Ia bizitza erdia darama Juan Luis Cañasek (Villabuena, 1955) upel artean; hain zuzen ere, 33 urterekin hasi zen Luis Cañas upategian lanean; 2012an, Wine Advocate aldizkari ezagunak 100etik 92 puntu eman dizkio 2009ko Luis Cañas ardoari, eta, hala, kalitate-prezio harreman onenaren saria eman dio. Aurten, etxe bereko beste lau ardok ere 90 puntu baino gehiago jaso dituzte.
Upategi familiarra da Luis Cañas. Aitaren ondoan «izugarri» ikasi zuen, baina, enologia ikastaro batean prestakuntzak duen garrantziaz ohartu zen Cañas. Ordutik, etengabeko hobekuntza izan du enpresak helburu. «Pozik gaude izendapena dela eta; bide egokian gaudela eta jarraitu behar dugula erakusten du».
Zein garrantzi du izendapenak?
Robert Parker ardoaren gurua da aldizkariko zuzendaria; zerbait esaten duenean, jendeak kasu egiten dio. Ez dut ulertzen zergatik den, baina hori horrela da. Espainian ez da oso ezaguna, beharbada, baina nazioartean duen sinesgarritasuna ikaragarria da. Aldizkaria 37 herrialdetan banatzen da; herri horietan 90 puntuko ardo bat izatea garrantzitsua da; pentsa 95 puntuko ardo bat edukitzea zer den, eta guk bi ditugu!
Saritua 92 puntuko ardo ondu bat izan da. Berezia da hori; ondu batek 92 puntu erdiesteko, eginiko lana asko balioetsi dutelako izan behar du. Prezio apala eta 90 puntu baino gehiago dituzten ardoak dastatzen dituzte lehenbizi; mundu osoko ardoak probatzen dituzte horretarako: Frantziakoak, Italiakoak, Txilekoak, besteak beste, eta horietatik, gurea aukeratu dute prezio eta kalitate harreman onena duelakoan. Bizitza honetan, bidezkoa izatea omen da zailena, eta, antza, ardo honekin oso zuzenak izan gara. Landatik hasi eta botilara iritsi arte, ardoaren prozesu guztietan ezarri dugun kalitate sistema batekin gabiltza 2001az geroztik lanean; goi mailako ardoekin lehenbizi, eta gutxika, sistema hori maila apalagoko ardoetara egokitzen ari gara. Hori egin dugu 2009ko Luis Cañas ardoarekin, adibidez.
2012an, Luis Cañas upategiko bost ardok 90 puntuak pasatu dituzte...
Parkerrek Ameriketako Estatu Batuetan saltzen diren ardoak baino ez ditu hartzen aintzat; gure beste bi upategiek, Amaren eta Dominio de Cairrek ez dute parte hartu. LC ardo guztiek bederatzitik gorako nota ateratzeak zer edo zer esan nahi du, hau da, ardo onak egiten dituen lan sistema batekin gabiltzala.
Nolako ardoa da 2009ko Luis Cañas?
Guk filosofia bat dugu: gure ardoek fruta gustua izan behar dute. Ardoak jatorriaren zigilua izan behar du, eta hori fruta da. Ardo ondu honen %95 tempranilloa da, eta beste %5, garnatxa; trinkotasuna ere badu. Horrez gainera, oso ongi usaintzen du; fruta usainaz gainera, egur usaina ere badu: banilla gehienbat, eta agian tabako pixka bat ere bai. Oro har, oso ardo atsegina da, oso freskoa, eta gustura edaten da. Badaude ardo batzuk, kalitate handikoak izan arren, edan ezin direnak.
Eta zein da eroslearen profila?
Guztientzako moduko ardoa da; aditu zein ez adituentzat, eta haragiekin zein arrainekin edateko modukoa.
Nola ari da saltzen nazioartean?
Ondo. Egun, 30 herrialde baino gehiagotan saltzen dugu; gehienbat, Europan. Batez ere, Erresuma Batuan eta Alemanian saltzen dugu.
Zein asmo duzue etorkizunera begira?
Ikerkuntza. Prozesuen naturaltasuna bilatzen ari gara etengabe,ardoaren prozesu guztietan ahalik eta urradura gutxiena lortzea. Landan ikertzen ari gara orain, gehienbat, eta, gutxi barru, ardo berezi bat merkaturatzeko aukera izango dugulakoan nago; ardo berriren bat ere aterako dugu, baina, batez ere, ikertzen jarraituko dugu. Klima aldaketaren eragina ere aztertzen ari gara, egin kontu! Laugarren urtea dugu hiru metereologia estaziorekin lanean; simulazioetan lortu ditugun datuekin, hemendik 20-30 urtera gerta daitekeena esateko moduan gaude.
Zerk egiten du berezi Arabako Errioxako ardoa?
Ez dut esango ardo hobea edo txarragoa den, baina bai hemengoa ezberdina dela. Bi arrazoirengatik. Alde batetik, kokapenagatik. Babesten gaituen mendilerro bat dugu hemen, eta klima kontinentala, mediterraneokoa eta atlantikokoa ditugu. Ebro ibaiaren beste aldean baino azal gogorragoa dute hemengo mahatsek; mendema garaian du eragina honek, batez ere. Bestetik, bertako jendea; ardogintzarako bokazioa dugu hemen. Horrez gainera, erakundeek laguntza eskaini ohi digute, eta teknologikoki garatuak egoteak ere asko lagundu du; Frantziako lekurik aurreratuenetakoa besteko ona da gure teknologia.
Urteotan asko aldatu da ardogintza?
Bai, noski. Prestakuntza gabezia zegoen ni hasi nintzenean; aurreko belaunaldietatik ikasita, asko zekien jendeak, baina ez zegoen formaziorik; ez zegoen lekurik aldaketa edo hobekuntzentzat. Gurasoak seme-alabek ikasteaz arduratu dira, eta egun, ingeniariak, ekonomistak eta abar daude. Orain 25 urte, nork zekien ingelesa? Orain, askok hitz egiten dute. Hazteko ahalmen gero eta handiagoa dute enpresek. Lehen, hemen eta Espainian saltzen zen gehienbat; egoera zein den kontutan hartuta, garrantzitsua da kanpoan saltzea.
Upategietan azpiegitura handiak eraikitzeko joera egon zen orain urte batzuk. Mantenduko da?
Enoturismoa da etorkizuna;AEBetan, adibidez, ikaragarria da. Beharbada, azpiegitura erraldoiak ez dira beharrezkoak izango, baina enoturismoaren bidez, jende asko etorriko da, eta lanpostuak sortuko dira.
Juan Luis Cañas. Ardogilea
«Jaso ditugun bost izendapenek bide egokian goazela erakusten digute»
'Wine Advocate' aldizkari ospetsuak Luis Cañas upategiko ardo bat saritu du 2012an; prezio eta kalitate arteko harreman onena duen ardoa dela erabaki du Robert Parker adituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu