Otsailaren 11n Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna izaten da; emakumeek zientzian bidezko sarbidea eta parte hartzea izan dezatela aldarrikatzen da, baita berdintasuna ere. Horrela adierazi zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015ean zabaldu zuen oharrean: «Azken hamabost urteetan, nazioarteko komunitateak ahalegin handia egin du emakumeek zientzian parte har dezaten. Hala ere, emakumeek zientzian moldatzeko oztopoak izaten dituzte oraindik ere». Oztopoei aurre egiteko hazia ureztatzen dute urtero Emakumeak Zientzian egitasmoan, eta aurten jakin-minari emango diote garrantzia batez ere.
Ekitaldia atzo hasi zen, eta otsailaren 14ra arte iraungo du; hirurogei ekintzatik gorako egitaraua prestatu dute. Zientzian aritzen diren emakumeen lana ikusaraztea eta hurrengo belaunaldiek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea da egitasmoaren helburua. Horrez gain, historiako emakume zientzialariak ezagutzeko hitzaldiak izango dira, baita ikerketa zentroak bisitatzeko aukera ere. Ikerlariak ez dira geratuko Bilbon, Gasteizen eta Donostian dauden aretoetan; izan ere, ikastetxeetara joango dira beren esperientziak kontatzera, gazteengan jakin-mina pizteko asmoz. Aurtengo aldiak Hazia ereinleloa du, eta mezu hau zabaldu nahi dute: zientzian berdintasuna lortzeko bidean, ekintza txikienak ere eragin handia izan dezakeela.
Programazio osoa eta izena emateko aukera zabaldu dituzte Emakumeak Zientzian proiektuaren webgunean. Besteak beste, esperimentu tailerrak, jokoak, antzezlanak, mahai inguruak, erakusketak eta film proiekzioak egingo dituzte.
Hazia erein
«Ekintza txikiak eta handiak» egin behar dira Usue Mori Carrascal matematikari eta EHUko informatika graduko irakasle eta ikerlariaren ikasgeletan sexu arrakala gainditzeko; izan ere, lehenengo mailan Informatikako graduan sartzen diren ikasleetatik neskak ez dira %20ra iristen. «Adimen artifizialean neska gehiago dago; nahiko kopuru ona genuen hasieran, baina orain jaisten hasi da berriro», aipatu du Carrascalek. Gauza bera gertatzen zaio Reyes Calvo Ikerbasqueko BCMaterials-eko ikerlariari: «Fisikaren eta materialen zientziaren esparruan genero berdintasunaren hazia landatu da, baina ernatzeko prozesuan dago oraindik».
Gizonen artean emakume ikerlari bakarra. Horrelakoa izan zen Garazi Andonegi ingeniariaren eta Elhuyar zientzia unitateko koordinatzailearen esperientzia lan eremuan murgildu zenean: «Emakumezko ingeniari bakarra nintzen nire lanean; enpresetan bakarrik egoten nintzen, gizonez inguratuta». Horregatik erabaki zuen Andonegik Elhuyar zientziara joatea, eta bertan topatu zituen lehendabiziko aldiz arlo askotako emakume ikerlariak, eta gertuko erreferenteak ezagutu zituen: «Nire ibilbidean asko estimatu izan dut beste emakumezkoen jakintza».
Emakume ikerlarien jakintzak biltzen ditu Maria Caffarel bularreko minbizia ikertzeko Biogipuzkoako taldeko kide eta ikerlariak. Izan ere, haren alorrean emakumeak dira gehienak, %80, hain zuzen ere. Nahiz eta gehiengoa izan, kopurua murriztu egiten da postu altuenei erreparatu ahala. «Lan egin dugu emakumezkoek osatutako zuzendaritza sustatzeko, ahalegin positiboa egin da lidergoa sustatzeko», aipatu du Caffarelek.
Leaky pipeline (ihesak dituen hodia) kontzeptua erabiltzen da adierazteko askotan emakumeak akademiatik eta karrera zientifikoetatik aldentzen direla beren ibilbide profesionalean aurrera egin ahala, eta haien talentua galdu egiten dela pixkanaka. Sheila Tobias ikerlariak proposatu zuen terminoa, 1990eko hamarkadan, eta STEM arloan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) dagoen genero arrakalari buruzko azterlanetan garatu zuen batez ere. Termino horrek azaltzen duen bezala, emakume zientzialariak, hodiko bidea jarraitu ordez, tantaka-tantaka ateratzen dira arlo akademikotik; hori ez da gertatzen nahi dutelako, noski, baizik eta bidean erakundeen oztopoekin, estereotipoekin eta bestelako diskriminazio metodoekin topo egiten dutelako.
«Eredu horrek erakusten duenez, ikasketa zientifikoak hasten dituzten emakumeen proportzioa nabarmen handitu da, bai, baina askok bertan behera uzten dituzte etaparen batean», azaldu du Calvok. Hodian adabaki bat jarri behar dela uste du Ikerbasqueko ikerlariak, eta, horretarako, talentua ebaluatzean eratzen diren hautaketa panelak aztertzea da lehen urratsa: «Hautaketa paneletan dauden ebaluatzaile askok uste dute emakume ikertzaileak ez direla egokiak lider izateko».
Zientzia dibulgatzean ere aldea dago emakume zientzialarien eta gizonen artean. Aurten argitaratu duten Experiencias del personal investigador en su relación con los medios de comunicaciónazterlanean (Ikertzaileek komunikabideekin dituzten harremanetan izandako esperientziak), Maider Eizmendi, Ainara Larrondo eta Simon Peña Gureikerreko ikertzaileek hurbiletik aztertu zuten zer-nolako jazarpena jasaten duten zientzialariek ezagutza zientifikoa zabaltzen dutenean.
Azterlanean lortutako datuak erreferentziatzat hartuz gero, gizonen %46,21ek adierazi dute erasoren bat egin dietela noizbait, komunikabideetan zientziari buruz informazioa zabaldu ondoren; emakumeak gehiago dira: %56,86 iraindu dituzte. Jakintza zientifikoa zalantzan jartzea ere ohikoagoa da emakume zientzialarien artean, ikerketan azaldu bezala, eta Calvok horrelako bizipenak izan ditu: «Askotan uste da prestakuntza gutxiago dugula gai teknikoetan; adibidez, elektronikan edo informatikan».
Gertuko erreferenteak
Carrascalek tailerrak eskaintzen ditu eskoletan, zientzialarien inguruan dauden estereotipoak apurtzeko asmoz. Laborategian bakarrik lan egiten duen eta bata zuria janzten duen langilea imajinatzen dute umeek, eta zientzia askotarikoa dela erakusteko lan egiten du Carrascalek: «Estereotipoak oso txikitatik sortzen dira, eta guk estereotipo horiek irauli behar ditugu. Zientzia denona da».
Erreferenteen hutsuneak bete nahi ditu Andonegik, eta, horretarako, Elhuyar zientzian nazioarteko emakume zientzialariak eta tokiko erreferenteak lotzen dituzte. Historia liburuetan agertzen den emakume multzoa txikia da, eta urrutiko erreferenteak dira maiz. «Kontua ez da soilik nazioarteko erreferente handiak erakustea, baizik eta hurbileko ikertzaileak ere ezagutaraztea», adierazi du Calvok. Asmoa da ibilbide profesionalaren askotariko faseetan dauden zientzialarien adibideak ikustea ikasleek; hau da, ibilbide desberdin eta errealistak ezagutzea.
Erreferente berriak ezagutzera emateko prozesuan oreka berezi bat mantendu behar dela azaldu du Andonegik: ezin dituzte emakumeak elkarrizketatu salbuespen bat balira bezala; horren ordez, lehentasuna eman behar zaie haien ikerketa lanei. «Ezin ditugu emakumeak elkarrizketatu emakume izate hutsagatik. Gure benetako asmoa zera da, emakume zientzialariek egiten duten ikerketa zabaltzea eta, aldi berean, argi uztea badaudela emakume zientzialariak arlo horietan», argitu du Elhuyar zientziako koordinatzaileak.
Emakumeak Zientzian egitasmoaren bidez urteetan landatutako haziak zaindu nahi dituzte. Hala ere, bide luzea dago egiteko oraindik, Calvoren esanetan: «Orain genero berdintasunari buruzko eztabaida askoz ere ageriago dago zientzian; hala ere, oraindik ez dago egiturazko konpromisorik neurri eraginkorrak eta iraunkorrak ezartzeko».