Atzekoz aurrera

Janari usaina dator Kursaaletik

Donostia Gastronomika kongresua azkan txanpan sartu da. Janari eta jan zaleen bilgune eta janleku bihurtu da berriz. Izan direnak omendu, direnak goratu eta datozenak ezagutu dituzte.

Eneko Atxa sukaldariaren erakustaldia, Donostia Gastronomika kongresuan, atzo. JUAN HERRERO / EFE
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2024ko urriaren 9a
05:00
Entzun

Ezkaratz batean sartzearen parekoa da: etxe bakoitzeko sutondotik usain ezberdin bat dator, eta denak dira gutiziak. Erakusmahaiak erakusleiho: ekoizleen onena, sukaldariek dakitena, eta ikusleek desiratzen dutena. Gaur bukatuko da Donostia Gastronomika, Kursaalean.

Haragiaren artisauak, urdaiazpiko moztaileak eta teknologia berriak. Nahaspila ordenatu bat. Rondako (Malaga, Espainia) intxaurrak eta oliba gorriz egindako olioa. Almadrabako atun gorri basatia. Euskal Herriko okelarekin egindako hanburgesen kea. «Sormenaren hiria» da Burgos (Espainia). «Eskabetxeak tradizio handia du gurean, eta berreskuratu nahi izan dugu oilasko bularki honekin. Perretxikoek ematen diote udazken ukitua. Ez dauka oilasko zaporerik, ezta?», Raquel Puentes arduradunaren galdera, eta eskaintza. Ez, ez dauka. Eta, bai, ederra dago.

Hegaluze urdaiazpikoa 

Izokin ketuak ez du hutsik egiten. Urdaiazpiko bihurtu dute hegaluze mendrezka Cadizen (Espainia). Olibak eta olioa nahi adina daude Sevillan (Espainia). Idi eta behi txuleta zintak daude zintzilik paretetan. Ostrak zurrupatzen ari da jendea korridoreetan. Kafearen inguruan ixten dituzte tratuak. Amantalak daude salgai chef itxurakoak. «Gofioa zer den badakizu?», Mariana Hernandezen galdera La Palmako (Kanariak, Espainia) erakusmahaian. Eta esplikatu du irin mota bat dela, zereal ezberdinak txigortuz eta xehatuz lortzen dena. «Eskaintzen ari garen jaki hau oso xumea da: gure amek askaritarako jartzen ziguten hura berbera. Izan ere, gure etxeetan platanoak ez dira sekulako botatzen. Gehiegi heldu direnak xehatuz, eta laranja zukuarekin eta gofioarekin nahastuz, pasta goxo bat lortzen da». Eta bai, ederra dago. 

Omenaldiak, hitzaldiak, arrain zopa eta entsaladilla errusiar lehiaketak, erakustaldiak eta dastaketak. Pedro Subijana omendua ikasle talde batekin ari da hizketan. Izarduna eta ameslariak nahasian. Elena Arzak eta Eneko Atxa ari dira prentsa aretoan elkarrizketatzen. Portugal da aurtengo herrialde gonbidatua. Jose Avillez lisboarrak Belcanto jatetxeko zapore eta usainekin egindako bidaia proposatu du bere hitzaldian. 

«Postrearen artea» jartzen duen erakusmahai bati ezin zaio ezetzik esan. Izozki artisau bat hartzea baita Kantauri itsasoari begira. Eta Arezzoko (Italia) boilurren usaina? Elenia Ottonelik txukun ederrean ditu jarriak erakusmahaian. Beltzak dira. Zuriak ezkutatuta dauzka. Kazetari italiar bat gerturatu denean baino ez ditu atera. Kazetari euskal herritar batek ere lortu du, ordea, haiek ikusi eta usaintzea. Eta, bai, ederra da usaina.

Edorta Lamo sukaldariak basurdearekin egindako jakiak. JUAN HERRERO / EFE
Edorta Lamo sukaldariak basurdearekin egindako jakiak. JUAN HERRERO / EFE

Bertakoaren, ehizaren eta barrukien defentsa egin dute euren erakustaldian Luis Lerak eta Edorta Lamok, elkarrekin. Castroverde de Camposeko (Zamora, Espainia) Lera jatetxekoa bata, eta Kanpezuko (Araba) Arrea! jatetxekoa bestea. Usoa eta basurdea hautatu dituzte. Lamok aurkeztu ditu: usoa rilletes bihurtuta, saldan, gaztainarekin patean, eta gilda gisa —antxoa erabili beharrean, uso ondua erabilita—. Lerak aurkeztu ditu: usoarekin egindako tartarra, uso izter frijitua, eta uso bular marinatua papaiarekin, parrillan egindako alberjiniarekin eta salbia frijituarekin. 

Ezkaratzerik nazioartekoena bihurtu da berriro ere Kursaal jauregia, baina apenas entzuten da euskararik hitzaldietan eta erakustaldietan. Gastronomika magazine aldizkaria gaztelera hutsean dago. Osagai nagusia ahaztu egin zaie, nonbait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.