Jaiak. Santiagoak Garesen

Jantzi zuriak eta zapi gorria lepoan beste lau egunez

Lehen entzierroak egingo dituzte gaur Garesen, goiz eta arratsalde, Gil Merino ganadutegiko zezenekin

Gose taldea igoko da oholtzara Sarasate plazan, 00:30ean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Goizean goiz esnatuko da gaur Garesko herria (Nafarroa): 07:00etan, hain zuzen. Ordu horretan hasiko da Nueva Txaranga Gares eta Garesko Gaiteroak taldeen kalejira. Egun osoan hainbat ekitaldi egingo dituzte herritarrek, eta gauean ere jaiak indarrean jarraituko du.

Nafar on moduan, zezenekin lotutako ekitaldiek leku berezia izango dute Garesen, eta hala erakusten du programak. 08:00etan, zezenen kaxoitik ateratzea egingo dute, eta, jarraian, jaietako lehen entzierroan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Merino Gil ganadutegiko zezenak izango dira lehenak. Entzierroaren ondoren, 09:30ean, ganadu probak izango dira, herriko plazan.

Arratsaldean ere, Merino Gil ganadutegiko zezenak ibiliko dira Garesko kaleetan. Entzierroak egingo dituzte, 18:00etan hasi eta 20:15 bitartean. Entzierroek irauten duten bitartean, Nueva Txaranga Garesen ardura izango da festa giroa jartzea. Gero, 22:00etan, zezena izango da protagonista. Bestelako zezen bat, ordea. Kasu honetan, zezensuzkoak emango du bira herrian zehar. 22:00etan abiatuko da, eta larrain dantza ikuskizunak lagunduko du. Garesko gaiteroek girotuko dute ekitaldia.

Bihar ere entzierroak izango dira goizean eta arratsaldean, baina Alba Reta ganadutegiko zezenekin.Gainera, bestelako berritasunak ere izango dira, haurrentzat, batez ere: batetik, entzierro txikia egingo dute 11:00etan, San Pedro kaletik abiatuta; bestetik, uretako zezenarekin jolasteko aukera izango dute, plazan eta Kale Nagusian. Igandean, berriz, arratsaldeko entzierroak eta ganadu probak bakarrik egingo dituzte, eta Macua ganadutegiko zezenen txanda izango da. Astelehenean Alicia Urrizaren zezenen maila erakutsi beharko dute, 18:30etik 20:45era.

Zezenak baino gehiago

Zezenaren aurrean jartzea gustuko ez dutenentzat edo ausartzen ez direnentzat ere izango da zerekin gozatua Garesko jaietan. Haurrentzat, esaterako, Lara eta Larika antzerki-zirku ikuskizuna eskainiko du Zirika Zirkus antzerki taldeak, euskaraz. Maribel Martinezek Larikaren rola jokatuko du, eta Ainhoa Juaniz Lara izango da. Biek, eskujokoak, dantzak eta akrobaziak egingo dituzte, besteak beste, haurren gozagarri. Gainera, hainbat kanta abestuko dituzte; haurrek ondo ezagutzen dituzten abestiak izango dira, Zorionak zuri, esate baterako. 11:30ean hasiko da ikuskizuna, herriko plazan.

Gerriak ez mugitzeko arrazoirik gabe geratuko dira garestarrak. Izan ere, Diskomobilekin dantzaldia egingo dute herriko plazan. Hasteko, beroketa egingo dute, 20:30ean. Baina, gero, 00:30ean hasi eta ia lau orduko dantzaldia eskainiko dute. Diskomobilaz gain, Eghoak txarangak kalejira egingo du herriko kaleetan zehar. 00:30ean hasi eta 03:30ean amaituko dute kalejira. Garesen, beraz, ez da erraza izango goizaldera arte loak hartzea.

Bihar, herri kirolei ere egingo zaie tartea. Zurgai taldeko kirolariek erakusketa bat eskainiko dute, 12:00etatik 13:00etara. Gauean, 00:30ean, Markatu batukada taldeak kalejira egingo du herriko kaleetan zehar, eta, ondoren, herriko musika taldeek kontzertua emango dute plaza nagusian. 01:00etan hasiko da jaialdia, eta 03:30 aldera arte girotuko dute herria.

Oraindik lau eguneko jaiak dituzte garestarrek. Astelehenean amaituko dira 2013ko festak, eta agurtzeko, Pobre de mí abestuko dute eta azken zalaparta egingo dute 01:00etan. Bitartean, izango da zer gozatua eta zer ikusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.