«Konputazio kuantikoa da orain dugun irtenbide bakarra», esan du Mateo Valerok. BSC Barcelona Supercomputing Centerreko zuzendaria Donostian izan da itun bat sinatzen DIPC Donostia International Physics Centerrekin, Ikerbasqueko ikertzaileek Kataluniako Mare Nostrum superordenagailua erabil dezaten. Mooreren legearen heriotzaz haragoko mundua prestatzen ari dira. Valerok uste du bost urte barru prozesagailuak miniaturizatzen jarraitzeko aukera amaituko dela. Zazpi nanometroko neurrian dabiltza orain, eta uste du litekeena dela bostera heltzea, baina hortik harago ezingo da eskala txikiagoan egin, tamaina horietan fenomeno kuantikoak agertzen direlako. Horregatik, Valerok azaldu du gaurko prozesagailuak ere ezegonkorrak direla. «Ordenagailu egonkorrak egiten ditugu egun, egonkorra ez den logika baten gainean». Duela 10-13 urte amaitu zen prozesagailuen abiada handitzeko aukera, gehiegi berotzen zirelako. Gehiago jartzea izan da konponbide bakarra. «Mooreren legea amaitu da, beraz, eta beste teknologia batzuk behar ditugu. Konputazio optikoak huts egin du, eta zalantza asko daude konputazio kuantikoaz, arazoak dituelako, baina, enpresa handiak sartzen direnean, aurrerapen handiak egiten dira».
Egindako aurrerapena ikaragarria izan dela nabarmendu du ingeniariak. Duela 70 urte, ordenagailurik azkarrenak Alemanian egiten zituzten, eta gaurkoak 10
Hilda eta bizirik
Baina zergatik izan daitezke horren indartsuak ordenagailu kuantikoak? Prozesagailu klasikoak bitarrak dira; hau da, informazioa bitetan kodetzen da, eta bit bakoitza egoera zehatz batean egon daiteke: 0 edo 1, transistore bat piztuta edo itzalita egon daitekeelako. Ordenagailu kuantikoaren funtzionatzeko moduak, ordea, ez du zerikusirik horrekin: qbit edo bit kuantikoetan kodetzen da informazioa, eta horiek egoera batean baino gehiagotan egon daitezke aldi berean, une berean bizirik eta hilda egon daitekeen Schroedingerren katu ospetsua bezala.
Funtsean, ordenagailu guztiak dira kuantikoak, txip guztietako elektroiek jarraitzen dietelako fisika kuantikoaren printzipioei, Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak azaldu duenez. «Baina ordenagailu kuantikoa beste zerbait da: lehen aldiz, konputazioak kuantikaren printzipioei jarraituko die». Bigarren iraultza kuantikoa deitu duena prestatzeko, kongresua antolatuko du DIPCk, Donostian, uztailaren 22tik 26ra.
Konputazio kuantikoa luzerako kontua dela esan du BSCko zuzendariorde Josep Maria Martorellek. Gogoratu du Europako batasunak HPC Ahalmen Handiko Konputazioa egitasmoa duela eta, horretan, 2025. urterako ordenagailua nolakoa izango den aztertzen ari dela. Hortik aurrera, egitasmoaren bultzatzaileek esan dute litekeena dela konputazio kuantikoa eta klasiko-kuantiko hibridoak problema errealak konpontzen ikustea. «Orain dugu guk garaia ikusten hasteko zein ekarpen egin dezakegun konputazio kuantikoaren iraultza horretan», adierazi du Martorellek. Hardwarea zein softwarea landuko dituzte Donostiako eta Bartzelonako ikertzaileek. «Ikusiko dugu gure zientzialariek eta industriak dituzten arazo errealetatik zeintzuk konpondu ahalko diren oraindik ez ditugun algoritmoekin, oraindik existitzen ez diren makinetan. Balizkoa da dena, baina horretan dago grazia».
Mare Nostrum ordenagailua eliza izandako batean dago. Ordenagailu klasikoa da, bitarra. Errealitatea ez da bitarra; mekanika kuantikoaren arabera funtzionatzen du. Ordenagailu kuantikoak, beraz, unibertsoaren errealitatetik gertuago egingo du lan. Bitartean, Mare Nostrum-ekin moldatu behar, Jainkoaren garunera hurbiltzen saiatzeko.