Artista

Lorea Oar-Arteta: «Jakin-mina da inportanteena: ateak zabaltzeko gogoa pizten dizu»

Material eta formatu bakoitzak bere lengoaia propioa du, eta lan prozesua baldintzatzen dute, Oar-Artetaren irudiko. Hala, hizkuntza mordo bat dago artistaren eskura: euskarri handiak, marrazki ñimiñoak, sukaldeko tresnekin egindako zarata...

Lorea Oar-Arteta bere Bilboko estudioan, asteartean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Lorea Oar-Arteta bere Bilboko estudioan, asteartean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko uztailaren 21a
05:00
Entzun

Mugarik gabeko artea aldarrikatzen du Lorea Oar-Artetak (Donostia, 1947): ateak zabaltzea, diziplinak nahi bezala uztartzea. Eta aniztasun horren erakusle du bere estudioa: Bilboko Martzana kaian kokatuta dago, eta han-hemenka daude sikatzen utzitako lanak, bozetoz josita daude hormetako batzuk, egur zatiak daude bazterretan, eta askotariko objektuek betetzen dituzte armairuak eta apalak. Musikak girotzen du anabasa hori, baita elkarrizketa ere: doinu leunak, hasieran; eta ozenagoak, tarteka, artistaren berbak lagundu eta, are, indartuko balitu bezala.

Iaz, itsasoan oinarritutako erakusketa bat eduki zenuen Bilboko Itsasmuseumen: Itsasoari so, kadmio gorria ez da etorri. Itsasoak eraginik izan al du zure lanean?

Nire bizitzan, bai; baina nire obran, ez. Esan zidaten gaia itsasoak behar zuela izan. Gauza konbentzionalago batzuk egin nituen. Gero, aretoan bazegoen leku bat, harira ez zetorrela zirudiena: larrialdietako irteera. Itsasoaren gainean hitz egitean, iruditu zitzaidan saihetsezina zela. Beste ikuspegi batzuk ere badaudelako: itsasora ateratzen den jendea, ihesbide baten bila... Jende bat ito egiten da Mediterraneoan. Erakusketan, lan egiteko bi era zeuden: batean, trebezia da nagusi —artean eman beharreko lehen pausoak—; eta, bestean, instalazioa.

Zer garrantzi zuen instalazioak?

Niretzat, interesgarriena izan zen [hainbat mihise zintzilikaturekin zegoen osatuta, eta 9x6x3 metrokoa zen]. Itsasoaz zer esango duzu, orain arte esan ez dena? Itsasoak, urdina izateaz gain, soinua ateratzen du, eta mugitu egiten da [instalazioa ere mugitu egiten zen bisitariak ondotik igarotzen zirenean, aire girotuarekin...]. 

Zergatik erabaki zenuen artera jotzea?

Euskal Filologia egin nuen, eta institutu batean lanean hasi nintzen. Baina nik gogoa nuen Arte Ederrak egiteko, eta, lanean nenbilela, ikasi egin nuen. Handik aurrera, lanean jarraitu dut: irakaskuntzan, bizimodua ateratzeko; baina baita artean ere. Bilbo Arten egon nintzen aurrena; sortu berri zuten, eta lehenengo promozioa izan nintzen. Mundiala iruditu zitzaidan: pintatzeko espazio bat izatea zuretzat, urtebeterako bada ere... Irakaskuntzatik erretiroa hartu nuenean, estudio hau aurkitu nuen. Eta, harrezkero, berton ibili naiz egunero lanean.

Arte Ederrak ikasi baino lehen, artea lantzen zenuen?

Bai, beti izan dut nire koadernoa. Adierazpide moduan, bai, erabili izan dut. Baina karrera egiten duzunean, gehiago ikasten duzu. Ikasi baino, jakin-mina sortzen zaizu. Hori da inportanteena; ez bakarrik artean, baizik eta edozer ikasten duzunean. Ateak zabaltzen dira, eta, jakin-min hori dela eta, gero eta ate gehiago ikusten dituzu, eta horiek zabaltzeko gogoa pizten dizu.

MARISOL RAMIREZ / FOKU
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Karrera amaituta, nondik jo zenuen? Erabiltzen zenituen jada gaur egungo koloreak?

Ez, ez dauka zerikusirik. Urte asko daramatzat lanean, eta egunean-egunean ikasten duzu. Kolorea inportantea da, marra ere bai, baina ez bakarrik; ze non daude pentsamenduaren edo artearen mugak? Buruari eraginda, beste nonbaitera joan nahi duzu; hasten zarenean, mundua txikitxoa da... Arteak nora eraman nauen? Ez dakit. Ni oraindik bidean nabil...

Urteekin, beraz, beste lengoaia batzuk txertatu dituzu?

