Jazarpenik gabe, sugea bare

Zenbaitek ondorio larriak izaten dituzte sugeen hozkaden eraginez; hori ikusita, OMEk plan bat abiarazi du. Euskal Herrian kontua ez da horren larria: hiru sugegorri espezie daude, eta ez dira arriskutsuak, adituen esanetan.

Vipera seoanei. Sugegorri kantauriarra ere esaten zaio suge honi. MANUEL OCEN.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Sugeen gainean bada halako irudi negatibo bat gizartean. Ikusi besterik ez dago: halako batekin topo egin bezain laster, jauzi erraldoi bat eman eta ziztu bizian abiatzea izaten da ohikoena. Espezie guztiak ez dira arriskutsuak, baina hainbat herrialdetan badira haien hozkadaren ondorioz sortzen diren zenbait arazo. Hala, Osasunaren Mundu Erakundeak estrategia bati ekin dio suge pozoitsuen hozkaden ondorioak erdira murrizteko helburuarekin. Adituek esan dute Euskal Herrian ez dagoela horrelako arriskurik; hala eta guztiz ere, hainbat gomendio eman dituzte, haiek ez xaxatu eta hozka egin ez dezaten.

OMEk emandako azken datuen arabera, mundu osoan sugeak 5,4 milioi pertsonari egiten dio hozka urtero; horietatik 2,7 milioi izaten dira pozoitsuak. Horren ondorioz, zenbaitek ebakitzeak jasaten dituzte, edota behin betirako desgaitasunak. Badira heriotzak ere. Erakundeak adierazi duenez, gutxi gorabehera, 81.000 eta 138.000 pertsona hiltzen dira sugeen hozkadak direla eta. OMEk gaia lantzeko lantalde bat eratu zuen, horri aurre egin eta kopuruak erdira jaisteko asmoz, eta oraintsu aurkeztu dute estrategia berria. Haiek sortutako plangintzak lau oinarri ditu: gizartea ahalduntzea haien parte hartzea bultzatuta, tratamenduen eraginkortasunaeta segurtasuna bermatzea, osasun sistema sendotzea eta eragileen arteko koordinazioa bultzatzea.

Hozkada pozoitsu horien kasu gehienak Asia hegoaldean, Afrikan edota Hego Amerikako lurralde batzuetan gertatu ohi dira. Euskal Herrian, ordea, ez da oso ohikoa izaten sugeak hozka egitea; gainera, narrasti espezie pozoitsu horiek ez dira asko. Ion Garin Barrio Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da, eta herpetologoa; hark esan du 11 suge espezie daudela identifikatuta Euskal Herrian: «Guztira 11 suge espezie dauzkagu: horietatik zortzi dira sugeak, eta hiru sugegorriak, hau da, pozoitsuak». Sugegorri kantauriarra, aspis sugegorria eta Lataste sugegorria dira hiru espezie pozoitsu horiek.

Dena dela, zientzialariak gaineratu du arriskurik ez dutela sortzen, pozoitsuak izan arren. «Hemengo sugegorrientzat, pozoia elikatzeko modua da, baina batik bat harrapakinak irensten dituzte», azaldu du herpetologoak. Garinen esanetan, hiru teknika erabiltzen dituzte: zuzenean jaso eta irentsiz, hertsituz edo pozoia sartuz hozkada batekin. Iñigo Mendiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalia eta Landareen zerbitzuaren arduraduna da, eta bat egitendu Garinek esandakoarekin: «Hemengo sugeak berez ez dira erasokorrak edo agresiboak». Horrez gain, kokalekua ere izan du gogoan; basoen ertzetan, erreka bazterreko basoetan edota belardi ertzetan egon ohi dira, haren esanetan.

Bakean dagoena hala utzi

Arrisku handirik ez dagoenez, Garinek nabarmendu du sugeen gaineko «mito» gehiegi daudela errealitatearekin bat egiten ez dutenak. Mendiolak ere bat egiten du Garinek esandakoarekin: «Sugeen fama txarra kendu beharra dago; izan ere, espezie egokiak dira ekosisteman eta biodibertsitatean». Mendiolaren esanetan, beharrezkoa da«didaktika» egitea horretarako. Garinen arabera, mezu okerrak ez ematen saiatu behar da, ez hauspotzeko haien kontrako «jazarpen zuzena».

Horiek deseraiki asmoz, sugeen eta sugegorrien arteko desberdintasunak izan ditu hizpide: «Sugegorriak txikiak izaten dira, metro erdi ingurukoak, eta sugeek baino gorputz gihartsu eta lodiagoa izaten dute; horrez gain, ezaugarri morfologikoak ere ez dira berberak: adibidez, begi ninien forma». Esan du ezaugarri horiek identifikatzeko erarik egokiena argazkiak direla, arreta jartzeko aipaturiko xehetasunetan eta beste zenbaitetan.

Arriskurik sortzen ez dutenez, sugeak bakean uzteko aholkua eman dute, eta nabarmendu ez dagoela haien aurrean alarmista izateko beharrik. «Hemen bizi diren sugeak normalean ez dira oldarkorrak izaten; ez da oso ohikoa izaten haiek hozka egitea», nabarmendu du Garinek. Finean, narrasti horiek beren burua babesteko helburua dute, eta kamuflajera jotzen dute horretarako.

Mendiolak, berriz, azaldu du sugeen hozkadak «ezustekoak» izan ohi direla. «Ustekaberen bat gertatzen bada, hozka egin dezake, baina bakean utzita ez dago inongo arriskurik», azaldu du Mendiolak. Horrekin batera, ohartarazi du gizakiaren esku hartzeak «berebiziko» garrantzia duela sugearen jokabidean: Horretan ere bat datoz bi adituak. «Norbaitek sugea xaxatuz gero, eta hark ikusiz gero zail duela hortik irtetea, aurre egingo dio etsaiari», nabarmendu du Garinek. Haren ustez, sugeekin topatzean jendeak gaizki erreakzionatzen du, eta hori telebistan agertu ohi diren saioen aurkezleek izandako jokabide «desegokien» ondorio da; esate baterako, sugea eskuetan hartzea. Adibide modura jarri du Frank de la jungla [Oihaneko Frank] telebista saioko aurkezlea. Halako jokabideen aurrean, Mendiolak argi du zer egin behar den: «Egokiena da sugeak bakean uztea, kasurik ez egitea; finean, ihes egiteko joera dute jendea sumatzen dutenean».

Dena den, nahiz eta hozkadak ez izan ohikoak, badira jarraitu beharreko pauso batzuk sugegorriren batekin topo eginez gero. Garinek ez du protokolo finkorik ezagutzen, baina, jakina, suge bat agertu ohi denean erantzuna eman ohi da. «Sugea agertu den lekuaren arabera, eragile bat edo beste joan ohi da esku hartzera; ohiko habitat naturalean bada, ez zaio inongo protokolori jarraitzen; beste kontu bat da herriaren erdigunean agertzen bada», azaldu du herpetologoak. Nabarmendu duenez, sugeak nahiko «territorialak» izaten dira: hori dela eta, beren habitat naturalean jarraitzeko joera dute nahiz eta gizakiak azpiegiturak eraiki bertan. Horrenbestez, suge edo sugegorri bat agertzen denean, ingurua zaindu ohi da, Mendiolaren esanetan, eta, beharrezkoa izanez gero, baita itxi ere; animalia lokalizatzea dute helburu, zer espezietakoa den jakin ahal izateko.

Bide luzea ospitaleetara

Osasun arloan ere badira planak, hau da, hozkadetarako bete beharreko puntu batzuk. Besteak beste, Osakidetzak aholku batzuk zehaztuak ditu; esate baterako, lasai egotea pozoia gorputzean zabal ez dadin, alkoholdun edaririk ez hartzea edota ez xurgatzea pozoia ahoarekin. Garinek ere jarraibide batzuk eman ditu. «Ez saiatu sugea identifikatzen, berriz hozka egiteko arriskua baitago; horrez gain, ez egin kasu antzinako erremedioei», ohartarazi du herpetologoak.

Izan ere, eta OMEk jakinarazi duenez, askok ondorioak izan dituzte halako erremedioei kasu egiteagatik, batez ere herrialde txiroetan. Ospitaleak herrietatik urrun daudenez, bestelako sendabideetara jotzeko ohitura dute, Garinek azaldu duenez: «Gure egoera ezin da konparatu beste herrialde batzuetan daukatenarekin; haietako askotan ez dute ospitalerik inguruan, ezta iristeko aukerarik ere». Garinen esanetan, sugeen hozkaden ondorioak osasun larrialdi bilakatu dira munduko zenbait herrialdetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.