Jaizkibelgo geologia, itsas bioaniztasuna, lurreko bioaniztasuna eta arkeologia biltzen ditu Jaizkibel Amaharri liburuak. Jaizkibel inguruko urpeko zein azaleko bioaniztasunaren eta geodibertsitatearen inguruko balio eta ezagutzak biltzen ditu liburuak hiru hizkuntzatan.
Jaizkibel Amaharri liburu bat baino zerbait gehiago da. Egitasmo zientifiko eta sozial bat da. Liburuaz gain, erakusketa ibiltaria, 2016an Donostian egingo den kongresua eta 2014an estreinatuko den dokumentalak osatzen dute Jaizkibel Amaharri-Jaizkibel-Ulia 2016 egitasmoa.
Jaizkibel mendiaren eta haren itsas eremuaren zientzia, geologia, natura, kultura eta gizarte arloko altxorrak azpimarratu nahi izan dituzte proiektuaren bultzatzaileek; hain zuzen ere, jendeari eta zientzialariei esparru horren berri emateko.
Liburu hau egiteko, lurraren azken 50 milioi urteetako historia geologikoa aztertu dute, Zumaiatik abiatu eta Hondarribirantz joanda (Gipuzkoa), Jaizkibelgo urpeko eta azaleko altxorrak topatu arte. Jaizkibelek eta Uliak duten balioa aintzat hartzen duen formatu eta diziplina anitzeko lehen obra kolektiboa izan da liburua.
Liburuaren edukiari dagokionez, lau zatitan banatuta dago: geologia, itsas bioaniztasuna, lurreko bioaniztasuna eta arkeologia.
Lehen atalean, Jaizkibel mendiaren haitz azaleramenduek, Hondarribitik hasi eta Zumaiako Itzurun hondartzaraino hedatzen direnek, hartzen duten unitate geologikoaren ekialdeko hegala azaltzen da. Jaizkibel nondik sortu zen ere azaldu dute atal horretan. «Atal hau asko landu dugu, Jaizkibelen alderik ezkutuena zela uste genuelako», azaldu du liburuaren aurkezpenean Enara Marcosek, liburuan parte hartu duen biologoak. Euskal Kostaldeko Geoparkea handitzeko proposamena azaltzen duen azpiatal bat ere badago.
Bigarren atalean, berriz, aniztasun handiko urpeko ingurunea ikus daiteke, bai topatu daitezkeen espezieen aldetik eta baita zola motei dagokienez ere. Alde batetik, ingurune horren kontserbazio osasuntsuak hainbat espezie kopuru handian garatzeko aukera ematen duela azaltzen du liburuak. Bestalde, animalia eta alga horietako asko nazioarteko eta bertako hitzarmenez babestuta daudela azaltzen du. Bide batez, zetazeoei buruzko azpiatal bat ere badago bigarren zati horretan.
Lurreko bioaniztasunaren atalean, Jaizkibel-Ulia lurretako biotopo aberatsa erakusten du liburuak. Bertako flora, txilardi, otadi, amezti eta haritzek osatzen dute. Jaizkibel-Uliako lurrek habitat eta biotopo aberatseko mosaiko bat osatzen dute. Baldintza klimatikoak, itsasoa hurbil izateak eta argitasunak baldintzatzen dute bertako landaredia, liburuan diotenez. Atal horretan flora eta fauna azpiatalak daude, eta azken horretan hegaztiak, hainbat anfibio eta narrasti, intsektuak eta babestutako espezieak zein diren azaltzen dira.
Arkeologia eta historiarena da liburuaren azken atala, eta Jaizkibelgo ondarearen hauskortasuna azpimarratu dute bertan. Higadurak, kontrolik gabeko bisitarien etorrerak eta Jaizkibelgo euriteek kalte handiak egin dizkiote ondare horri.
Paisaia ederrak
Kolorez, edertasunez eta bazter guztietan ageri den paisaia naturalaren argazkiz beteta dago liburua. Gainera, osagarri moduan, inguruaren mapa bat ere badu liburuak. Liburua eta horren osagarri den webgunea lehenbiziko multimedia eta multidiziplina izaerako lana da, eta ikuspegi integratzailea eta orokorra du. «Liburua 41 argazkilarik egindako argazki ederrez eta bederatzi idazleren kolaborazio lanarekin egin dugu», adierazi du Jose Manuel Cortizok, Jaizkibel Amaharri eta Jaizkibel-Ulia 2016 proiektuaren koordinatzaileak. Idazleen artean, Victor Hugo idazleak Jaizkibelgo ibilbideetan zer bizipen izan zituen irakur daiteke.
Txomin Sagarzazuk Hondarribiko Kultura zinegotziak dioenez, «Jaizkibel mendia gure natur ondarearen erreferentzia nagusietako bat da, bai hondarribiarrentzat eta bai inguruko herrietakoentzat ere».
Liburuaren helburua, ondare naturalari dagokion balioa ematea eta behar bezala babestea da. Liburua egiteko, Euskal Herriko parajeen aberastasuna bilatu nahi dutenen jakinduria bildu nahi izan da, horrela hainbat alorretako ezagutza zientifikoa modu ikusgarri eta aberasgarrian helarazteko irakurleari: «Artea eta jakinduria uztartu dira emaitza honetan», azaldu du Sagarzazuk. Bide batez, «Jaizkibel mendiko ondare naturala eta kultura ezagutzera ematea da helburua», gaineratu du Marcosek.
Proiektu honek, liburuaz gain, erakusketa ibiltari bat eta 2014an estreinatuko den dokumental bat ere baditu. Horien bitartez ere, hainbatentzat ezezagun den ingurunearen aberastasuna ezagutarazi nahi dute. Webgunea ere martxan dute: www.jaizkibelamaharri.org web
Besteak beste, ondorengo saltokietan eros daiteke liburua: Irunen, Oskarbi liburu dendan, Kopiarten eta Lakaxitan; Hondarribian, Olearso liburu dendan eta Arma Plaza fundazioan; Donostian, Hontza liburu dendan, Club Vasco de Campingen, Kaxilda liburu dendan, Lagun liburu dendan, Idatz liburu dendan eta Donosti liburu dendan; Errenterian, Xenpelar kultur dendan, eta Lezon, Jaizkibel ibilbideko kioskoan.
Jaizkibel, ondare aberatsa
Jaizkibel mendiak ondare ikusgarriak batzen ditu, eta, hala, mendia, itsas eremua, natura eta kutur arloko altxorrak bildu dituzte 'Jaizkibel Amaharri' liburuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu