Orain dela gutxi Japoniari buruzko berri sinesgaitz bat irakurri nuen: hango osasun sistemak derrigorrez behartzen ditu biztanleak pisua galtzeko programetan sartzera, osasuntsua dena baino kilo gehiago izanez gero. Gaur egun, munduko herri aurreratuenetan elikaduraren inguruko gaixotasunak ugaritu egin dira, baina baita gehiegizko informazioa eta informazio toxikoa ere. Japoniako arau horiek, agian, gure kulturan gomendio moduan geratuko dira. Gure artean ere gizentasun morbidoa, anorexia, bulimia, betekada konpultsiboak, gorputza lantzeko ariketak eta modak, kirolak eta kirurgiak erabiltzen dira; batzuetan, gorputza zaintzeko eta lantzeko, eta, neurria galtzen dugunean, oreka apurtzeko eta gaixotzeko.
Psikologoek, kontsultako lanean, elikadura aztertzen dugu, ez bakarrik gaixotasun horietan, baizik eta kasu guztietan. Zer, noiz, nola jaten duen pertsona batek, haren bizimoduaren ikuspuntu bat aurkezten digu. Zer eta nola gosaltzen duzu? Zutunik edo jesarrita? Frutarik hartzen al duzu? Astero? Bakarrik ala familian bazkaltzen edo afaltzen duzu? Telebista piztuta egoten da horrelakoetan? Sukaldean aritzen zara? Nor aritzen da? Horrela, ohiturak aztertzen ditugu, baita bizimodua ere. Elikaduraren gaineko inkestari esker, norbaitek bere gorputza eta osotasuna nola zaintzen duen ikusiko dugu; eta sarritan, pisu gorakadak eta beherakadak, jakien aldaketak,kontsulta psikologikoen daten inguruan ugariak izaten dira.
Denontzat, sarritan konturatzen ez bagara ere, gure eguneroko bizitzan guztiz lotuta daude elikadura eta emozioak. Urduri gaudenean, jateko gogo handiagoa izaten dugu. Zergatik? Asetzea gaitza suertatzen da horrelakoetan, eta, batez ere, karbono hidrato ugariko jatekoak bilatzen ditugu: ogia, gailetak, txokolatea. Urduritasun hori sakonagoa bada eta angustia bilakatzen bada, jangartxu gaude, goragalea eta urdaila itxita sentitzen dugu.
Joera horien ondorioz, asko gizendu eta loditu egiten dira arazoen aurrean; beste batzuek, alderantziz, pisua galtzen dute arazoen aurrean.
Aspertuta egoten garenean, mokaduak jaten ditugu, emozio negatiboen nahastea izaten dugu horrelako jateko moduetan: aspertuta, kezka, lasaitasun falta… eta jatekoak lasaitasuna ematen digu. Egunez eta, batzuetan, gauez ere ager daiteke horretarako joera.
Triste gaudenean, sarritan, jateko goxoak nahi izaten ditugu. Ugaztunak garen neurrian, txiki-txikitatik ikasten dugu bateradoazela elikadura eta amaren babesa, maitasuna eta lasaitasuna. Eta burmuineko jakintza horrek bizitza guztian jarraitzen du, automatikoki, gugan.
Osasuna. Aro berriak. Psikologia
Jatekoak: ohiturak, emozioak eta psikologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu