Besta: hitz horrekin deskribatu zituen Ernest Hemingway idazle estatubatuarrak Iruñeko sanferminak. Txunditurik geratu zen Iruñeko giroarekin, musikarekin eta etengabe dantzan aritzen ziren herritarrekin. Ardoarekin ere txoraturik; erruz edan zuela dirudi. Mende bat geroago etorri izan balitz, aho bete hortz geratuko litzateke giroarekin: ez baita bestarik. Ez luke musikarik eta dantzarik aurkituko bazter guztietan. Haren eleberria irakurtzea izan daiteke bestan murgiltzeko biderik onena orain.
Sanferminik gabeko urtean argitaratu dute Hemingwayren Fiesta. Eguzkia jaikitzen da euskaraz (2021, Erein eta Igela). Parisen abiatzen da istorioa, baina Euskal Herrian gertatzen dira pasarterik esanguratsuenak: Baionan, Miarritzen (Lapurdi), Iruñean, Auritzen (Nafarroa) eta Donostian, besteak beste. Iruñeko sanferminak xehe-xehe azaltzen ditu, baita Auritz inguruetako arrantza kontuak ere. «Gizaldi bat badoa, gizaldi bat heldu da; baina lurra hala-hala dago beti», dio liburuaren hasierako Biblia Santuaren aipuak. Eta hala da: mende bete geroago, bestarik ez da Iruñean, baina lurra hala-hala dago.
Lainoturik iragan dira sanferminak ospatzekoak izan beharko luketen lehenbiziko egunak Iruñean. Euria ere egin du tarteka. Hala, lainoturik ikusten dute askok egoera, COVID-19aren pandemiak gogor jo duela beste behin ere. Ez da bestarik. Bada karrikan zuri-gorriz jantzi denik, baina, egunek aurrera egin ahala, gero eta gutxiago dira. Askok nahiago dute zain egon, pentsatuz inoiz berriz ere jaikiko dela eguzkia.
Estafeta karrikako denda baten atarian dago Hemingway, gora eta behera dabiltzanak zelatatzen. Panpina bat da, noski, baina inguru horietan ibili zen idazle estatubatuarra. Quintana hotelean hartzen zuen ostatu, eta Montoia izenarekin bihurtu zuen bere pertsonaien aterpe. Gaur egun itxita dago, eta plazaren beste puntan dagoen La Perla hotela da Hemingwayren irudia esplotatzen duena, hango 217. gelan aterpe hartu zuelako. Aurten ederki deskantsatuko zuen, plazan ez baita bestetako ohiko harrabotsik. Uztailaren 6aren aurretik, Pirinioetara jo zuten pertsonaiek, Auritzera (Nafarroa). Bestarik gabe, plan polita izan daiteke inguru hartara txango bat egitea.
Auritzerako bidean
Autobusean egin zuten bidaia Hemingwayren eleberriko pertsonaiek Auritzeraino (Nafarroa). Idazle estatubatuarra La Perla hotelean egon izan zen, eta, bertako jabeak auriztarrak izanik, haien bidez ezagutuko zuen inguru hura, seguruenik. Lasaitasun bila joaten omen zen hara: txanponaren alde batean, sanferminetako besta handia; bestean, Pirinioetako isiltasuna. Aurten, sanferminetako ekitaldirik gabe, Iruñea lasaiago badago ere, ezin aldera liteke Pirinioetako giro barearekin.
Zubiritik aurrera basoak jaten du errepidea, naturak goitik eta behetik inguratu nahiko balu bezala asfaltozko bidea. Bihurgunez bihurgune egiten du aurrera bideak. Zaila izanen zitzaien Jake Barnesi eta Bill Gortoni zahatotik edaten aritzea, eleberrian kontatzen den bezala. Giro hartan bota zuen Billek lorea: «Primerako jendea dituk euskaldun hauek».
Bideak aldatuko ziren mende baten buruan; ez bideak bakarrik: seguruenik, garai horretan ez zen ibiliko hainbeste txirrindulari. Barraskiloak zaparradaren ondoan nola, txirrindulari anitz ateratzen dira bidera eguzki printzekin batera. Hala da bidaia Iruñetik Auritzera, balaztaren pedalari etengabe eragin beharra bizikletan dabiltzanak distantzia utzita aurreratu ahal izateko.
Aurrera egiteko gonbita egiten du Auritzek. Errepideak zeharkatzen du herria, eta harrizko etxe zuriak daude alboz albo. Teilatu gorri luzeak dituzte, neguko elurrei aurre egiteko. Bidearen bi bazterretatik behera jaisten da ura, estolda agerian baitago. Ostatuak erruz daude herrian, eta horietakoren batean geratuko zen agian Hemingway lotan. Isilik da herria, eta Iruñean baino gradu batzuk gutxiago markatzen ditu termometroak. Aditzen diren ahots bakarrak plazatik heldu dira, ostatuko terrazatik.
Bikoteka eserita daude gehienak, gizon kuadrilla bat izan ezik. «Hemen geratuko gara gaur lotan, baina Nafarroako Pirinioa ezagutzeko asmoa dugu. Aurten, plan lasaiagoa», kontatu du Felix Gutierrezek. Badaki Hemingway han izan zela, aditu izan du, baina ez ditu horrek eraman Auritzera. Parean harrizko eliza dago, herriaren arreta bereganatuz; autobusak han utzi zituen Barnes eta Gorton.
Ibaiaren ertzetan
Amuarrainak arrantzatzea maite zuen Hemingwayk, eta, horretarako, Irati ibaira joan behar izaten zuen. Eleberriko pertsonaiak Aribera joaten ziren, Aezkoan, baina, herrian esan dutenez, Orbaizetara ere joaten zen idazle estatubatuarra. Haitz baten azpian gorderik dago Aribe. Harrizko etxe zurietatik igarota, zubia pasatu, eta haren azpian badago bidexka bat. Bide hori hartu zuen zenbait aldiz Hemingwayk. Irati ibaiaren bazterretik aurrera eginda, lasaitasuna erabatekoa da. Ez dabil inor han. Arrantzan aritzeko leku aproposa izan daitezke hango txoko anitz.
Bide motza da Inklusalderaino. Han, esekitako zubi bat dago, gainetik pasatzean dezente mugitzen dena, eta presa txiki bat. Baliteke hor aritu izana Barnes eta Gorton amuarrainetan. Batek sei harrapatu zituen; besteak, lau. Bi ardo botila edanez eta kuluxka eginez bukatu zuten eguna han.
Zubira ailegatu aurretik bada etxe handi bat: bainuetxe zaharra. Han geratu ohi zen idazlea. Dagoeneko ez da irekirik. Egurrezko ate eta leihoak gorriz pintaturik daude, kolorea joaten hasia bada ere, eta ahate txiki baten irudiak zaintzen du ataria. Lur orotarako auto bat dago kanpoan, eta egurrezko mahai bat eta banku gorri bat. Han jarrita, ibaiari so, txorien kantuak eta ibaiaren emari motela aditzen dira soilik.
Mintxo Lareki eta Maite Salas agertu dira halako batean, Oihan eta Julen semeekin. «Normalean, Aragoiko Piriniora joaten gara, baina aurten ibar honetara etortzea erabaki dugu», kontatu du Larekik: «Nagorera doan bide erromatarraren puska bat egin dugu lehen». Salasek jarraitu du: «Haurrek zubi esekia ikusi nahi zuten. Egia esan, bidea motza da, eta haurrekin egiteko erraza. Gogo handiz daude».
Haurretako batek berehala galdetu du ea zubia oso handia ote den. Ez da, ez, baina badu bere xarma. Hemingway han izaten zela ba ote zekiten galdetuta, esan dute ez dakitela askorik idazleari buruz, baina baietz, bidea Interneten bilatzean ikusi dutela idazle estatubatuarra han ibiltzen zela. «Hara, kasualitatea, sanferminak, eta gu Hemingway ibiltzen zen tokietan barrena», bota du Larekik. Aurrera segitu dute.
Kafeak mahai gainean
Hiriburura itzulita, txupinazo egunetik egun batzuk igaro direla, ezohiko irudia ikusten da Iruña kafetegiaren terrazatik. «Arkupeetatik kalearen ertzeraino luzatzen ziren Iruñako zume zurizko mahaiak eta aulkiak», aipatzen du eleberriak. Arkupeak libre dira orain, baina terrazak dezente zabaldu dira pandemia hasi zenetik. Ingelesa aditzen da; gaztelania eta euskara ere bai. Mahaien erdiak ere ez daude okupaturik, eta kafeak dira nagusi. Txapel berdea jantzita duen gizon zahar bat egunkaria irakurtzen ari da ardo kopa batekin. Hemingway izan zitekeen.
Egurrezko ataria du kafetegiak, eta urrezko letrak: Cafe Iruña. 1888. Karteltxo batek dio garai bateko itxurari eutsi diola; alegia, hala ikusiko zutela estatubatuarrek ostatua duela mende bat. Egun arrunta dirudi. Arkupeetan ez da besta harrabotsik; are, takoidun zapaten urratsen hotsa anplifikatu egiten da. Tarteka, eguzkia lotsati agertzen da.
Turismo bulegoan badago mugimendua, eta taldeak ere ikusten dira bisita gidatuak adi-adi entzuten. Maggy Gaillardet han dago lanean, eta harriturik dago jende asko joaten delako sanferminei buruz galdezka. «Hemingwayri buruz ez dute galdetzen dagoeneko. Bi bisita gidatu eskaintzen ditugu, baina jendeak ez du eskatzen», kontatu du. Liburuxka bat ere badute, baina azken boladan pertsona bakar bati eman diote, hark eskatuta. Iruña kafetegiari buruz, bai, galdetzen dute: «Hemingwayren txokoa ikusi nahi izaten dute bidenabar, baina itxita dago pandemiaz geroztik».
Bestarik ez bada ere, bisitariak izan dira Iruñean egun hauetan. Batzuk lehenbiziko aldiz. Matias Seesano da horietako bat; Amerikatik heldu da, Argentinatik: «Interes handia dut sanferminak ezagutzeko. Oraingoz oso gustura nago, eta kontent; hemen bizi dena ederra da». Hamaiketakoa egiteko aukera izan du; bertako adiskide batzuek gidatu dute Iruñean, baina nekez imajina dezake zer den Iruñea sanferminetan. Horregatik, ez du dudarik egin: «Heldu den urtean berriz etorriko naiz, inolako zalantzarik gabe». Ea ordurako argia ikusten hasia den tunelaz bestaldean.
Sanferminik ez Iruñean
Jaikiko da eguzkia
Sanferminik gabeko urtean argitaratu da euskaraz Ernest Hemingwayren 'Fiesta. Eguzkia jaikitzen da'. Pirinioetan eta Iruñean gertatzen dira pasarte nagusiak. Bestarik gabe, lasai dago Iruñea, nahiz eta ez Irati ibaiaren ertza adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu