Ekintzaileen kontutzat jotzen da, baina garapen teknologikoa sare handi baten beste hari bat baino ez da: Evgeni Morozov ikerlari eta idazlearen esanetan (Saligorsk, Bielorrusia, 1984), estuki lotuta dago finantzen kapitalismoarekin, baita oinarrizko zerbitzuen pribatizazioarekin ere. «Aspalditik, Uber eta Airbnb aurkezten dira lana ez dutenentzako konponbide bezala. Populismo demagogikoa da». Enpresa handiei aurre egiteko, politikatik eta ezkerretik garatutako agenda teknologiko bat proposatu zuen Morozovek joan den ostiralean, Bilboko Bolsa eraikinean eman zuen hitzaldian.
Esan izan duzu Internet hitza anbiguoa dela. Zergatik?
Egiaz Internet askotariko azpiegituren eta tresnen nahasketa bat delako, eta ezin dugulako deszifratu. Pentsatzen badugu energia nuklearrean, adibidez, aspektu finko batzuk daude, eta horietan oinarritzen dira politikak egiteko. Interneti dagokionez, ez dago oinarririk logika berarekin jarraitu behar izateko. Beraz, Internet kontzeptua oso kontserbadorea da, egin edo imajinatu dezakegunari muga asko ipintzen baitizkio. Aktibista digital batzuek, adibidez, esaten dute Internet gaur egun dagoen bezala mantendu behar dugula, baina nik uste dut ez dela politika inteligente bat: izan ere, komunitateen balio politikoek izan behar dute azpiegitura teknologikoen oinarria, eta ez nazioarteko kapitalismoaren ideologia eta egitura abstraktua. Kontzeptu hain global eta abstraktu bat erabiltzen badugu, zaila da tokiko erantzunak imajinatzea.
Garapenaren gakoa tokian-tokian dago?
Ez da gakoa, baina garrantzitsua da; ez da nahikoa, baina bai beharrezkoa. Eta ez bakarrik sareaz hitz egiten dugunean. Erantzun politiko askoren sorburua tokian-tokian dago. Eta estatua ere oso garrantzitsua da nazioarteko enpresen aurka borrokatzeko. Enpresa horiek sekulako boterea dute, eta, maila bereko aktorerik gabe, ezinezkoa litzateke haiek garaitzea.
Teknologia digitalaren garapenean, zer botere eta esku hartze izaten ari dira estatuak?
Teorian, estatuak dira aktorerik inportanteenak; kasu honetan, baliabideak eta zilegitasuna dutelako proiektu nazionalak eta politikoak inplementatzeko. Enpresa teknologikoek eta lobbyek harrapatuak dituzte estatu asko; beraz, ez dira gai modu autonomo eta independente batean jarduteko. Baina estatuek neurriak hartzeko legitimitate demokratikoa eta azpiegitura fiskalak dituzte. Orain egiten ari direna oso oinarrizkoa da: sektore digitalarentzako arauak sortzen dituzte, aurreikusita zerbitzuak delegatu eta pribatizatuko dituztela. Niretzat, hori ez da onargarria: birpentsatu behar da entitate pribatuen eta publikoen erantzukizunaren banaketa. Bistan da mundu digitaleko gauza asko berreskuratu ditzakegula.
Nola?
Adibidez, Googleren bilaketa zerbitzua ez da egokiena publikotasunaren ikuspuntutik; sortu dezakegu aurkibide global bat orri guztiekin, eta ondoren utzi Googleri eta beste enpresa batzuei aurkibide hori erabiltzen, ondo araututa, eta galarazita ezagutza hori baliabide pribatu bat bezala erabil dezaten. Orain, Googlek du datu horien gaineko jabetza intelektuala, haiek baino ez baitira gai sare osoa aztertzeko. Uste dut instituzioek azpiegitura publikoak sortu eta berreskuratu beharko lituzketela, enpresa pribatuetan delegatu beharrean. Badago gure jarduera digitala antolatzeko beste modu bat, enpresak ezabatu gabe, baina gure bizitzetan duten presentzia mugatuz, eta handitzen, aldi berean, instituzio publiko eta sozialek duten presentzia: ez dute aberasteko helbururik, eta badute erantzukizun publikoa.
Teknologiaren garapen paralelo bat, nolabait?
Noski; baina garrantzitsua da ulertzea zergatik behar dugun hori. Jende asko asebeteta dago Googleren eta Facebooken zerbitzuekin. Mundu digitalaren mistifikazio bat dago, ez baitugu lotzen esparru ekonomikoarekin, geopolitikoarekin... Uste dugu prozesu digitalak independenteak eta autonomoak direla, baina esanguratsuak dira lan mundua, politika eta abar pentsatzean. Enpresa digitalak soilik zerbitzu gisa aurkezten baditugu, eta ez enpresa gisa, oso gaitza izango da jendea konbentzitzea proiektu alternatibo bat behar dugula.