Badakit nondik ez noan; bakoitzak bere maniak dauzka. Esaterako: Botticelli, Dali, Jeff Koons... Hortik ez. Beste bide batzuk hartzen dituzu, bide asko urratu: keinuak, kolorea bai edo ez, marra bai edo ez, bideoa, soinua... Edo pintura kukiak: gogoa ematen dute egiteko, satisfazioa berehala daukazu. Askotan, nire moleskine-a hartu eta marrazki txiki batzuk egiten ditut, emazteak irakurtzen didan bitartean, gosaltzen ari garela. Handian marrazteak ere satisfazio handia ematen du. Momentu honetan, ja ezin dut maneiatu bi metroko bastidore bat, baina mugi dezaket bi metroko papera, edo oihala. Adinak ere formatua baldintzatzen du.

Marrazki txikiak izaten dira abiapuntua beti?

Ez. Baina ideia bat bueltaka dabilkizunean, zure koadernoa daukazu eskura... Nik bozeto pila bat egiten dut, aspertu arte. Lagun bati erretratu bat egin diot. Bada, horma hori punta batetik bestera zegoen bozetoz beteta. Bera ez zegoen nire estudioan; Internetetik irudi bat atera, eta hortik abiatu nintzen. Lehenengo konbentzionalera jotzen dut, eta gero ihes egiten dut. Harrapatzeko keinua, begirada, ezpaina... Horma osoa betetzeaz gain, nire koadernotxoan ere apunteak hartu nituen, marrazki txiki batzuk egin. Ikasi behar duzu ea zer dioen aurpegi horrek, ea zer gauza interesgarri atera dezakezun.

«Momentu honetan, ja ezin dut maneiatu bi metroko bastidore bat, baina mugi dezaket bi metroko papera, edo oihala. Adinak ere formatua baldintzatzen du»

Ikusten den horretatik harago, ezta?

Bai. Nik bera ezagutzen dut, estimatzen dut, eta maite dut pila bat... Eta egin behar dut ni ere harro egoteko zerbait. Nire lan prozesua halakoa da: bozeto pila bat egiten dut. Batzuetan, interesgarriagoa da bozeto arin bat, obra landuago bat baino.

Lan abstraktuetarako ere bozetoekin lan egiten duzu?

Buruan daukat zer esan, baita eskuan ere. Erabiltzen duzu ikatza, edo akrilikoa, edo landareak... Bai, bai: besterik ez duzunean, naturak pila bat material ematen du. Ni moskito bat naiz, dena aprobetxatzen dut. Lanean, brotxa handiak erabiltzen ditut; badakizu zenbat pintura dagoen hor? Horrek eraman egiten zaitu. Keinu interesgarri bat egiten duzu, eta erabakitzen duzu: «Bada, hemendik jarraituko dut».

Inoiz esan duzu material bakoitzak bere lengoaia daukala.

Bai. Pintatzen badut poltsan beti eramaten dudan koaderno txiki horretan, edo zapi baten gainean... horrek baldintzatu egiten du. Eta pieza handi bat egiten baduzu, brotxa handi batekin, materialak berorrek aginduko du nola egin; hizkuntza bat eskatzen du. [Sofatik altxatu da, eta ondoko armairutik hainbat erroilu atera ditu. Bat zabaldu du]. Hemen ura ezin duzu erabili, ze papera apurtu egiten da; orduan, olioa erabiltzen duzu. Eta olioak ematen duen kolorea ez da erraz lortzen beste materialekin... Baldintzatzen du.

«Notizietan, zenbakiak agertzen dira bakarrik: honenbeste hildako egon dira. Baina hil ez denak ere agian hanka falta du, edo ama falta du... Hori nola kontatu? Soinua tresna bat izan daiteke»

Testurari ere arreta handia ipintzen diozu: akuarela erabiltzen duzu mihiseak testura jakin bat har dezan; olioa, beste bat lortzeko... Nola lantzen duzu testura?

Testura partaidea da. Papera lurraren gainean ipintzen baduzu, behean dagoena agertuko da [zoladuraren junturak eta formak]; egurrezko zutabe horren kontra ipintzen baduzu, beste testura bat agertuko da... Teorian, akuarela batek izan beharko luke argia eta garbia, baina, esate baterako, Martha Jungwirthek arau guztien kontra erabiltzen du, eta oso interesgarria da [Bilboko Guggenheim museoan dago Jungwirthen erakusketa].

Zergatik?

Akuarela erabiltzen duzunean, ematen duzu kolore arin bat, eta haren gainean beste bat... Ezin zara beltzetik hasi. Baina zu zara nagusia zure lanean. Jungwirthek beste era batera darabil, eta emaitza beste bat da. Edo ikatzak ere bere hizkuntza dauka, bere nortasuna: askotan, lana zikindu egiten du. Borrokan ari zara materialarekin. Eta testurekin, berdin.

Kontatu nahi duzunaren arabera material bat edo beste aukeratzen duzu, edo hori ere prozesuak berak ezartzen du?

