Jardunaldi bat ikus-entzunezkoetan euskarak zer toki duen aztertzeko

'Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek?' ekitaldia egingo dute Iruñean

Euskararen presentzia urria da streaming bidezko plataformetan. BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Streaming bidezko euskarri digitaletan euskarak izan beharko lukeen lekua izango dute hizpide eta eztabaidagai maiatzaren 4an. Iruñeko Kondestablearen jauregian jarri dute hitzordua Iruñeko Komunikabideak Fundazioak (IKF) eta Euskaltzaindiak. Jardunaldiari Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek? izena jarri diote.

IKFko kidea da Kike Diez de Ulzurrun, eta «ezinbesteko beharra» ikusten du gaia mahaigaineratzeko: «Behar handia dago euskaraz eragiteko pantailen arloan. Egun, hamaika modu dago horiek kontsumitzeko eta, gehienak, guztiak ez esateagatik, erdaraz dira nagusiki». Kezka larria agertu du halako plataformetan euskarak duen toki eskasari dagokionez. Haien helburua gaiari «bultzada» ematea dela aitortu du: «Badira zenbait mugimendu eta ekimen gaia jorratzen ari direnak. Gaia badago plazan, eta agintarien eta jendearen bultzada ezinbestekoa izango da egoera iraultzeko».

Gogoetarako «bultzada» izan asmo du maiatzaren 4rako antolatu duten egitarauak. Antolatzaileen sar-hitzaren ondotik, Espainiako Ikus-Entzunezkoen Lege Orokorraz arituko dira. Diaz de Ulzurrunen hitzetan, euskaratik abiatuta; profesional eta komunikabide zenbaitek osatuko dute mahai ingurua. Lehenbizi, Ibaiako abokatu Jon Artatxok azalpena emango du, legearen gakoak aztertuz. Horren ostean, Pantailak Euskaraz-eko Alex Aginagaldek eta Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak mahai ingurua egingo dute, Miren Mindegiaren gidaritzapean.

Adibide hurbilak

Herrialde Katalanetako egoeraz solastatuko dira Francisco Vargas ICECeko kidea eta Jaume Ripoll Filmin.cat plataformako ordezkaria. Diaz de Ulzurrunek zera uste du: «Katalan hizkuntzaren ikuspegia txertatua duen streaming plataforma baten adibidea lagungarria izango zaigu ohartzeko nolako ikus-entzunezko politika behar dugun Euskal Herrirako. Gerta liteke urrutiko intxaurrak hamalau iruditu eta hurbiltzean lau izatea, baina ezagutu nahi dugu haien adibidea».

Eguerdiko saioak itxiko du eguna, jardunaldiari izena ematen dion galderari erantzunez. Mahai inguru hori ere Miren Mindegiak gidatuko du. Hizlari arituko dira Maite Goñi (EITB), Xabier Alkiza (Bieuse), Gaizka Aranguren (Napar), Eki Pagoaga (Kanaldude) eta Iban Arantzabal (Tokikom).

Kulturaren transmisiorako «derrigorrezkoa» iruditzen zaio Diaz de Ulzurruni streaming plataformek euskara gehiago erabiltzea: «Ezin gara gai honekin atzean geratu. Ezinbestekoa da lehenbailehen aterabide bat ematea auziari».

Jardunaldian parte hartu nahi izanez gero, izena eman behar da. Maiatzaren 2ra arteko epea jarri dute horretarako. Internet bidez edo Euskaltzaindiak Nafarroan duen ordezkaritzara deituta eman daiteke izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.