Donostiako Aste Nagusia

«Jauntxoen Donostia» abordatu dute Piratek

Beste urte batez, Donostiako Piratek hiria abordatu dute. 1.500 partaide izan dira gaurkoan, eta abordatze azkarra izan da, itsasoak lagundu die eta.

Donostiako Piratak, portutik abiatzen. JAVI COLMENERO / EFE
Donostiako Piratak, portutik abiatzen. JAVI COLMENERO / EFE
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko abuztuaren 12a
19:15
Entzun

Donostiako portua 15:30 aldera hasi da husten. Ontziak kanpora doaz, eta hori piratak hurbil dabiltzan seinale da. Hala da, Donostia abordatzeko helburua duten pertsonaz betetzen hasi da portua. 2003. urtean egin zuten Donostiaren abordatzea lehen aldiz, eta, harrezkeroztik, urtero bereganatu dute Kontxako hondartza Donostiako Piratek. Aurten, ohiturarekin aurrera jarraitu dute, eta Kontxako badia eskuz eginiko baltsaz bete dute. 1.500 partaide ditu aurtengo abordatzeak; hiria bereganatzeko helburuarekin itsasoratu diren 1.500 pirata.

Donostiako kaia berezi jantzi da gaur. Aldarrikapen politikoz beteta daude portuko hesi, pareta eta izkina guztiak. Urgull menditik Errausketarik ez dioen pankarta erraldoi bat bota dute, eta Aquariumetik Palestinako bandera handi bat zabaldu dute. «Jauntxoen Donostia abordatzera etorri gara gaur», esan du hizlari batek, kai osoan entzuten den mikrofono batetik. 

Hasi baino ordu erdi lehenago hartu dute hitza giroa berotu duten bi hizlariek. Ekitaldiaren hasiera azaldu diete partaideei, baina aise ikus daiteke portuko arrapalan 1.500 pertsonako langa ez dutela gainditu. «Beteranoak beti berandu», esan dute mikrofonotik, eta hala izan da.

Piratek irteera eman dien suziria lehertu eta berehala egin dute salto uretara.
Piratek irteera eman dien suziria lehertu eta berehala egin dute salto uretara.

Ezkila kapitainak eman dio hasiera, suziri bat jaurtita. Suziriak eztanda egin duenean, korrika jaitsi dira partaideak uretara, bakoitza bere baltsaren bila. 

Hondartzara garaiz iristeko helburuarekin atera dira batzuk, eta hogei minutu eskasetan zapaldu dute Kontxako hondarra. Itsasoak lagundu die gaurkoan piratei, behean dagoen mareak baltsak hondartzara bultzatu ditu eta. Hala ere, bada hasi eta bost minutura baltsa irauli duenik. Portutik lehenengo ontziak atera bezain laster iritsi da tropela, eta, harekin batera, kaosa. Arraroa izango litzateke horrelako momentu batean bakoitzak bere baltsa gordetzea, bai baitirudi besteak bustitzea eta iraultzea garrantzitsuagoa dela. Baten batek sandalia bat galdu du.

ESPAÑA FIESTAS
Partaide batzuk baltsetan eta, besteak, uretara erorita.

Bukaeran, beteranoenak atera dira, goizetik baltsa Donostiako Itsas Museoaren ondoan gorde dutenak. Hamar bat pertsonako ontzia izan da azkena, baina portutik atera arren, ez da hondartzara iritsi. Portua garbi gelditu da, eta hizlariek hori bera nabarmendu dute, Donostiako Piratei, antolakuntzari, «txalo bero bat» eskainiz. 

Beste urte batez, Piratek Donostia abordatu dute, eta, bukaeran, eguraldiak lagundu ez duen arren —bertan behera gelditzekotan ere egon da, enbata arriskuarengatik—, irribarre handi batekin iritsi dira partaide guztiak helmugara. Gainera, ur pistolak eraman dituzten lagunen lan onari esker, ez da lehor iritsi denik.

Piratak Kontxako hondartzara bidean, euren baltsetan.
Piratak Kontxako hondartzara bidean, euren baltsetan.

Piratak goiz esnatu dira

Abordatzea arratsaldez izaten bada ere, goizean goiz hasten da; batzuk etxeratzeko denborarik gabe, eta beste batzuk kalean goizean goizetik. Donostiako portua 09:00ak aldera hasi da betetzen, eta ordu horretan bainu bat hartzera ausartu da baten bat. Antolatzaileak Flamenkan ziren 09:00etarako. «Mareak jaitsi egin beharko du pixka bat, bestela lekurik gabe geratuko gara», oihukatu du haietako batek.

Baltsak muntatzeko, ordu eta erdiko hiru txanda antolatu dituzte piratek. Lehena, 09:30ean. Muntaketa lanei ekin aurretik, piratek ikuskatze batzuk egin dituzte, baltsen materiala ez dela arriskutsua frogatzeko —tamaina eta klase guztietakoak daude—. Azterketa hori igaro ostean, parte hartzaile bakoitzari dagokion zenbakia jarri diote besoan, eta Flamenkara joan dira, hantxe muntatu baitu talde bakoitzak bere baltsa. Muntaketa amaitzean, antolatzaileek beste begiratu bat eman diete baltsei, «iltzeak edo antzekoak ezin baitira sartu». Hala azaldu du June Iartza antolatzaileak.

Udane Garate eta Irune Tolosa izan dira Flamenkara iritsi diren lehen bi piratak, 09:15ean. Flotagailuz inguratuta bertaratu dira, eta taldekideen zain egon dira, eserita. Lehenengo abordatzea izan dute aurtengoa, eta azaldu dute «gogotsu eta pixka bat urduri» joan direla. Abordatzera Donostiakoa bertakoa ez den jendea ere animatzen da, Garate testigu; azpeitiarra da. Baltsak egiteko materialaren bila azken orduan ibili denik ere izan da. «Uste dut zerbait lortu dudala!», oihukatu du mutil batek, lagunengana korrika hurbiltzen ari zela. Lagunen erantzun itxaropentsua: «Lasai, zerbait egingo dugu eta».

Sardina Erreak taldeak ere lehenengo abordatzea izan du. Gogotsu joan dira Oier Diaz, Martin Vega eta Luken Munduate: «Saiatuko gara beste baltsaren bat aurreratzen, eta, ezin badugu, abordatu egingo dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.