Prozesuak. Eta, esate baterako, nik orain daukadan espaziorik ez banu, horrek ere baldintzatuko luke. Hasieran, etxeko sukaldean egiten nuen lan, eta hango mahaiak agintzen zuen. Eta, porrusalda egiten ari bazara, agoarrasa erabiltzea...

Batzuetan, formatu handira jotzen duzu. Zer eskaintzen dizu?

Uste dut obra indartsua sortzen dela. Eta keinu hau egin dezakezu [bi besoak zabaldu ditu]; koaderno txiki batean, ezin duzu keinu hori egin, eta ezin duzu brotxa handi bat erabili. 

MARISOL RAMIREZ / FOKU
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Soinuarekin ere esperimentatu izan duzu: adibidez, musika egiten duzu egunero oharkabean pasatzen diren zaratak erabilita. Alde horretatik, Bilboko Le Larraskito kluba mugarria izan zen zuretzat.

Bai, Le Larraskito kluba eta Miguel Angel Garcia. Niretzat, musika zen musika konbentzionala: Xostakovitx, Mahler... edo Billie Holliday... Mundu berri bat zabaldu zidan. Jende askok ez du Le Larraskito ezagutuko, baina handik pasatu da musika esperimentalaren munduko jende oso interesgarria. Kontzertuak egiten ziren astero.

Nola hasi zinen bide horretan?

Bideoak eraman ninduen hara. Edozein modutan, nork dio non bukatzen den gauza bat, eta non hasten den bestea? Bideo bat egitean, soinu bat sartu behar duzu; norberak egin duen bat izan daiteke, adibidez. Ni hortik hasi nintzen. Orain gutxi, hau egin dut [sakelakoan, bideo bat ipini du: hondo beltza du, eta, tarteka, zifra batzuk agertzen dira. Soinu kirrinkari bat aditzen da aurrena, desatsegina]. Tenedore bat, metalezko tapa bat eta plater bat erabili nituen, eta soinurik txarrena, mingarriena ipini dut pieza horretarako. Notizietan, zenbakiak agertzen dira bakarrik: honenbeste hildako egon dira. Baina hil ez denak agian hanka falta du, edo ama falta du... Datu horiek ez dira ematen. Hori nola kontatu? Soinua tresna bat izan daiteke. Argi daukat pentagramatik kanpo ere mundua dagoela; nik ez nuke ezer baztertuko.

Txaranga Urretabizkaiarekin batera esperimentatzen duzu soinuarekin, adibidez.

Txaranga Urretabizkaia miresten dut, eta hara non esan zidaten ea partaide izan nahi nuen. Orain gutxi, [Donostiako] Tabakaleran soinu instalazio bat eduki dugu [Zortzia etzan]; hiru hilabetez egon da han. Oso pieza interesgarriak dira; zailak, batzuetan.

Zailak jotzeko, edo ulertzeko?

Ulertzeko, eta tragatzeko.

Soinu oso desatseginak direlako?

Batzuk, bai. Eta hainbat jendek egindakoak dira. Egin eta grabatu egin ziren. Normalean, lekuan bertan entseatzen dugu, eta ez dira grabatzen; tokatzen den egunean jotzen dira. Kontu performatiboak ere badauka bere garrantzia txarangan. Baina, oraingoan, disko bat aterako dugu; eta, txarangaren lehenengo diskoan, pieza bat nirea da: mundiala iruditzen zait.

«Txaranga Urretabizkaiaren lehenengo diskoan, pieza bat nirea izango da: mundiala iruditzen zait»

Zer soinu erabili dituzu zure piezarako?

Nire pieza Staccato deitzen da. Txarangak haize instrumentuak baino ez ditu erabiltzen. Baina nire piezak ditu, alde batetik, musika tresnak, eta bestetik, egurrezko hagaxka batekin egindako soinuak. Eraikinean egurrezko eskailera batzuk daude, tabako fabrika zen garaikoak. Barandaren gainekoa ere egurrezkoa da, baina barroteak metalezkoak dira. Hagaxka bat erabili nuen, malgua eta zurruna dena, baita sendoa ere. Hagaxka barrote horietatik pasatzen baduzu, staccato bat ateratzen zaizu. Espazioa ere indartsua da, eta soinuak erreberberatu egiten du. Gu mugitu egiten ginen. Eta zortzi bozgorailu ipini genituen, eta bakoitzaren gainean, grabagailu bat. Soinua leku desberdinetatik eman eta hartzen da; beraz, soinuak bere dantza egiten du.

Aipatu duzu lanaz harro sentitu nahi duzula. Oinarrizkoa da hori?

Funtsezkoa da jakitea lana ondo dagoela. Elementuek baldintzatzen dute, baina denborak ere bai. Astirik badaukat, nik ez dut lan bat bukatutzat emango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.