Jakintza askearen urtemuga

Hamar urte beteko dira etzi Wikipedia entziklopedia martxan jarri zutenetik. Interneten trafikorik handiena duten webguneetan bosgarren da.

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Askotarikoak izan dira gizateriaren jakintza osoa biltzeko ahaleginak. Alexandriako liburutegiak milaka eta milaka pergamino gorde zituen, hainbat hondamendiren ostean desagertu arte. Leonardo da Vincik, berriz, kodex amaigabeetan ezkutatu nahi izan zuen pizkunde garaiko jakintza osoa. Aurreko asmo guztiak Frantziako Ilustrazio garaian gauzatu zituzten Diderot eta enparauek, baina ezagutza askearen iraultza XXI. mendeak, Internetek eta, bereziki, Wikipediak ekarri du.

Larunbatean hamar urte beteko dira Wikipedia sortu zutenetik. Nupedia entziklopedia askearen ondorengoa da, eta Jimmy Wales sortzaileak webgune irekia jarri nahi izan zuen martxan, edonork idatzi ahal izateko modukoa, eta ez adituek bakarrik. Nupediako artikuluek lizentzia askea zuten arren, adituek bakarrik idatzi ahal zituzten. 2003. urtera arte zabalik egon ondoren, Wikipedian txertatu zituzten ordura arteko eduki guztiak.

Wikipedian eta haren inguruan urteotan sortu dituzten gainerako proiektuetan—Wikibooks eta Wikinews, besteak beste— jarri zituen indar guztiak orduan Walesek, eta arrakasta handia lortu zuen. Iazko azaroko sareko trafikoa aztertuta, Wikipedia bisitari bakar gehien erakarri duen webguneetan bosgarren da. Google, Facebook eta horrelako enpresak daude gainerakoen artean, eta nabarmentzekoa da publizitaterik gabeko bakarra dela trafiko gehien kudeatzen duten hamar webguneen artean.

Horretarako, alabaina, erabiltzaileen artean dirua biltzeko kanpainak egiten dituzte aldiro-aldiro. Azkenak, duela aste batzuk egin denak, 12,3 milioi euro biltzea lortu zuen, kopuru «harrigarria» Walesentzat berarentzat. Ezin ahaztu Microsoft erraldoiak Encarta izeneko entziklopedia saltzen zuela; baina produktu bideragarria ez zelako, saldu eta gaurkotzeari utzi zion 2009ko abenduan.

Interneteko edozein erabiltzaileren askotariko ekarpenekin elikatzen da entziklopedia askea, eta, horregatik, jasotako informazioa gainbegiratu, zuzendu eta antolatzeko administratzaileak daude. Wikipediaren fidagarritasuna zalantzan jarri dutenak ere izan dira, baina Nature zientzia aldizkariak eginiko azterketak Britannica entziklopediari baino sinesgarritasun handiagoa eman zion ikertutako sarreretan. Euskarazko Wikipediaren urtemuga abenduaren 6an beteko da, lehen ekarpena egin zutenetik behintzat. Benetako abiapuntua 2003ko azaroan jartzen dute euskal edizioko arduradunek. Hilero bi mila artikulu inguru argitaratzen dituzte, eta, dagoeneko, 63.253 sarrera biltzen ditu. Artikulu gehien duten hizkuntzen zerrendan, 44.a da euskarazkoa, galizieraren atzetik baina grezieraren gainetik.

Munduko hainbat tokitan Wikipediaren urteurrena ospatuko dute egunotan. Ia 350 ekitaldi iragarri dira munduan, eta euskarazko komunitatea zer edo zer egitea eztabaidatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.