Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Jatorrira itzuliz

2024ko ekainaren 7a
05:00
Entzun

Bierzo eskualdea, galizieraz O Bierzo, Espainiako Gaztela eta Leon autonomia erkidegoaren ipar-mendebaldean dago, Leongo probintzian, hain zuzen ere. Galiziarekin lotuta dago modu naturalean eta hainbat ekaitz jasotzen ditu handik iritsitakoak. Askotariko altuera eta orientazioak daude Bierzon eta lurzoruak ere askotarikoak dira; ibarrean buztina da nagusi, eta mendietan, aldiz, arbelak.

Klimari erreparatuz, mediterraneo leuna dela esan daiteke. Mahastiei dagokienez, batezbesteko adina altua da, eta, mencia mahatsak erakusten duen nortasunari esker, nortasun handiko ardoak egitea ahalbidetzen du.

Ardo kontuetan Espainiako gaur egungo eskualderik interesgarriena dela esan daiteke, inolako zalantzarik gabe. Raul Perez, Alvaro Palacios edo haren iloba Ricardo Perezen gisakoek, mahastizain eta ardogile handiek, Bierzon egin duten lan bikainak ere izugarrizko indarra eta bultzada eman dizkio eskualdeari.

Baina Bierzon lanean ari direnen artean askotariko eragileak daude «tamainari» dagokionez, eta esan dezakegu eskualde hori izugarrizko erakusleiho bilakatu dela, batez ere ekoizle gazteek bultzatutako proiektu txikientzat, eta baita bertako aspaldiko mahastizainentzat ere.

Jose Antonio Garcia, adibidez, Casteldefellsen (Herrialde Katalanak) zuen jatetxe arrakastatsua utzi, eta mahastizain izateko gurasoen jatorrizko lurraldera joan zen, Bierzora, alegia.

Familiak hiru hektareatan zituen mahastiak eta hortik abiatu zuen proiektua, bizimodu berria. Bierzora iritsi zenean, Julia Peña ezagutu eta harekin hasi zuen bizitza eta negozio berria. Mahastietako lanak egiteko hiru pertsona dituzte, baina upategiko lanak bien artean egiten dituzte, beste inoren laguntzarik gabe. Bierzora iritsi zenean zituen hiru hektareei beste hamalau gehitu dizkiete Jose Antoniok eta Juliak. Guztira, 165 partzela lantzen dituzte, batzuk Bierzoko paraje oso ezagunetan: Valtuille de Abajoko El Rapolaon, Villegasen, La Raposan, Fantouliñan edo Corullongo San Martinen. Partzela bakoitzeko mahatsak bakoitza bere aldetik ardoztatzen ditu, plastikozko tinetan, La Raposa izan ezik; azken hori fudreetan ardoztatzen dute, eta gero egiten dituzte nahasketak.

Orain arte, paraje ardo bat baino ez dute merkaturatu, Fantouliña, 2019 eta 2021 urtaldietakoa, baina laster 2022ko Corullongo San Martin eta Fontelas ardoak ere izango dira merkatuan.

Mahastiak ekologiko bilakatzeko prozesuan ari dira eta berreskuratze lanak ere garrantzitsuak dira.

Egun, 70.000 botila ekoizten dituzte, «kopuru egokia», Juliak esaten duen moduan. «100.000 botila eginez gero, mahastizain izatetik zeure buruaren komertzial izatera igarotzen zara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.