Fotokazetaria

Ibn Gorriti: «Jatorrizko Maroko hura oraindik existitzen dela erakutsi nahi nuen»

Kazetaria, argazkilaria, idazlea eta musikaria da Gorriti. 'Essaouira-Haize uria' erakusketa jarri du Zarautzen. Azken hogei urteotan Marokora egindako bidaiek utzi dioten lorratza kontatu du iruditan.

IBAN GORRITI
Iban Gorriti, Zarauzko Photomuseumen jarrita daukan erakusketan. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko otsailaren 10a
05:00
Entzun

Artista polifazetikoa da Ibn Gorriti (Durango, Bizkaia, 1970). Ez da erraza haren lan guztia begipean hartzea, baina Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseumen jarritakoa bada lagin eder bat: Essaouira-Haize uria. Haren furgoneta zaharrak Marokora egindako bidaien lorratza, argazkiz jasoa. Otsailaren 18ra arte dago zabalik.

Zergatik Ibn, eta ez Iban?

Marokora nire lehen bidaia egin nuenean, esaten zidaten ez zutela nire izena izen gisa ulertzen. Esplikatu zidaten han Ibn dela -ren semea. Eta ikusten zutenez nire izena Iban zela, haiek interpretatzen zuten -ren semea nintzela, baina izena falta zitzaidala. Orain hori badakidanez, eta gure aita duela bost urte zendu zenez, Gorritiren semea naizela adierazteko, erabaki nuen Ibn izena hartzea, omenaldi gisa.

Marokoz maitemindu zara, baina hasieran ez zizun atentzioa ematen.

Batere ez. Durangoko mendi elkartekoekin joan nintzen hara, Toubkal mendia igo nuen, eta Marokoren zale amorratu bat bihurtu nintzen. Nahiz eta garbi utzi nahi dudan saharar herriaren erabat aldekoa naizela. Bereizten ditut Marokoko herritarrak eta haien gobernuaren ekintzak.

Zer-nolako hiria da Essaouira?

Marokoko Atlantikoko perla da. Maitasunaren eta giro onaren hiria. Marokoko hiri irekia.

Eta hitz joko bat egiteko bidea eman dizuna?

Essaouira izenak berez ondo eraikitakoa esan nahi du, baina haizearen hiria ere deitzen diote. Surf asko egiten da han, alisio haizeak jotzen baitu hondartzan. Fonetikoki Bizkaieraz egindako jokoa da: Essaouria haizearen uria da. Essaouria munduan gehien gustatzen zaidan hiria da, eta horregatik eman nahi nion garrantzia.

Durangon haserretuko zaizkizu…

Durango ere izan zitekeen munduko ederrena, horren kutsatuta ez balego.

Sidi Kauoki hondartzaren argazkiak badu zerbait berezia.

Etxebizitza hori han dago oraindik ere. Badauka halako puntu fantasmagoriko bat. Ematen du asmatutako eraikin bat dela, baina ez da hala. Argazki hori da erakusketaren abiapuntua eta oinarria. Hortik hasitakoa da erakusketaren diskurtsoa, estetikari eta beste guztiari dagokionez. Zakur basatu talde bat agertzen da, eta surflari bat. Zerbait berezia dauka.

IBAN GORRITI
Sidi Kaouki hondartzako argazkia da erakusketaren abiapuntua. IBAN GORRITI
Zer nahi duzu transmititu?

Ametsak. Argazkiek harrapatu gaitzatela eta eraman gaitzatela toki horietara. Erakusketak zenbait zati ditu: formatu handiko argazkia horiek bai, baina Euskal Herriaren eta Amazig herriaren arteko zubiari buruzkoak ere bai. Argazkilaritza klasikotik abiatzen dira, eta testura berezia eman diet guztiei. Argazki atenporalak dira: izan daitezke duela berrehun urtekoak edo oraingoak.

Mihiseak dirudite.

Argazki piktorikoak dira. Jendeak uste du koadroak direla. Galdetu didate ea filtrorik edo adimen artifizialik erabili ote dudan ere. Ez, ez dago inolako filtrorik, eta are gutxiago adimen artifizialik. Gogora ekarri nahi izan ditut nolabait J. M. W. Turner paisajistaren lanak. Atmosfera berezi bat sortu, eta unibertso propio bat. Ekarpenen bat egin nahi nuen, eta nik han bizitzen dudana transmititu. Jendea sartu dadila koadroan.

Asko bidaiatutakoa zara. Diozu bidaiatzeak gure identitatea eraikitzen duela.

Identitate konplexuak dauzkagu, eta horietako bat bidaiariarena da. Gure urratsek uzten duten lorratz hori oso inportantea da guretzat eta gure ondorengoentzat. Akordatzen naiz behin abesti bat idatzi niola Silke aktoreari. Bideoan Sidi Kauoki hondartzan agertzen naiz, eta zera esaten dut: «Mundua txikia da gure zangoentzat». Beti eduki izan dut gustu abenturazale hori, eta argazki hauek badute aurreneko bidaiari haien izpiritua. Afrikara joan ziren aurreneko bidaiari haiena. Hori guztia batzea izan da helburua: jatorrizko Maroko hura oraindik existitzen dela erakutsi nahi nuen.

36ko gerrari buruzko hirugarren liburua bidean da?

Ari naiz, bai. Zikloa itxi nahi nuke. El bombardeo contra Durango izan zen lehenengoa, 31 vidas antifascistas vascas izan zen bigarrena, eta 31 mujeres: altavoz para las invisibilizadas de la Guerra Civil izango da hirugarrena. Urgentea iruditzen zitzaidan liburua egitea. Aurreneko biak egin ostean beti ikusten nuelako emakumeak baztertuta geratzen zirela. Hasten garelako haiei buruz idazten eta beti idazten dugulako -ren alaba edo -ren emaztea. Beti jartzen diogu gizonezko bat alboan. Eta neure buruari jarri diodan erronka izan da idaztea emakumeari lehentasuna emanda, orain artekoa desikastea. Amama sartuko dut liburuan: CNTko militante izandakoa. Garbi edukita gerra hartan emakumeek gizonezkoen bikoitza sufritu zutela.

LOTSABAKO

Paisaia bat? Pirinioak.

Argazkilari bat? Juan Jesus Huelva.

Pelikula bat? Into the wild, Sean Peann zuzendariarena.

Idazle bat? Fernando Leon de Aranoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.