musikaz elkarrekin gozatzeko eta ikasteko gune bat eratzea. Aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere hala izatea espero dute antolatzaileek.

Uztailaren 21etik 25era bitartean egingo da Txikijazz. Hiru eremutan banatu dituzte jaialdiko ekintzak: Kutxa fundazioaren Kutxa Kultur plazan, Txillida Lekun eta Garbera saltoki handian. Jaialdiak zortzi kontzertu, magia ikuskizun bat eta askotariko adin tarteei egokitutako tailer ugari programatu ditu. Ekintza guztiak euskaraz izango dira, eta antolatzaileek euskararen erabilera bultzatu nahi dute.

Kontzertuen eskaintza zabala da. Jaialdian joko dute Frantziako Les Cuisinieres taldeak, Sara Dowling bakarlari ingelesak, Michelle Hendricks & Ronald Baker Project bikoteak, Five Stars taldeak, Eri Yamamoto bakarlari japoniarrak eta Euskal Herriko Amaika Rude taldeak. Kontzertu guztiak doakoak izango dira. Txillida Lekun programatutakoak dira salbuespen bakarra. Sei euro kostatuko dira. Sarrerak salgai daude jada. Horiek eskuratzeko, Viktoria Eugenia antzokiko leihatila irekita egongo da 11:30ean. Horrez gain, Txikijazzen eta Donostia Kulturaren webguneetan ere eros daitezke.

Haurrentzako tailerrak

Musikaz gain, haurrek eta gurasoek elkarrekin parte hartzeko tailerrak ere egingo dituzte. Lehenengo egunean, uztailaren 21ean, aurpegia margotzeko tailerra izango dute 11:30ean. Ondoren, 12:30erako, Iago Azkue magoaren ikuskizuna dago antolatuta. Azpeitiarra da Azkue, 2003an jaioa. Bi ekintza horiek Garbera saltoki handian izango dira.

Uztailaren 25ean ere, Txikijazzen azken egunean, tailerrekin hasiko da eguna. 11:00etarako eta 11:30erako Jazz- eta musika-tresnak sortzen eta Ur-makilak tailerrak antolatu dituzte. 0 eta 11 urte bitarteko haurrentzat eta familientzat prestatuta daude. 0 eta 8 urte bitarteko umeek heldu baten laguntza izan beharko dute tailerrean parte hartzeko, nahi eta nahi ez. Bi kontzertu izango dira eguerdian: Les Cuisinieres eta Amaika Rude. Kutxa Kultur plazan eta Garbera saltoki handian izango dira eguneko ekintza guztiak.

Aurtengo kartela Paula Estevez diseinatzaile eta ilustratzaileak sortu du. Kartela sortzeko garaian, jaialdiko protagonistak nabarmendu nahi izan ditu ilustratzaileak, hain zuzen: umeak eta jazz musika. Horretarako, musika tresnak jotzen ari diren umeak marraztu ditu, baina intsektu itxura eman die. Txillida Leku museoko naturagunean inspiratuta dagoenez, hosto eta adarren gainean eserita eta zintzilik daude kartelean ageri diren haurrak.

Txikijazz

Uztailaren 21etik 25era bitartean, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.