Telesailak

Jainkoak salba beza erregina

Britainia Handiko 'The Crown' telesaila Margaret Thatcher eta Diana printzesaren garaira heldu da laugarren sasoian. Telesailak tarte zabala eskaini die bigarren mailako pertsonaiei

Denboraldi berrian hiru emakume dira protagonista: Galesko Diana, Elizabeth II.a eta Margaret Thatcher. NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Martxa militarra, IRAren mezu erasokorra eta Thatcherren Belfasteko hitzaldi mitikoa. Denak batera entzun daitezke The Crown telesailaren emanaldi berriaren lehen minutuetan. Kontakizuna, ordea, ez da gerra, erlijio edota politika estrategien ingurukoa. Erresuma Batuko monarkiaren barrunbeak ditu ardatz.

Laugarren denboraldira heldu da Peter Morganek gidaturiko telesaila; fruitu gozo baten modura ondu da, eta maisulan izatetik gertu dago. Atalez atal, alor formala findu, bi denboraldiz behin aldatzen den aktore taldearen trantsizioa erraztu eta sakontasun dramatikoa areagotu ditu Morganek. Elizabeth II.a, Margaret Thatcher eta Galesko Diana printzesa dira laugarren saio honetako protagonistak, eta euren rola jokatu dute, hurrenez hurren, Olivia Colman, Gillian Anderson eta Emma Corrin aktoreek.

Falklandetako Gerra, Hego Afrika eta apartheida, Louis Mountbatten erregetzako kidea IRAk erail zuenekoa... Telesailak 1980ko gertakari historiko askori egin die erreferentzia. Baina politika eta gizarte gaietatik harago, bada berezko distira duen pertsonaia bat: Galesko Diana printzesa. Haren figura baliatuta, esparru intimoan loratu da The Crown. Izan ere, urteak joan eta urteak etorri, hori izan da telesailaren bertute nagusia, pisu handiko gertakariak giza eremura eramateko duen trebezia.

Lady Diren presentzia elektrikoa da, eta, aldi berean, tragikoa. Ikusleek badakite zein izan zen bere patua, eta horrek ezinbestean zipriztintzen du eszena oro. Galesko bikotearen harreman gorabeheratsuarekin batera, bigarren mailako pertsonaiei inoizko tarterik zabalena eskaini die telesailak. Dena den, koroaren egituran pitzadurak sumatu bezain laster agertuko da erregina erdigunera, oreka bermatzeko prest.

Atal berrietan Elizabeth II.a sarritan agertzen da eguneroko jarduera arruntak egiten, eta hori izan liteke omisio historiko jakinak ulertzeko giltza. Thatcherren aroa Ronald Reagani erabat lotuta dago. 1985ean, Galesko Karlos eta Dianak bidaia instituzionala egin zuten Etxe Zurira; The Crown-ek, ordea, izkin egin dio horri guztiari. Gertakari erraldoiei tiraka aritu ordez, Morganek eta bere lantaldeak istorio pertsonalen aldeko apustua berretsi du. Neoliberalismoaren sorburura jo ordez, nahiago izan du Burdinazko Damaren bihotzera gerturatu.

Oraingoan, sortzaile taldeak arreta bereziz erreparatu dio erregetza eta parlamentu girotik urrun bizi diren biztanle xumeei. Haiei osorik eskainitako atal eder batean ilustratu du herritar xeheak eta Buckingham Palace bereizten dituen amildegi erraldoia.

Denei ahotsa eman nahian, ordea, telesailak tupust ere egin du. Beste behin ere, atal indibidualak lehenetsi ditu, pertsonaia edota gai jakinen inguruko pieza monografikoak. Horrenbeste zeharbide eskura edukita, pena da oztoporik gabeko errepide nagusia hautatu izana.

Hala ere, bertuteak askoz gehiago dira gabezien aldean. Telesail aberatsa da The Crown, hamaika istorio interesgarriz josia eta indar emozionalez betea. Egungo telesailik onenetako bat da, eta desagertzen ari den iraupen luzeko ereduaren ikurra ere bai.

'THE CROWN'
Sortzailea:Peter Morgan.
Aktoreak:Olivia Colman, Emma Corrin, Gillian Anderson, Josh O'Connor, Tobias Menzies.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.