Orioko Zaragueta herri eskolako zuzendaria eta irakaslea

Ainhoa Zumeta Mendizabal: «Jatorri askotako ikasleak ditugu eskolan, baina denok gara oriotarrak»

Orioko azken balea abiapuntu gisa harturik, Balearen bidea proiektua sortu dute Zaragueta herri eskolako ikasleek. Zortzi gunez osaturiko ibilbide bat da, Orio guztia zeharkatzen duena.

Ainhoa Zumeta, Balearen bidearen panel baten aurrean, atzo, Orion. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Zumeta, Balearen bideko panel baten aurrean, atzo, Orion. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Orio
2024ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun

«Mila bederatziehun ta lehenengo urtian, maiatzaren hamalaugarren egunian, Orioko herriko barraren aurrian, balia agertu zan beatzik aldian», idatzi zuen Orbegozo apaizak; ondoren, Benito Lertxundik musikatu zituen bertso horiek. Gaur 123 urte dira Orion (Gipuzkoa) Bizkaiko golkoko azken balea harrapatu zutela, eta, horren harira, Balearen bidea aurkeztuko dute herrian bertan. Juan Zaragueta herri eskolaren ekimenez egina da proiektua. Ikastetxe horretan zuzendari eta irakasle ari da Ainhoa Zumeta Mendizabal (Orio, 1979).

Balearen bidea. Nondik nora sortutakoa da ideia?

Duela hamabi urte Orioko herritar talde batek herriko curriculuma lantzeko eskaria egin zuen. Euskal curriculumaren ondoren, herriz herriko lanketak egiteko garaia zen hura, eta hemen eskatu zuten Orion ikasten ari ziren 2 eta 16 urte bitarteko gazteek beren herriari buruzko informazioa jaso zezatela bigarren hezkuntzan.

Nola jorratu duzue ideia hori urteotan?

Lanketa asko egin ditugu horren inguruan. Duela bi urte mahai jolas bat egin genuen, adibidez. Antzara jokoaren antzekoa da, eta balea du ikur nagusi. Orion barrenako ibilbide bat egiten du jokoak, Ortzaika auzotik hondartzaraino. Herriko hainbat pertsonaia eta leku ezagun agertzen dira hartan. Funtsean, herriari buruzko informazioz beteriko jolas bat da.

Joko hori izan da Balearen bidearen abiapuntua?

Hori da. Mahai jokoari buelta bat eman genion, eta horrela jarri dugu martxan Balearen bidea. Azken urteetan, Euskal Herriko ikastetxe askotako ikasle eta irakasleak ikusi ditugu gure herrian barrena txangoak egiten. Baina guri iruditzen zitzaigun txango horietatik gure herriari buruzko informazio askorik gabe itzultzen zirela etxera. Horregatik, gure ikasleekin batera, zerbait eskaini nahi genuen, gure herria ezagutarazteko zerbait.

Zer aurkituko du ibilbidea ezagutzera bertaratzen denak?

Bidea zortzi gunez osatuta dago. Ortzaika auzoan hasten da, eta hondartzako barran bukatu. Gune bakoitzean panel bat dago, dagokion azalpenarekin. Panelean bi QR kode daude. Batek eskolako web orrira bideratuko zaitu; hartan, audio formatuan aurki daitezke azalpenak, gure ikasleek grabatuta. Beste QR kodea ibilbide osoa Wikiloc aplikazioan ikusteko da. Horrez gain, lurrean hainbat ikur jarri ditugu ikasleekin batera, bidea erraz egiteko. Irisgarritasun aldetik, gurpil aulkientzat ere egokia da.

Bereizgarri handi bat du Balearen bideak: proiektua hamahiru hizkuntzatan osatuta dago.

Hala da, bai. Gure eskolan jatorri askotako jendea izan dugu betidanik. Urrutitik Oriora etorritako hainbat familia ditugu, eta haiei ere plazaratu genien gure proiektua, laguntza eske. Familiek baiezkoa eman ziguten, eta bakoitzak bere aletxoa jarri du. Euskara, gaztelania, galiziera, katalana, errusiera, ukrainera, wolofera, frantsesa, errumaniera, ingelesa, portugesa, urdua eta arabiera daude ibilbidean.

Nola egin dituzue itzulpenak?

Familien lana izan da hori. Familia askok beren hizkuntzara itzuli dute guk emandako informazioa, eta, ondoren, audioak grabatu ditugu. Audio gehienak haurrek grabatutakoak dira, baina baten bat gurasoek egindakoa da. 

Balearen hilketa nabarmentzen da ibilbidean. Nola landu duzue hilketaren kontzeptua haurrekin?

Uste dut gaur egun beste ikuspuntu batetik lantzen dela azken balearen istorioa. Balearen eta itsasoaren zaintza jorratu dugu Balearen bidean. Azken gunean, adibidez, Orioko barran hildako arrantzaleen oroimenez jarritako plakaren ondoan dago gure panela, eta heriotzaren bi aldeak aipatzen dira. Heriotzarekin tabu handia dugu gizartean, baina haurrekin askoz errazagoa izaten da animaliak eta landareak aipatuz kontzeptu hori bera lantzea.

Uste duzu betetzen ari zaretela 2012an Orioko herritar talde horrek egin zuen eskaria?

Baietz uste dut. Oso garrantzitsua da Orion hazi direnak oriotar sentitzea, eta uste dut herriari buruz ikasi behar dutela horretarako. Jatorri askotako ikasleak ditugu eskolan, baina denok gara oriotarrak. Herrikoa sentitzen ez den horrek ez du herriari lotutako sentimendurik transmitituko heldua denean, eta, nire ustez, sustraiak oso garrantzitsuak dira.

Soilik haurrek ikasteko sortu duzue Balearen bidea?

Ez. Helduek ere asko dugu ikasteko gure herriari buruz.

LOTSABAKO

Orioko txokoren bat? Itsaspe bideko talaia.Eta Euskal Herrikoa? Orhi mendia.

Balearen bidea egitean gehien harritu zaituen hizkuntza? Harritu baino gehiago, urduak hunkitu egin nau.

Film bat? Kareletik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.