Norvegiaren kasua aipatu duzu inoiz: «Kapitalismo digitala ari da ongizatearen estatu sozialista finantzatzen». Garapen digitalaren laguntzarekin, enpresak estatuaren egitekoak bereganatzen ari dira?
Bai, noski. ChatGPT bezalako teknologiek lagun gaitzakete lan askotan, prozesu produktiboetan, hezkuntzan... Esangura dute solidaritatearen eta gizarte kolaborazioaren ikuspuntutik, laguntzen dutelako arazo sozialak eta indibidualak konpontzen, baina arazook esfera politikoan kanalizatu gabe. Lehen, arazo politikoak esfera politikoan konpondu ohi ziren; orain, merkatuaren bidez konpontzen dira, baina ez dugu hala hautematen, hitz egiten baitugu aplikazioez, softwareaz, zerbitzu digitalez... Kasu askotan, zerbitzu sozialen digitalizazioak haien pribatizazioa dakar; enpresa digitalak esplotatzen ari dira konponbide sozial eta politikoen gabezia. Botere publikoa enpresa digitaletan delegatzen ari da, eta 2008ko finantza krisiarekin azeleratu egin zen prozesua.
Digitalizazioa arazo demokratiko bat da?
Bai, baina, nire ustez, ez da berez arazo bat, arazo politiko bat baizik. Prozesu digitalak alternatibak ditu, baina beharrezkoa dute atentzio politikoa, inbertsioak, kanpainak... Gaia ez badugu politikoki hausnartzen, ez dugu inoiz ulertuko zer aukera ematen duten elementu digitalek lehentasun sozial eta solidarioei heltzeko. Nire ustez, erantzun egokia ez da mundu teknologikoa baztertzea, baizik eta berreskuratzea azpiegituren alderik emantzipatzaileenak, horiek gehiago garatzea, eta egon daitezela azpiegiturok aprobetxatu ditzaketen instituzio sozialak. Ongizate estatuak, adibidez, merkatua onartu zuen, baina moduak bilatu zituen haren eragin negatiboak murrizteko.
Konponbidea ezkerretik sortutako agenda teknologiko bat izango litzateke?
Bai. Baina lehen urratsa da ulertzea zergatik ezkerra ez den gai imajinatzeko modurik teknologia helburu emantzipatzaileetarako erabiltzeko. Ezkerrak gaiaz dioen bakarra da babestu behar dela adierazpen askatasuna, pribatutasuna, enpresentzako erregulazioak sortu behar direla... Agenda oso defentsiboa da. Teknologia ere bada modu bat bizimodu alternatiboak esperimentatzeko, gizarte berrikuntzarako, jarduera heterogeneoetarako. Iruditzen zaigu teknologiak balio duela soilik oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko, eta hori muga bat da, teknologiak sormen potentzial oso indartsua baitu, eta eguneroko bizitzarako behar baitugu.
Adibidez?
Norbaitek zerbait interesgarria sortzen badu, ideia aplikazio bihurtzen badu, eta aplikazioen denda batean saltzen badu —demagun, Appleren dendan—, tokiko inbertsio horrek eragin ditzake aldaketa globalak. Baina zaila da jauzi hori gertatzea: horregatik behar ditugu geure azpiegiturak eta feedback mekanismoak. Kapitalismoari dagokionez, merkatuak egiten du funtzio hori: inbertsioak erakartzen ditu, atentzioa ematen du... Ez daukagu halako alternatibarik sozialismorako; aurreikusi ditzaketen planak ditugu, baina kimerak baino ez dira.
lotsabako
Garapen teknologikoaren inguruko albiste itxaropentsu bat?
Europan ez ditut nobedade positibo asko ikusten. Txinako berrikuntzek, esaterako, zentzua dute Txinako testuinguruan, non gizartearen kontrol autoritario bat dagoen; haiek baino ez dute lortu Silicon Valleyren kontrako agenda eraginkor bat osatzea. Baina ez da Europarentzako eredu bat. Tokian-tokian, badaude Bartzelonan, Hanburgon, Parisen eta beste hiri batzuetan erresistentziarako esperimentuak, edo enpresak derrigortu dituzte pilatzen dituzten datuak partekatzera. Aldaketa interesgarriak dira, baina ez dira egingarriak.
Zer albiste irakurri nahiko zenuke garapen teknologikoaz?
Tokiko software bat garatu dutela, tokiko herritarrentzat erabilgarria izango dena.