Japonia eta japoniarrak, hondamendi nuklearretik harago

Tolosako Amalur jardunaldiek Japoniari buruzko ezagutza zabaldu nahi dute, hondamendietatik at

Tokioko kaleak gori-gori jartzen dira milioika biztanleren joan-etorriarekin. WORDPRESS.
xabier martin
Donostia
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Lurrikara, tsunamia eta hondamendi nuklearra. Zorigaiztoko hiruko horretatik kanpo zaila da Japoniari buruzko ezer topatzea hedabideetan, azken asteotan. Tolosako Amalur jardunaldiek hautsi nahi dute joera hori. Eguzki sortu berriko herrialdea hondamendiaren olatuak ito aurretik finkatu zuten antolatzaileek aurtengo Amalur jardunaldien leitmotiva: Japonia. Ez dute plana aldatu. Eta, hortaz, martxoaren 31n hasitako egitarauak ekialdeko herrialde erakargarri hori islatuko du larunbat arte zenbait ekitaldiren bidez. Hitzaldiak, filmen eta dokumentalen proiekzioak, tailerrak, erakusketak... Bada zer ikusi eta zer entzun Tolosan, betiere Japoniako kolore eta soinuen neurrira.

Bidaiaren funtsa ezagutu eta maitatzea omen. Tolosako Ekinbide Etxeak asmo horrekin antolatzen ditu 2006tik Amalur jardunaldiak, urtero herrialde jakin bati begira. «Mundua guregana ekartzeko asmoz sortu zen Amalur. Paisaiak, kulturak, historia, pertsonak... Azken finean, harremanak harilkatzen dira bidaietan». Amalur jardunaldien antolatzaileek argi dute: Natura, bidaia, antropologia... hori guztia da Amalur, «herrialde bat deskubritzeko abiapuntua».

Besteak beste, Takeshi Kitanoren Zatoichi filmaren proiekzioa eman dute Amalur jardunaldien egitaraua martxan dagoenetik. Gaur bertan, Ander Elorzak Extralurtarren lurraldea dokumentala emango du Topicen (19:30ean). Han izango dira ekitaldi gehienak. Bihar eta etzi, hitzaldiek hartuko dute txanda. Sergi Ramis Japon: instrucciones de uso izenburupean ariko da bihar; Ramisek eskarmentu handia du prentsan: Diario de Barcelona, TVE, El País, La Vanguardia, El Mundo de los Pirineos... Ibilbide luzea eta oparoa du kazetari eta idazleak. Kike Zunzunegik aurkeztuko du haren hitzaldia.

Rosa Maria Calaf

Etzi, Rosa Maria Calaf kazetari eskarmentudunak Japoniari buruz duen ikuspuntua emango du Japonia, ez aurrera ez atzera geratu den potentziak nortasuna bilatzen du izenburupean. Japoniak beti erakarri izan du Rosa Maria Calaf TVEko berriemaile ezaguna. 1970etik 2009ra egon zen TVEn. 93 herrialdetan aritu da kazetari, 26 urtez. Japonia tradizioaren eta modernitatearen nahaste bat dela dio, ortodoxoaren eta bitxiaren nahaste bat. Jesus Torquemadak aurkeztuko du Calaf, eta haren laguntzaz azalduko ditu Japoniaren topikoak, gaurkotasuna eta nortasuna.

Ekimenaren bultzatzaileek lortu nahi dutenarekin bat dator Calafen ekarpena. «Japoniako benetako aurpegia erakutsi nahi dugu. Haren aurpegi bakarra esan nahi da, urruneko artxipelago horretan ezer ez baita birtuala; dena da erreala».

Aurten Japoniari egokitu zaio, eta aurreko urteetan beste herrialde edota lurralde batzuk izan dira protagonista. Estreinakoan, 2006an, Ekialdeko Afrika; 2007an, Nepal; 2008an, Artikoa; 2009an, Amazonia; eta 2010ean, basamortuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.