Zalduondoko baserritarra etorri zen bezala itzuli da etxera, aterki eta guzti. Gasteizko jaiak ospatuz igaro dituzte sei egun gasteiztarrek, baina, tamalez, hasiera duen orok badu amaiera bat ere, eta Zeledoni agur esan behar izan diote jaiak igaro ostean. Blusa eta neskek gau eta egun ospatu dituzte jaiak, eta ase arte jan eta edan dute, azken egunera arte. Indarrak berreskuratzeko eta atseden hartzeko garaia heldu zaie orain, ordea.
Goizeko hamaikak aldera jadanik prest zeuden Artium museoaren aurrean Alegrios kuadrillako kideak hamabosgarrenez egin zuten txorizo dastaketarako. Hamabietan ekin zioten garagardoarekin prestatutako Arabako txorizoa banatzeari. Bozgorailuetan musika jarri zuten, eta, azken eguna izan arren, giro aparta sortu zuten. Eguraldia 25 graduren bueltan zegoen, eta eguzkiak gogor jotzen zuen. 1.500 lagunentzat egin zituzten pintxoak, alboko esklerosi amiotrofikoa pairatzen dutenentzat dirua biltzeko.
Pintxoaren truke jendearen borondatea onartu zuten. Bertaratu ziren batzuk haizemaileekin ari ziren beroa jasan ezinik. Ilara luzeak eratu ziren, eta kuadrilla buru-belarri aritu zen pintxoak banatzen. David Urzelai kuadrillako kideak esan bezala, jaiak «izugarri ondo» joan zitzaizkion: «Gogo handia nuen jaiak iristeko; egunero atera naiz, eta momenturik onenak kuadrillarekin bizi izan ditut».
Erdigunean konpartsen kalejiran alai zebilen jendea, dultzaina eta atabalen soinua lagun. Aurten, beste bi buruhandi atera dira jaietan kalera, festetarako berreskuratu dituzte duela urte batzuk desagertutako emakumezko bi pertsonaia: Atsoa eta Andereñoa. Erraldoi eta buruhandien konpartsak sei buruhandiz osaturik zeuden lehen: hiru gizon eta hiru emakume. Ebidentziak aurkitu zituzten lekukotasun, irudi eta artikuluetan. Desagertu egin ziren, ordea, eta konpartsa lau buruhandirekin geratu zen. Datozen urteetarako, beraz, sei pertsonaia egongo dira: Atsoa, Andereñoa, Betokerra, Kaskasoila, Negartia eta Ilehoria.
Maider Goñik eraman du Andereñoa, eta Ibai Llanosek, berriz, Atsoa. Goñi «ilusio handiarekin» atera da kalera. Gauetan ateratzeko ere aprobetxatu du, baina goizetan konpartsarekin ibili da, Andereñoaren burua jantzita. Txikitan buruhandiek beldurra ematen zioten; hala ere, buruhandi bat eramatea probatu nahi izan du. Bere lehen urtea izan du.
Llanosi, Atsoaren buruhandia eraman duenari ere, «ilusio handia» egin dio zaharberritutako pertsonaia horren burua janzteak: ez da buruhandiekin atera den lehen urtea, baina, aurten, Atsoa eraman du buru gainean. «Denbora luzez» Atsoa izan ahal izatea espero du.
Gasteizko erdigunean zehar ibili ziren, mozorro ikusgarriekin. Tripa betetzeko parada ere egon zen Plaza Berrian: Arabako patata eta txorizo platerak, baso bat ardorekin banatzen ibili baitziren Basatiak kuadrillako kideak. Zazpigarren aldiz antolatu zuten dastaketa Arabako Elikagaien Bankurako dirua biltzeko asmoz. Jendeak ilara egin zuen platera eskuratzeko.
3.000 errazio banatzeko helburuarekin prestatu zituzten platerak, Basatiak kuadrillako Iker Paniagua kidearen arabera. Jaiak amaitzear ziren, eta, Paniaguaren arabera, «oso ondo» joan dira: «Oso nekatuta banago ere, bi urte igaro eta gero giro honen falta sumatzen nuen». Jaien ondoren, atseden hartu behar du. Oporretara joango da.
Tabernariak, pozik
Jatorrak kuadrillako Hegoi Molina kideak ere, jairik gabeko bi urteren ondoren, «gogo handiegia» zuen jaiak ospatzeko: «Gehiegi gustatzen zaizkit, Gasteizko jaien ostean, beste leku batzuetako jaietara joango naiz», zioen, barrez.
Nagore Lazkano Paskualek 15 urte daramatza Txapelarri tabernan lanean. Hori dela eta, ohituta dago, eta ez zaio horren «gogorra» egin jaietan lan egitea. Betiko lantaldea aritu dira, alegia, zazpi langile, eta ez dute beste inor hartzeko beharrik izan: «Ikusita txosnak egongo zirela, bagenekien gauak lasaiagoak izango zirela eta gaudenon artean erantzun ahalko genuela. Horregatik ez dugu beste inor hartu, eta oso ondo ibili gara».
Euren tabernan, batez ere egunean zehar izan dute jendea, txosnetara joaten diren bezeroak izaten baitituzte Txapelarrin. Horregatik gauetan lasaiago ibiltzen direla adierazi du: «Gure taberna egunean zehar leporaino betea egoten da; gauetan, aldiz, nahiko lasai. Orokorrean, gure bezeroak egunean zehar alde zaharrean egoten dira, eta, gero, arratsalde aldera, txosnetara joaten dira. Aurreko urteetan ere horrela izan da».
Bezeroen aldetik ez dute arazorik izan: «Oso harreman ona daukagu bezeroekin, eta jendeak, bai betikoek baita gainerakoek ere, errespetuz tratatu gaituzte; oso gustura egon gara». Aurten, «oso lasai» joan dira jaiak, Lazkanoren iritziz. Normalean, Aiztogile kalean zerbait gertatzen bada, azkar jakiten dute, baina, aurten, ez dute entzun aparteko ezer gertatu denik: «Giro ona eta alaia egon da». Zeledonen jaitsiera osteko unea izan da «gogorrena», baita abuztuaren 5a ere, tabernariaren hitzetan: «Alde zaharrean presoen aldeko bazkaria egiten da urtero abuztuaren 5ean, eta aurretik egiten duten poteoan nabaritzen da jende gehiago gure tabernan».
Atzo, 22:00etatik aurrera, itxi egin zituzten Hala Bedi, Garraxi eta Txapelarri tabernak. Ohitura dute azken gauean elkarrekin afaltzeko eta txosnetara joateko: «Hala Bedi eta Garraxiko tabernariekin elkartzen gara, hiruron artean Katuak kolektiboa osatzen dugunok. Afaltzeko elkartzen gara, 23:00 aldera, eta, afalostean, txosnetara joaten gara denok, elkarrekin parranda egitera».
Erasoak eta salaketak
Aurten, ordea, ez dira jai guztiz garbiak izan. Txupinazoan, ziztadak salatu zituzten, eta azken -aurreko egunean, bi eraso homofobo. Gasteizko mugimendu feministako kide Alejandra Codesalen arabera, gizartean eraso gutxiago egon direla pentsatu arren, mugimendu feministak hainbat erasoren berri izan du.
COVID-19ak eragindako bi urteko etenaren ostean jende gehiago atera denez, erasoak egongo zirela espero zuten: «Nabaritu dugu jende asko egon dela, eta, estatistikaren arabera, eraso gehiago ere egoten dira. Aurten, gainera, ziztaden kontua puri-purian dago, baina ez dugu sorpresa handirik jaso».
Emakumezkoak «kontrolpean izateko mekanismo bat» direla salatu du, baita «mugak jartzeko ere». Mekanismo «berria» izan arren, haren egituran dagoena beste eraso eta kontrol sistema batzuen «berdina» dela salatu du Codesalek. Hainbat erasoren berri izan dute, baina Codesalek ohartarazi du salatzera animatu eta ausartu direnen salaketak baino ez dituztela jaso, eta uste dutela askoz ere eraso gehiago izan direla.
Udalaren jarrera kritikatu du: «Guk telefonoa indarrean jartzen dugu, baina erakundeen lana izan beharko luke emakume horiek babestea, laguntzea eta haiei baliabideak eskaintzea».
Gasteizko jaiak
Jana eta edana azkenera arte
Zeledonen igoerarekin amaitu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Gasteiztarrek azkenera arte zukutu dituzte festa egunak. Txorizoa eta patatak banatu dituzte kuadrillek, eta buruhandi eta erraldoien konpartsak kalejiran ibili dira. Tabernariak gustura daude jaiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu