Ez da oraingo kontua, baina euskal kulturak harrera beroa du Japonian. XX. menderen bukaeran, Meta banatzaileak Ruper Ordorikaren, Kepa Junkeraren, Alaitz eta Maiderren, Ibon Koteronen eta Oskorriren diskoak saldu zituen Asiako herrialdean. Fermin Muguruzak makina bat kontzertu eman du hango jaialdietan azkeneko bi hamarkadetan. Kirmen Uriberen liburuek arrakasta lortu dute. Huntza taldea iaz izan zen han. Eta aurten? Mikel Urdangarinek sei kontzertuko bira bat eman zuen udaberrian Okinawa uhartean; Xabi Solanok hainbat kontzertu eman zituen uztailaren amaieran —Esne Beltzarekin lehen egunetan, eta bakarka gero—, eta Tolosako (Gipuzkoa) erraldoi eta buruhandien konpartsak Iida herriko txotxongilo jaialdian parte hartu zuen abuztuan. Guztiek nabarmendu dute japoniarrek euskal kulturari dioten «begirunea» eta «errespetua».
Solanorentzat «etxe kutuna» bihurtu da jada Japonia. «Aurten bederatzigarren aldia izan da hara jotzera joan naizena. Fermin Muguruzarekin lau aldiz egon naiz, eta gainontzekoak Esne Beltzarekin eta beste musikari batzuekin». Musikariak nabarmendu du euskal talde asko Japonicus agentziaren bitartez joaten direla. Naebako eski estazioko Fuji Rock jaialdian milaka japoniarren aurrean jo zuen Esne Beltzak.
Solanoren arabera, euskarak eta japonierak badute antzik ahoskeran. «Japoniarrek euskarazko musika entzuten dutenean, eurena bezala ikusten dute. Gainera, badira hitzak bi hizkuntzetan errepikatzen direnak, nahiz esanahi ezberdinak izan. Horrek gehiago elkartzen gaitu».
Mikel Urdangarin Japoniako Okinawa uhartean jotzen izan da aurrenekoz, han bizi den John Potter kazetari eta idazleari esker. «Folkean aditua da, eta, Elkarreko Anjel Valdesen bitartez, bazuen euskal musikarien berri. Duela lau urte deskubritu ninduen Potterrek, iaz elkar ezagutu, eta Okinawako biraren ideia sortu zen. Ryuji Noda managerrak antolatu zituen gero sei kontzertuetako lau». Urdangarinek aspaldi zuen «ametsa» Japonian jotzeko. «Berrogei egun eman nituen han. Esperientzia intentsoa izan zen, oso polita; kontzertuak ondo atera ziren. Pozik egon ginen».
Mikel Urdangarin Okinawa uhartean.
Solanok nabarmendu du japoniarrei oso harrigarria zaiela trikitia, musika tresna bera. «Kasu handia egiten diote trikitiari». Bai Solanok eta bai Urdangarinek argi dute japoniarrek gehiago dakitela euskal kulturaz, euskaldunek japoniarren kulturaz baino. «Zerbait ikustera badoaz, oso ondo informatzen dira aurretik», dio Esne Beltzako musikariak. Urdangarin harritu egin zen Okinawako entzuleen harrerarekin: «Euskaldun gehienok ez dakigu Okinawa non dagoen, eta haiek badakite Euskal Herria existitzen dela. Ezagutu nuen jendeak bazekien nongoa nintzen, eta gure herriak ezaugarri propioak dituela. Hizkuntza zaharra daukagula ere bazekiten askok». Solanoren iritziz, kultur arloan «oso-oso aurreratuta» daude japoniarrak. «Esne Beltzarekin joan ginen lehen aldian, kontzertuetan ikurrinen bat agertzen zen beti. Kasualitatez, Donostian jo genuen beste batean, hogei japoniar azaldu ziren ikurrin batekin». Solanok ezusteko polita hartu zuen, bestetik, japoniar batekin: «Soilik lau hilabetez egon zen Bilbon bizitzen, eta euskaraz perfektu hitz egiten zuen».
Solanok asko gozatu du Japoniara joan den aldiro. Musika ez ezik euskal gastronomia, eskulturak eta dantzak ere Asiako herrialdera iritsiak direla ikusi du. «Koldobika Jauregi eskultoreak eskulturak jarriak ditu Japonian. Euskal dantzetako talde asko han izanak dira. Kultur arloan oso aurreratuta daudela esango nuke. Baina, kanpokoaz gain, bertakoa ere asko zaintzen dute».
Urdangarinen iritziz, japoniarrek duten jakin-mina ez da soilik euskal kulturaren ingurukoa: «Japonia duela hamarkada gutxi arte gizarte itxia eta irazgaitza izan da, haien kulturaren babeslea oso. Urte askoan ez dute jarrera zabalik izan kanpoko kulturekin, baina hori zeharo aldatu da. Eta, nahiz eta babeslea izaten jarraitu, zabaldu egin dira. Euskal kulturako adierazpenak han egotea normaltasun baten barnean sartuko nuke. Baina gureaz baino gehiago munduko kulturez dute jakin-mina. Zorionez, gu jakin-min horren parte gara».
Tolosako erraldoi eta buruhandi konpartsa Japoniako Iida herrian
Oier Arantzabalek zuzendutako Margolaria dokumentalean, Urdangarinek Okinawako musikariekin izandako harremana ageri da eszena batzuetan. «Zerbaiti hasiera eman genion Okinawan, eta espero dut hartu-eman luzea eta emankorra izatea. Ilusio horrekin nago. Guk ere badugu zer ikasia munduan dagoenetik». Solanoren ustez, japoniarren kultura eta hezkuntza aintzat hartzekoak dira: «Errespetu falta handiagoa egon ohi da gurean. Zalantzarik gabe, badugu haiengandik zer jaso eta zer ikasia».
Erraldoiekin zur eta lur
Euskal musikaz ez ezik,Tolosako erraldoiez eta buruhandiez gozatzeko aukera izan dute Japonian aurten. Tamico Onagi japoniarrak, Tolosara egindako bidaia batean, hemengo erraldoiak ezagutu zituen, haiekin liluratu, eta gonbita egin zien Iidako nazioarteko txotxongilo jaialdian parte hartzeko. «Topic txontxongilo zentroa aritu zen bitartekaritza lanetan», azaldu du Maider Iglesiasek, erraldoien eta buruhandien konpartsako arduradunak. 33 laguneko taldea joan zen Japoniara abuztuan, eta bidaia «sekulakoa» izan zela gogoratu du Iglesiasek: «Ezin hobeki tratatu gintuzten. Japoniarrak une oro zebiltzan galdezka ea zerbait behar genuen». Japoniarrak «zur eta lur» gelditu ziren erraldoiekin eta buruhandiekin. «Txotxongiloen kultura badute, baina ez zituzten ezagutzen erraldoiak. Liluratuta gelditu ziren: argazkiak atera eta atera aritzen ziren».
Konpartsako bidaian joan zirenetako bat Jon Diaz gaztea izan zen —Isabelita erraldoia dantzatzen du—. «Iida hiri txiki bat zen. Lehenbizi, tailer bat egin genuen; erraldoiak muntatu egin genituen, eta gero desmuntatu», azaldu du Diazek. «Txotxongilo jaialdiarekin batera, kalera atera genituen erraldoiak. Txundituta zeuden, asko gustatu zitzaien. Erraldoien inguruko galderak egiten zizkiguten, eta euskal kulturarekin lotutako kontuekin batera ematen genizkien azalpenak». Galderak egiteaz gain, erraldoiak altxatzen saiatu ziren japoniar asko. «Gehiago emakumeak gizonezkoak baino», dio Iglesiasek. «Hango haurrek ere ederki pasatu zuten. Buruhandiekin asko jolastu zuten».
Onagi —munduko txotxongilo jaialdiak ezagutzen aritzen da— Euskal Herriko taldearekin egon zen denbora guztian, eta Tolosako eta Euskal Herriko kulturari buruzko azalpenak ematen aritu zitzaien Iidan zeuden japoniarrei. «Tolosako inauteriei eta sanjoanei buruzko informazioa ere eman zien. Japoniarrek jakin-minez entzuten zuten guztia», esan du Iglesiasek. «Nabaritu genuen kontu berriak ezagutzea asko maite dutela». Iglesiasek nabarmendu du, bestetik, oso jende gaztea zegoela haien bidaian eta pozik itzuli direla denak. «Mundua zabaldu didazue», esan ziguten batzuek. «Denontzat izan zen zoragarria Japoniako bidaia».
[youtube]https://youtu.be/WN8y3dOX1Ro[/youtube]
Japoniarrekin eskuz esku
Euskal kultura maitatua da Japonian. Aurten, Mikel Urdangarinek eta Esne Beltza taldeak kontzertu birak egin dituzte Asiako herrialdean; han izan da Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsa ere. Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu