Imoztarra Iruñetik Imotz ibarrera joaten zen autobusa zen. Baita Alde Zaharreko lagun talde bat ere. Moto Club tabernan biltzen ziren, eta iniziatiba berriak antolatzea pentsatu zuten. 1952. urtean, lagun taldeak peña bat sortu zuen. Hala ere, 1953ra arte ez ziren sanferminetan atera. 1969. urtean, Alegria de Iruña izendatu zuten.
Alde Zaharreko betiko lagunek bi zaletasun komun zituzten: ongi pasatzea eta futbola. Eta horrela sortu zen, hain zuzen, Alegria. Kirol talde moduan sortu zen hasieran. Lagun taldeak futbolean jokatzen zuen, eta taldea Alegria deitu zuten.
Alegria de Iruña Alde Zaharrari lotuta egon da hasieratik. 1960ko hamarkadan Or Konpon tabernan biltzen zen elkartea, eta denborarekin, Alegria tabernarekin aldatu zuen izena. 1973. urtean, Jarauta kalera lekualdatu zen, eta sanferminetako kale festazaleenean daude orduz geroztik. Hala ere, 1978. urteko istiluen eta German Rodriguezen heriotzaren ondoren, gertatutakoa ikertzeko batzordea peñaren lokalean biltzen hasi zen. Horregatik, atentatu bat jasan zuen. Orduantxe ez zegoen peñakiderik barruan, eta kalte materialak izan ziren soilik. Lokalaz aldatu behar izan zuten, baina Jarauta kalean jarraitu zuten, taberna zaharretik gertu.
Sanferminetatik harago bizitza dagoela erakusteko, Alegriako peñakideek 1960ko hamarkadaz geroztik karitatezko ekintzak egiten dituzte. Ezagunena, agian, Patata operazioa da. Gainera, peñaren sorreratik izan duten kirolarekiko harremana dela eta, Kirol elkartea ere bada Alegria de Iruña.
Duela hamabost urte ingurutik Incansables txarangarekin egiten dituzte kalejirak. Nafarroako eta Iruñeko koloreak eramaten dituzte, hau da, gorria eta berdea. Blusa berdea da, baina lepoa, ukabilak eta poltsikoa gorriak dira. Zapia ez da guztiz gorria, erremate berde bat du eta. 342 peñakide eta 32 txikiz osatuta dago.
Sanferminak Iruñean. Proposamenak. Peña bat dut bihotzean.Alegria de Iruña
Jarautako betiko lagunak
Alde Zaharreko lagun talde batek sortu zuen Alegria de Iruña peña. Eramaten duten blusa berdea da, baina lepoa, eskumuturrak eta poltsikoa gorriak dira. Zapia gorria da, eta erremate berdea du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu