Ikus-entzunezkoak

Jaume Roures Mediaprotik at geldituko da, akziodun nagusiak hala behartuta

Rouresek berak sortu zuen Mediapro, 1994an, Tatxo Benetekin eta Gerard Romy Belillosekin batera. Azkeneko urteetan, konpainiak botere handia izan du kirol eskubideen alorrean. Tatxo Benetek Mediapron jarraituko du, presidente eta kontseilari ordezkari gisa.

Jaume Roures ekoizle eta enpresaria. QUIQUE GARCIA / EFE
urtzi urkizu
2023ko urriaren 27a
13:15
Entzun

Sortu zuen enpresa utzi egin behar izan du Jaume Rouresek (Bartzelona, 1950), 73 urterekin. 1984an, katalanezko TV3 katearen sorreran parte hartu zuen, eta han lan egin zuen urte batzuetan. 1994. urtean, berriz, Mediapro konpainia sortu zuen, Bartzelonan, Tatxo Benet eta Gerard Romy Belillos bazkideekin batera. Europako ekoiztetxe garrantzitsuenetakoa bilakatu da Mediapro, eta, orain, Roures enpresa uztera behartu dute enpresako bazkide nagusiek: Txinako Orient Hontai funtsekoek. Haiena da Mediaproren kapitalaren %80. Benetek Mediapron jarraituko du, presidente eta kontseilari ordezkari.

2005ean, Mediaprok La Sexta kate pribatuaren sorreran esku hartu zuen. Público egunkariaren sorreran ere parte hartu zuen Rouresek; 2012an, egunkariak paperean argitaratzeari utzi zion, bi erregulazio txostenen bidez langile guztiak kaleratu ostean.

Mediapro azkeneko bi hamarkadetan eragile garrantzitsua izan da kirol eskubideen alorrean. Tartean izan dira futboleko telebista eskubideen gaineko hainbat auzi. Rouresek sortutako konpainiak 7.000 langile ditu, eta herrialde ugaritan ekoizten ditu filmak, dokumentalak eta telesailak. Mediaprok Roures gabe egingo du bidea aurrerantzean, ordea —konpainian dituen akzioen %5ekin zer gertatuko den ez dute argitu, baina saldu egingo dituela espero da—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.