ATZEKOZ AURRERA

Jatekoa saldu da, abereak ez

Santa Luzia egunean ehunka postu jarri dituzte Zumarragan eta Urretxun. Abereen salmenta eskasa izan da; ardo, talo, gozo eta beste produktu batzuena, aldiz, txukuna.

Zaldi ugari eraman zituzten abeltzainek atzo Santa Luzia azokara. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Zumarraga-Urretxu
2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ez da hain azoka handirik, bi herri batetik bestera hartzen dituenik». Zumarragako kazetari beterano batek esana. Handitasunaren adibide postuen kopurua: 510. Ofizialki, 323 Zumarragan eta 187 Urretxun (Gipuzkoa). Asteburua, eta goizean ateri. Euskal Herri osotik iritsitako bisitariak zebiltzan kalean gora eta behera. Santa Luzia, egunak sanjoanak arte luzatuko direla dio esanak. Eguna motz orain, negua ate-joka.

Abere postuetan ikusmina bai, baina salmentarik apenas. Mutrikutik (Gipuzkoa) pottokak eraman zituen Andoni Mugerzak: «Ez dago, ez, saltzeko modurik. Hamar urte dira etortzen garela. Hona ekartzeko, gastu handia dugu pottokei txipa jartzen. Garraioak kostu bat dakar, eta bueltan ez dator ezer. Asuntoa gaizki dago». Antzeko egoeran da Xabier Balda, Beratik (Nafarroa) behorrak eraman zituena: «Jendea ikustera badator, baina erosleak gutxi. Beste urte batzuetan saldu izan dugu baten bat, baina aurten bat ere ez».

Euskal Herri kanpotik iritsitako saltzaileak ere baziren Urdaneta hiribidean. Burgosko Villamayor herrikoa (Espainia) da Victoriano Tapia, eta asto ederra eraman zuen. Astoaz galdezka zituen bisitari ugari. «Astoaren tamaina ez dago batere gaizki; metro eta erdi bada. Erabilera desberdinak ditu, gainera». Bospasei urtez etorria da azokara. «Saltzeko ideiarekin etortzen bazara, sal dezakezu, baina bestela ez. Agian astoa salduko dugu, inguruan ez baita horrelakorik».

Bisitariei atentzioa ematen zien, halaber, Asturiasko Llanes herritik (Espainia) eramandako zaldi batek. Arraza: lusitaniarra, odol garbi ingelesarekin nahasia. «Lehendakaria etorriko balitz, ez liokete hainbeste argazki aterako. Saltzeko asmoarekin ekarri dugu, baina jada ez da inongo azokatan saltzen», esan zuen Juan Jose Balmoarik. Modelo bat zirudien zaldiak, kamera guztien objektu.

Urdanetatik gertu, La Salle ikastetxeko patioan, nekazaritzako tresnen feria jarri zuten, ohiko moduan. Neska-mutiko batzuk traktoreetara igota, eta gurasoak argazkiak ateratzen.

Argazki eta argazki artean, mokadu bat egiteko modua bazen Zumarragan eta Urretxun. Eskuetan bi talorekin zen Beasaingo (Gipuzkoa) Tere Mujika: «Urtero etortzen gara. Giro oso ona dago. Ikustea gustatzen zaigu, eta euskal pastela ere erosten dugu». Hain zuzen ere, handik gertu euskal pastelak saltzen ari zen Urduñako (Bizkaia) Arantxa Sumeabe: «Euskal pastelaren Euskal Herriko txapelketa irabazi dugu Berangon. Badira urte batzuk etortzen garela, eta esan dezakegu oso ondo saltzen dugula. Jendeak ezagutzen gaitu».

Salmentekin gustura zegoen beste saltzaile bat Baionako Maria Alfonso zen. Askotariko gaztak zituen postuan. «Azoka askotan ibiltzen gara, eta Zumarragan dezente saltzen dugu. Jendea oso jatorra da, gainera. Lapurdin baino gehiago saltzen dugu hemen».

Gaztari laguntzeko ardoa baino hoberik zaila. Urretxuko Iparragirre plazan bazen modua ardo ona dastatzeko. Lapuebla de Labarcako ardoa (Araba) Lorea Garridorena: «Gure bezeroak dauzkagu, eta saltzen dugu. Urte batzuk eskasagoak izan genituen, baina iaztik hobekuntza bat nabaritu dugu». Biasteriko (Araba) Norberto Miguelek uste du erronka Euskal Herriko ardoak Euskal Herrian saltzea dela: «Euskal herritar askok Errioxako ardoa dute buruan, baina Arabar Errioxakoa sustatu behar da. Horregatik, azoka hauek ondo daude».

Santa Luzia egunak askorako eman zuen. Arratsaldean pilota partidak eta kontzertuak izan ziren. Jaioterria aspaldi utzi ostean atzoko egunez azokara joaten direnak ere, pozik. Martin Sasieta urretxuarra bezala: «Giroa aparta da. Adin guztietako bisitarientzako giro ederra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.