Donostiako Urbieta kaleko etxe handi batean jaio zen Koro Zumalabe (Donostia, 1947), eta etxe horretan bertan bizi da egun. Haren aitak —Joxe Migel Zumalabek— egindako koadroek apaintzen dituzte etxeko txoko ugari, baita haren senarra zenaren —Patxi Irizarren—, alabaren eta bilobaren argazkiek ere. Beheko suaren ondoko mahaian, BERRIAren ale batzuk daude —haren anaia Joxemi izan zen Euskaldunon Egunkaria-ren sustatzaile nagusia—, eta amarenak izandako katilu batzuk, kafez betetzeko prest; agian, inoiz hortik edango zuten Carlos Santamariak, Elbira Zipitriak, Txillardegik edo Koldo Mitxelenak.
Koro Zumalabe bakarrik bizi da jaio zen etxean. Alaba, arreba, emaztea, ama eta amona da, baina ez hori bakarrik: matematika irakaslea eta itzultzailea izan da ofizioz; Donostian, Zaragozan (Espainia) eta Parisen bizi izan da; eta euskaltzalea da. «Bizitza ederra da. Ederra da... batzuetan. Zortea izan dut», aitortu du.
Euskaltzale jaio zinen?
Baldintza guztiak betetzen nituen. Jaio naizen etxeko fruitu bat naiz, besterik gabe. Beste batzuk esanguratsuak izan dira; nire anaia eta aita, adibidez. Nik, berriz, naizen modukoa izan behar nuen. Etxe hau amaren familiarena zen: Goenaga familia oso euskalduna izan da eta da. Zumalabetarrak, ez hainbeste: nahasketa gehiago dago. Ni hemen jaio nintzen, oso toki euskaldunean.
Horrelako etxe asko ez zeuden Donostian, jaio zinenean.
Gerra ondoren jaio nintzen ni, eta etxe euskaldun asko zeuden; euskara etxe barruan egoten zen. Euskaltzaleak ez ziren hainbeste. Gu Elbira Zipitria irakaslearekin ibili ginen, eta horrelako familiak bazeuden Donostian; asko, ez.
Elbira Zipitriaren ikaslea izan zinen, beraz.
5 urterekin joan ginen Elbira Zipitriarengana. Eskola bere etxean jarri aurretik, etxe honetan eman zituen klaseak. Lau urte egin genituen harekin. Nik uste dut oso irakasle ona zela, eta oso zorrotza. Pedagogikoki oso berritzailea zen. Garai hartan, irakasle batek legez eman zitzakeen klaseak bere etxean, hamar ikasle edo gutxiago baldin baziren. 9 urterekin batxiler aurreko ikasturtea egiten genuen; nik, San Bartolomen.
«5 urterekin joan ginen Elbira Zipitriarengana. Eskola bere etxean jarri aurretik, etxe honetan eman zituen klaseak»
Aldaketa nabaritu zenuen?
Ikaragarria. Elbirarekin egunean bi ordu egoten ginen, eta azken urtean ordubete gehiago egoten ginen erdaraz ikasteko. Gelan hamar ginen. Kolegioan, masifikazioa zen shock handiena: gela handiak ziren, bakoitzean berrogei, denak uniformea jantzita, denak berdin, dena erdaraz. Nik ulertzen nuen, ikasi nuelako: ondo prestatuta joaten ginen ikasketak egiteko, baina elkarrizketak egiteko ez. Zumalabe nintzen, eta azken lerroan egon behar izaten nuen: urtebete isilik egin nuen.
Santo Tomas lizeoa sortu gabe zegoen artean.
Gure aita irakasle izana zen —garai hartan eraikuntzan zebilen—, eta gaztetatik izan zen Carlos Santamariaren oso laguna. Bai bata eta bai bestea ez zeuden gustura fraideen irakaskuntzarekin, eta Koldo Mitxelenarekin elkartu ziren, hura ere irakaslea, eta pentsatu zuten sortu behar zela toki bat euskaraz irakasteko, eta irekia. 1960an sortu zuten Santo Tomas lizeoa, eta hor egin zuten batxilergoa nire anaiak, Antton Santamariak eta Itziar Mitxelenak.
Unibertsitatean zein ikasketa egin zenituen?
Matematika ikasi nuen. Niri hizkuntza gustatzen zitzaidan, baina orduan ezin zen Euskal Filologiarik egin; klasikoa edo hispanikoa egin behar zen. Horiek alboratu nituen, eta iruditu zitzaidan Matematika bide ona zela; aitaren alorra ere bazen. Gainera, ez zeukan inplikazio linguistikorik eta politikorik. Oso aseptikoa zen.
