EITB, Komunikazio Sozialeko Hedabideen Zerbitzua, Begira batzordea, Etorkinen Parte Hartzerako eta Integraziorako Foroa eta Zurrumurruen Aurkako Sarea daudenez, Eusko Jaurlaritzak uste du ez dela beharrezkoa ikus-entzunezko hedabideen kontseilurik sortzea. Jaurlaritzak ez du tramiterako onartu EH Bilduk kontseilu bat sortzeko aurkeztu zuen lege proposamena, eta Eusko Legebiltzarrean ez dute eztabaidatu ere egingo EH Bilduk sektoreko zenbait aditurekin landutako lege proposamena. EAJk eta PSE-EEk ez dute beharrezkotzat jotzen halako ikus-entzunezkoen kontseilurik sortzea.
EH Bildu koalizioak organo aholku-emailea, proposamen-emailea eta zigorrak jartzeko ahalmena izango zuena sortzea proposatu zuen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hedabide publiko zein pribatuen ikus-entzunezko edukiak arautzeko, baina ez da halakorik martxan jarriko.
Jaurlaritzaren iritziz, egun martxan dauden egiturek eta foroek «egoki» funtzionatzen dute, eta, horregatik, baztertu egin dute ikus-entzunezkoen kontseilua sortzeko proposamena tramitatzea eta onartzea, «aukera, efizientzia eta proportzionaltasun» irizpideengatik.
Euskal Irrati Telebistaren kasuan, Zupiriak gogorarazi du administrazio kontseilua, Eusko Legebiltzarreko EITBren kontrol batzordea eta kontratu programaren jarraipen batzordea daudela. Gainera, nabarmendu du Komunikazio Sozialeko Hedabideen Zerbitzuak —Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikarako Sailaren barne dago— tramitatu eta adjudikatzen dituela irrati eta telebista lizentziak; Ipar Euskal Herrian, aditu independentez osatzen den Frantziako Ikus-entzunezkoen Kontseilua arduratzen da lizentzia horiek emateaz.
Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du, halaber, Begira batzordeak komunikazio eta publizitatearen sexismoa kontrolatzen duela, eta hedabideen arrazakeriari eta xenofobiari lotutako gaiez Zurrumurruen Aurkako Sarea eta Etorkinen Parte Hartzerako eta Integraziorako Foroa arduratzen direla.
EH Bilduren kritikak
Horrez gain, Jaurlaritzak gogorarazi du erregimen juridiko propioa duela ikus-entzunezko komunikabideen alorrean, Gernikako Estatutuaren 19. artikuluaren barruan. Jaurlaritzak esan du komunikabide sozialen «ekosistema propioa» garatu dela, hedabide publiko eta pribatuekin, «plurala eta eleaniztuna», eta hiru herrialdeetan ari direla euskal komunikabideak eta Espainiako «estatu eremuko» komunikabideak.
EH Bilduren arabera, hauek lirateke balizko kontseiluaren helburuak: ikus-entzunezko komunikazio askatasuna bermatzea; hedabide publikoen aniztasuna, neutraltasuna, independentzia eta inpartzialtasuna sustatzea; euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzea; eta emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartzea sustatzea.
Jaurlaritzaren ezezkoa jakin ostean, EH Bilduk honela erantzun du: «Erabaki horrekin, Iñigo Urkulluren gobernuak anomalia batean instalaturik jarraitu nahi du, Europako testuinguruan ezohikoa baita ikus-entzunezkoen kontseiluen beharra ukatzea». Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, Europako Batzordeak gomendatu izan du organo horiek sortzea: «Europako Batasunean ohikoak dira kontseilu horiek; Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseilua erreferente bilakatu da, adibidez». Agirreren ustez, komunikazio mundua «paradigma aldaketaren garai batean» sartuta dago, eta horrek «are premiazkoagoa» egiten du ikus-entzunezkoen kontseilua sortzea. «Jaurlaritzak, ordea, zaharkiturik dauden parametroetan bilatzen du erosotasuna, komunikazio munduaren errealitate berriek planteatzen dituzten erronkei heltzera ausartu gabe».
Elkarrekin Podemos-IUk esan du ikus-entzunezkoen kontseilu bat sortzearen alde dagoela, eta gogorarazi du aurreko legealdian EITB erreformatzeko aurkeztutako proposamenean kontseilu bat sortzeko eskatu zuela.
Nafarroan, ikus-entzunezkoen kontseilua izan zuten 2001etik 2011ra.
Jaurlaritzak baztertu egin du ikus-entzunezkoen kontseilua sortzea
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak esan du «nahikoa» direla gaur egun dauden egiturak eta zerbitzuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu