Blusen eta nesken trajeak gasteiztarren nortasunaren eta tokiko tradizioen harrotasunaren sinbolo izan dira betidanik, eta Confecciones Pinedo dendak hamarkadak daramatza halako janzkiak saltzen. Josu Ruiz De Pinedo (Gasteiz, 1960) harro dago saltokiak hirian egin duen tokiarekin.
Ikusi gehiago
Noiz eta nola sortu zen Confecciones Pinedo?
Ofizialki 1911n sortu zuen nire amona batek. Enpresa, hasieran, Anselmo Ruiz de Pinedo nire aitonaren izenean zegoen; izan ere, garai hartan, emakumeei ez zitzaien uzten enpresa bat edukitzen.
Zer asmorekin sortu zuten denda?
Batez ere etxera dirua ekartzeko. Baina, horrez gain, etxean beti izan dutelako ohitura jantzi tradizionalak egiteko.
Zer-nolako bilakaera izan du dendak?
Hasieran, lantegi moduko bat zen, apenas lau makina zituena. Gerra etorri bezain laster, dena bertan behera geratu zen, eta eskuz josteari ekin zioten. Nire aita beranduago sartu zen lanera, ondoren nire ama, eta ausardiaz eta kemen handiz, negozioan apustu eginez, egoera hobetzen hasi zen; orduan izan zen benetako aldaketa dendan.
Nola hautatzen dituzue jantzietarako diseinuak eta materialak?
Prozesu hori erraza da; izan ere, jada fabrikatuta dauden produktuekin egiten dugu lan. Egia da lan egiten dugun fabriketako kideekin harreman estua daukagula eta, beraz, horrek dena errazten duela. Oihalak aukeratzeko orduan, adibidez, pauta batzuk ezarrita dauzkagu, eta, beraz, haiek badakite gutxi gorabehera zer oihal mota aukeratu, zer estilotakoa eta abar.
Nolako garrantzia dute jantzi horiek Gasteizen?
Handia. Araban tradizio luzea duten jantziak berreskuratzeko lanean aritu gara gasteiztarrok, eta batzuk oraindik ari gara horretan.
Eta Pinedo dendak zer ekarpen egiten du?
Badugu egiteko garrantzitsu bat. Blusarik eta neskarik gabe, Gasteizko jaiak ez lirateke Gasteizko jaiak izango, haiek ematen diote-eta festari esentzia eta xarma. Eta blusa eta neska asko guk janzten ditugula jakitea harro egoteko modukoa da. Izan ere, jantzi bat janztea historiaren zati bat soinean eramatea da. Neurri batean, tradizioarekin jarraitzen laguntzen dugu, eta askorentzat erreferente gara hirian.
Aurrera begira, zer asmo duzue?
Aurrera jarraitzea, jakina. Negozioak dagoeneko 113 urte daramatza martxan, eta askoz gehiago jarraitzea nahiko genuke. Espero dut belaunaldiz belaunaldi negozioarekin jarraitzea, daukagun esentzia galdu gabe eta tradizioa luzatuta. Eta noski, gasteiztarrek gu aukeratzen jarraitzea nahiko nuke.