Kultur elkarteak omenaldi berezia egin nahi dio horrela BeñatIrigoien Galxetaburu musikari baxenabartarrari. Kalifornian (AEB) jaio zen Galxetaburu, baina Gamarteko (Nafarroa Beherea) semea zen. Bizitza osoa musikari eskaini zion, eta, Patxi Laborda dantza tradizionaleko aditu eta maisuaren arabera, dantza jauzien berpizkundean «motorra» izan zen.
Labordak dio dantza jauziak ia desagertuta zeuden garaian akordeoilaria jauziak sartzen hasi zela bere dantzaldietan, beste pieza batzuk bezala, «modu naturalean». Ordura arte, Iparraldeko Kabalkadetan edota dantzaldien amaieretan soilik jotzen ziren. 70 eta 80ko urteetan, ordea, Galxetaburu dantza jauziak plazaratzen hasi zela eta nolabait modan jarri zituela aipatu du Labordak.
Galxetabururen lanarekin, Nafarroa Beherean hasi zen jauzien gorakada, baina, gerora, Lapurdin gertatu zen dantza horien«berpizkunde indartsuena». 1990. urtean hil bazen ere, hark egindako lana ez dute ahaztu Garaitzeko Asi elkarteko kideek eta omenaldia egin nahi diote. Are, Garaitzeko Asitik urtero musikari tradizional baten inguruan festa bat egin nahi dute. «Galxetaburuk Luzaiderekin [Nafarroa] lotura zuzena izan zuen, eta, beraz, ingurukoa da», gaineratu du Labordak. Aurtengo ekitaldia Nafarroako kulturako Gure Sustraiak proiektuaren barruan dago.
Egun osoko programazioa
Goizean hasiko dira Auritzen Galxetaburu omentzeko ekintzak. Bazkaldu aurretik, kultur etxean, Patxi Laborda maisuak jauzien inguruko mintzaldi-tailerra eskainiko du.
Hurbildutako guztiek bideo bat ikusi eta jauziak ikasi ahalko dituzte, Luzaideko erara. 13:00etan, kalean karrika dantza izanen da eta, jarraian, nahi duenak Txikipolit jatetxean bazkaldu ahalko du. Azkenik, arratsaldean, Kiki Bordatxoren musikarekin jauziak egonen dira plazan.