Goizean goiz hasi, eta hurrengo eguneko goizaldera arte irauten du festak Zarautzen (Gipuzkoa) Euskal Jai egunean. Egun handia izan ohi da, eta astelehena izanagatik, bihar ere ez da gutxiago espero. Egun osoan baserritarren jantzi dotorez dotoretuko dira Zarauzko kaleak. 07:00etako eresiak eta 08:00etan Goiztiarrak elkarteak egingo duen kalejirak esnatuko dituzte herritarrak. XX. mende hasierako pertsonaiak inguratuko dituzte kalez kale. Bien bitartean, txistulari, trikitilari eta dultzainek herria zeharkatuko dute, lotienak ohetik altxatu, eta festan murgiltzeko. 10:30eko meza nagusiaren ondoren, pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak izango dira.
Horiek amaitzerako, Munoa Plaza pixkanaka betez joango da, 12:00etan hasiko baita Alproja antzerki taldearen Haur fabrika emanaldia. Ohiturei jarraituz, aktoreek lehenbizi kalejira egingo dute herrian barrena. 12:30ean, karrozak irtengo dira Santa Maria parrokiatik; Lege Zaharren enparantzan amaituko dute ibilbidea. Ordurako, han rituko dira trikitilariak. Musika Plazan ere izango da dantzarako doinurik, trikitilariekin batera dultzainak eta txistulariak ariko baitira. Lizarrako Larrain dantza herrikoia ere egingo da, 14:00etan.
Ordubete lehenago, 13:00etan, txosnak irekiko dituzte. Arrona lantegi zaharren ondoko sailean egongo dira aurten, orain bi urte egon ziren leku berean. Jolasak egingo dituzte han, 14:00etan; 17:00etan berriz, trikitilarien txanda izango da. Eurek alaituko dute giroa. Gauean, berriz, Skakeitan taldearen emanaldia izango da txosnetan bertan, 20:00etan. Gero erromeria nagusituko da.
Jantzien garrantzia
Euskal Jaietan ezinbestekoa da baserritar janztea. Horretan espezializatua den denda bat ere badago Zarautzen: Mendizabal Kinkiladenda. Euskal Herrian euskal jantziak saltzen dituen dendarik zaharrenetarikoa da; 1962an ireki zuten, eta horregatik da ezaguna. Irailaren 9a inguratu ahala, jendez betetzen zaio denda Mila Iztuetari. Orain bi urte hasi zen bertan lanean, Izaskun Mendizabal aurreko jabeak erretiroa hartu ondotik.
Baserritar jantziaren nondik norakoak ongi ezagutzen ditu Iztuetak: «Gehien zabalduta dagoen jantzia txuri-beltza da». Garai batean lanerako erabiltzen zuten jantzi hori. Gogorarazi du, egun zabalduago daudela jantzi koloredunak. «Egun seinalatuetan, norabait txukun atera nahi zutenetan, halako trajea erabiltzen zuten. Egun ere erabiltzen da».
Biharko jantzia osatzen dabiltzanei gogorarazi die «behar bezala» janzteko tradizioa gorde beharra dagoela. «Bero egin arren, gizonezkoek mahuka luzeko alkandora behar dute jantzi; emakumezkoei, berriz, ez zaie ikusi behar azpiko gona. Txapela eta buruko zapia ere jantzi behar dute». Modu batean edo bestean jantzi, festa bizi eta handia izango da.
Euskal Jaiak. Zarautz
Jantziak prest eta oinak arin
Bihar ospatuko dira Euskal Jaiak Zarautzen; erromeria eta beste ekitaldi ugari egongo dira egun osoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu