Oinarrian dagoen hori erakutsi eta irakastea. Nonbaitera joan aurretik nondik datorren jakitea. Berria, berritzailea eta abangoardia dena aldarrikatzea, baina betikoa ez ahaztea. Horixe da funtsean Ja(ki)tea elkartearen mezua. 2009tik ari dira horretan: euskal gastronomiaren errezeta liburu tradizionala berreskuratzen, tokian tokiko produktuak eta ekoizleak ezagutaraziz.
Xabier Zabaleta sustatzaileak deituta, honakoak bildu ziren 2009ko bilera hartan: Mikel Corcuera Noticias de Gipuzkoa egunkariko kazetari gastronomikoa, Peio Garcia Amiano El Diario Vasco egunkariko kazetari gastronomikoa, Edorta Agirre BERRIA egunkarikoa; eta Josema Azpeitia Ondojan.com webgunekoa. Han finkatu zituzten oinarriak: sukaldaritza tradizionala sustatu eta ezagutaraziko zuen elkarte bat sortzea. «Gure produktuei helduta goaz bidean aurrera. Lehen sektorearekin besoz beso dihardugu sukaldaritzan. Era berean, tokian tokiko ekoizleekin elkarlanean eta elkarlaguntzan jarduten ahaleginduko gara, galtzailerik izango ez duen ekonomia zirkular baten mesedetan, egiazko zapore tradizionala babesteko», nabarmentzen dute euren oinarrietan.
Egin dute bidea geroztik. Sektoreko profesionalak hezteko ikastaroak, parrilla eta burruntzi txapelketak, eta hainbat erakunderekin elkarlana. Baita Basque Culinary Centerrek eta Hazi elkarteak bultzatutako Mantala proiektuarekin ere. Hori dela kausa, BCCren Donostiako egoitzan eman zuten joan den astelehenean beste afari berezi bat.
«Euskal gastronomiak hainbat eragile eta geruza dauzka: tradizionala, herrikoia, goi mailako sukaldaritza, izarduna... baina horren guztiaren oinarrian dagoena gure betiko sukaldea da, gure produktuak eta gure betiko errezetak. Goraipatu nahi nuke Ja(ki)teak egiten duen lana, eta sortzen duen komunitatea», azaldu zuen Joxe Mari Aizega BCCko zuzendari nagusiak.
Giro paregabean egin zuten afaria jangela nagusian. Bost platerez osatua: zainzuriak bizkaitar saltsan egindako bakailao tripakien ohe gainean (Cristian Gonzalezena; Bai Bidean jatetxekoa), udaberriko zizen nahaskia (Asier Landarena; Landa jatetxekoa), malko ilarrak arrautza ekologiko gorringoarekin eta Basatxerri urdaiazpikoarekin (Iker Urangarena; Zirta jatetxekoa), legatza Donostiako erara (Jon Cousorena eta Xabi Izagirrerena; Arraunlari Berri jatetxekoak), eta gazta tarta sagarrekin eta intxaurrekin (Rafa Gorrotxategirena). Sukaldari horiek guztiak ez ziren bakarrik aritu. Elkarteko gainontzeko bazkideen laguntza izan zuten. Izan ere, ia berrogei jatetxek osatzen dute Ja(ki)tea. «Gure betiko sukaldaritza da mahai gainean jartzen duguna. Eta garrantzitsuena: guk amaiera ematen diogula beste batzuek hasitako lanari. Gure ekoizleek hasitako lan horri. Haiek gabe, guk ez genuke izango halako sukaldaritzarik», azaldu du Xabier Zabaletak, elkartearen zuzendari eta Aratz jatetxeko sukaldariak.