Non ikasi zenuen?
Zaragozan. Orduan hemen ez zegoen unibertsitaterik. Karrera ikasten genuen guztiok kanpora joaten ginen.
Nolakoa izan zen Zaragozako aldia?
Ona. 1965etik 1970era egin nituen ikasketak...
«Zuzendariari esan gabe, ikasleei esan genien ea nahi zuten klaseak euskaraz ere ematea. Berehala, baietz»
1968ko maiatzaren garaian.
Hori da! Hor, bete-betean, lehenengo esloganak... Niretzat, dena berria zen. «Johnson, criminal. Deja en paz al Vietnam» [Johnson kriminala, utz ezazu bakean Vietnam], zen eslogan bat. Euskaldun asko geunden Zaragozan, denak erdaraz ikasten. Bazegoen euskaraz ez zekien euskal herritarrik ere. Coro Vasco deitutako abesbatzan elkartzen ginen asko: kantatu egiten genuen. Horren inguruan, hasi ginen batzuk besteei euskara klaseak ematen. Aldizkariak ateratzen genituen, eta artikulu batzuk euskaraz idazten genituen.
Garai berezia izan zen, beraz.
Oso. Urte horiek ere frankismo berantiar samarrean zeuden, eta nabaritzen zen. ETA ja sortuta zegoen. Ez zen armatua, baina bazegoen. Ikasleen artean egiten zuten kanpaina. Ez haiek bakarrik: PCEkoek, eta besteek, eta besteek. Saltsa zegoen.
Matematika ikasten, gehienak mutilak ziren?
Neskak hirutik bat ginen. Hala ere, gogoratzen dut kolegioan izan genuela emakumeen kontzientzia; denak neskak ginen. Nire lehengusina batek ikasi zuen, banketxe batean lan egin zuen, 24 urterekin ezkondu zen, eta lana utzi zuen; hori asko egiten zen. Guk oso garbi eduki genuen ikasi egingo genuela, eta umeak izaten bagenituen ere, lan egin behar genuela.
Donostiara itzultzean, laster hasiko zinen lanean.
Hasieran Villabonan [Gipuzkoa] eta Zabalegin [Hernani, Gipuzkoa] egon nintzen, eta, geroago, Beasainen [Gipuzkoa].
Matematika irakasle.
Bai. 1973tik 1977ra egon nintzen han; orduan hil zen Franco. Institutuko ikasle asko euskaldunak ziren, eta euskal kontzientzia piztuta geneukan. Etorri zen zuzendari bat, oso demokrata, bere esanetan. Irakasle batzuek esan genuen: «Bai? Hasi behar dugu klaseak euskaraz ematen». Klase guztiak erdaraz ematen ziren. Berari esan gabe, ikasleei esan genien ea nahi zuten klaseak euskaraz ere ematea. Berehala, baietz. Klaseak ematen hasi ginen, euskaraz eta erdaraz.
Zuzendariak zer esan zizuen?
Haserretu egin zen, eta esan genion demokrazia zela: ez zuen lortu atzera egitea. Hasi ginenean, materialik ez genuen. Andoni Sagarna, Pedro Migel Etxenike eta beste batzuk Ingeniaritza ikasten ari ziren Donostian, eta taldetxo bat zeukaten. Haiekin hasi ginen ikasmaterialak euskaraz sortzen. Haiek gero Elhuyar sortu zuten.
Donostiako Itzultzaile Eskola zer izan zen zuretzat?
Nire bizibidea aldatzeko modu bat ikusi nuen; gainera, euskarari helduta. Irunen nenbilen lanean, eta nire bizitza pertsonala zaildu zen. Eskatu nuen eszedentzia, eta Parisera joan nintzen, gauza guztiekin mozteko, baita irakaskuntzarekin ere. Neguko hilabeteak egin nituen Parisen. Orduan hasi zen Informatika, eta izena eman nuen. Proba bat izan zen; gero ez nuen jarraitu.
Frantsesez bazenekien?
Bai, eta han gehiago ikasi nuen. Elbirarengana joaten ginenean, klaseen aurretik Iparraldeko emakume batengana joaten ginen; Felitxu Eraso izena zuen. Hark frantsesez erakusten zigun.
Parisko egonaldia, beraz, eten bat izan zen?
Bai, bidegurutze bat.
Zer bide aukeratu zenuen?
Itzultzaile eskolan jarraitu nuen. Garai horretan sortu zen ETB. Itzultzaile eskolara joan ginen euskara ikasketarik ez zuen jende euskalduna, eta hortik batzuk ETBra joan ziren. Paristik bueltatu nintzenean, astelehenetik ostiralera joaten nintzen eskolara. Zuzendaria Xabier Mendiguren zen, hil berri dena. ETBrako filmak itzultzen eta egokitzen hasi nintzen, etxetik. Orduan eduki nuen alaba. Etxean lan egiten nuenez, eromena zen. Orduan, ikusi nuen Zarauzko Udalean euskara teknikari izateko postu bat eskaintzen zutela, eta hartu ninduten urtebeterako.
Zer urtetan?
1988an. Oñatin bizi ginen orduan. Senarra hangoa nuen; liburu denda bat izan zuen, eta ezagutu nuenean Elkarrekoekin liburuak saltzen ibiltzen zen azoketan. Alaba jaiotzean, Donostiara etorri ginen bizitzera. Artean sortu gabe zuten Egunkaria, eta Argia merkeago ateratzeko kalkuluak egiten ibiltzen zen beti nire anaia. Antza inprimategia sortu zuten. Jendea behar zuten, eta nire senarra hartu zuten.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuan itzultzaile lanetan hasi zinen zu.
Postua aterata, 1991n hasi nintzen hor lanean, eta han jubilatu nintzen, 2011n. Lehen, inprimakiak gazteleraz baino ez zeuden, eta horiek euskalduntzen joan ginen, besteak beste.
Joseba Barriola joan zen behin zuengana.
Egia! Bagera elkartea sortzeko. Josebak Arrasateko AED [Arrasate Euskaldun Dezagun] ezagutu zuen. Gotzon Egia, zerbitzuburua, eta Joxean Amundarain lankideak ziren, eta haiei asmoak azaldu zizkien: haren asmoa zela euskara bultzatzeko herritar elkarte bat sortzea. Ni gertu nengoen, eta entzun nuen. Joxean eta ni berotu ginen, eta Bagera sortzen hasi ginen.
Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-en teoriaren zaleak zineten.
Txepetx, garai hartan, oso estimatua eta irakurria izan zen euskaltzaleen mugimenduan, baina gero ez zaio jarraitu, nire ustez. Egiten zituen analisiak eta aurreikuspenak ari dira betetzen.
Adibidez?
Haren teoriaren muina da motibazioak eramaten duela jendea ikastera, eta, behin ikasita, berriz ere motibazioa behar dela erabiltzeko. Euskara ikasi duenak erabili ahal izan dezan, baldintza batzuk behar ditu: inguruan erabiltzea, adibidez. Erabilera ez baldin badago, berak bilatu egin behar du, eta Ruper Ordorikak esaten duen bezala: «Ze nekeza dan euskaldun izatia». Motibazio handia behar da erabiltzeko. Erabilerak berak kultura ematen badizu eta bere adierazpen eder hori baldin badauka, motibatuta zaude gehiago ikasteko eta euskaldun oso bihurtzeko.
Motibazioa nabaritzen duzu?
Behera eta behera joan da, eta besteek eremua daukate oldartzeko. Orain ari dira erabilera piztu nahian, baina motibazioa behar da. Oldarraldia —eta hezkuntza legearekin gerta daitekeena— faena bat da, baina euskalgintzari esker, eta erreakzioz, ematen du pixka bat pizten eta konpaktatzen ari direla euskaldunak. Trinkotzea da Txepetxen beste kontzeptu bat. Euskal hiztunek trinkotu behar dutela dio: gorpuztu behar dute hizkuntza eta kultura, herria. Horrela barruko indarra sortuko da, motibazioa.
Nolakoa da zure bizitza erretiroa hartu zenuenetik?
Nire senarra gaixotu egin zen. Iaz hil zen, baina aurreko urteak hari begira pasatu ditut.
Zure aitaren lana zabaltzeaz ere arduratu zara.
Bai. Gure aitarentzat pintura gaztetatik izan zen bere gauzarik gustukoena. Bere amak esaten omen zion: «Nik badakit zein den zure kuttuna: pintura». Hain gizon euskaltzale eta burutsu haren pintura ekarpen bat da euskal kulturarako, nire ustez.
Etorkizunari zer opa diozu?
Bizitzeko gogoa izatea. Zereginak dauzkat, asko artatzen nauen alaba bat, hark bi urteko alabatxo zoragarri bat dauka — txoratuta nago berekin—, lagunak ditut, eta ez naiz geldirik egoten. Ondo kokatuta nago, baina ez daukat nire senarra zenak, Patxik, zeukan indar hura, eta falta zait. Hala ere, tokatu zaidan lekuan egon naiz, eta gustura nago horrekin.