ATZEKOZ AURRERA. Juan Jose Ocon. EGOren zuzendaria

«Jakintza osagarriek osoago egiten dute orkestra»

Europako hainbat orkestra zuzendu izan ditu, eta ia hogei urte daramatza EGOn, musikari gazteekin lanean. Lan handiagoa eskatzen du horrek, baina «emozio handia» jasotzen du bueltan.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra sortu eta urte gutxira hasi zen hura zuzentzen Juan Jose Ocon (Donostia, 1968). Neguko bira hasiko dute orain, eta John Rutter konpositorearen lanarekin emanaldi sinfoniko bana egingo dute gaur, bihar eta etzi, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, hurrenez hurren.

Egoak eragiten al du EGOko musikari gazteengan?

Ez dut uste. Ikasteko dago hemen jendea. Musika eskoletatik, kontserbatorioetatik eta atzerriko izen handiko eskoletatik etortzen dira, baina elkarrengandik ikasten dute. Ez da ikasten soilik norbere tresna jotzen, baizik eta baita taldean lan egiten ere, abesbatzarekin egoten, ingurukoei laguntzen, atmosfera sortzen, eta konpositoreak lan bakoitzarekin zer esan nahi duen ulertzen. Arraunean bezalaxe: denok batera aritu behar dugu.

Klixea da musikari gazteen sakrifiziozko bizitza?

Hori beti da horrela. Abaniko osoko gune batean sartzen gaituzte, eta kito. Zailtasuna da entzunaldi eta proba asko egin behar direla. Azken urteetan, orkestretako oposizioetan, irabazleak urtebeteko proba egiten du orkestran. Urte horretan, esperientzia neurtzen dute. Hori da EGOren helburuetako bat: esperientzia indartzea. Gainera, aukera daukate abesbatza batekin lan egiteko eta soloak prestatzeko.

Gauza horiek guztiak talentuaren gainetik daude?

Tira, talentu handia dago Euskal Herrian. EGOko jendeak Espainiako Gazte Orkestran jotzen du, eta Europako Gustav Mahler Gazte Orkestran. Gero eta talentu gehiago dago, gero eta hobea. Aurten EGOrekin lanean aritu diren hiru irakasle ikasleak ere izan ziren, eta oposizioak atera zituzten orkestra handietan. Aurten, gainera, kasualitate polit bat izan dugu: lehenengoz, irakasle baten anaia ikaslea da. Hori da gure helburuetako bat, eta hunkigarria da.

Ia hogei urte daramatzazu EGOn; orkestra sendoa da?

Bai, urte mordoa daramat hemen. Mailak bere hartan eusten dio, eta, instrumentu batzuetan, handitu ere egin da. Beste batzuetan, jendea falta da, baina hori ez da erraza neurtzen. Gustatuko litzaiguke ikuskatzaileek serioago hartzea. Nahiago nuke jende oso ona ez balitz zuzenean atzerrira joango etxean daukana probatu gabe. Entzule gazteek ere ikasi egiten dute hala, eta horrek guztiak denoi egiten digu mesede.

Urte hauetan guztietan asko aldatu da gazteen profila?

Lehen, konturatzen nintzen instrumentista asko zegoela, musika tresna oso ondo jotzen zuen jendea. Orain, instrumentua oso ondo jotzen dute, baina lan paraleloa ere nabaritzen da, jakintza osagarria: historia, artea... Horrek osoago egiten du orkestra. Ez diot hobeak garenik, baina bai osoagoak. Orain, hobeto ulertzen dute bestearen instrumentua, eta oinarriaren, harmoniaren eta melodiaren nahasketa.

Orkestra asko zuzendutakoa zara. Zer ematen dizu gazte orkestrak?

Zaila da azaltzen. Profesionalak bigarren edo hirugarren entsegu egunean jotzeko prest daude; gazteekin, aldiz, lan luzeagoa egin behar izaten da. Baina zu ere hor zaude lanean, eta nahi duzuna lortzen duzu. Instrumentuetan aldea nabarmena da, profesionalek hobeak izaten dituzte, eta soinu hobea lortzen dute. Baina niri gazteek gauza asko transmititu didate horrelako orkestretan: laguntza eskatzen dizuten begirada horietan emozio handia egoten da. Beste mundu bat da.

Zer daukate neguko biran joko dituzuen Rutterren lanek?

Hainbat gauza landu ohi ditugu neguko programetan: filmak, kontzertuak bakarlariekin, ganbera musika, eta kontzertuak abesbatzarekin, oraingoan bezala. Rutter gabon kanten egile soiltzat hartu ohi da, eta ez da horrela. Magnificat lanarekin, Londresko laino artetik atera zen. Egin zuen Magnificat, baina ez Bach, Vivaldi edo Mendelssohnek bezala. Letra horrekin, baina argi handiagoarekin. Erlijio musikak duen itxura solemne eta motela utzi, eta beste ukitu bat eman zion. Jendeak Magnificat irakurriko du, baina beste gauza bat entzungo du, gauza berri bat: konpositore handi baten lan berezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.