Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean mintzatu da Aste Nagusiaz Ana Mezo Basaras (Larrabetzu, Bizkaia, 1955). Irakasle erretiratua da, eta Oneka emakume pentsiodunen taldeko kidea. 2018tik hona, astelehenero manifestazioak egiten dituzte Bilbon, eta atzo ere egin zuten ekitaldi berezi bat. Mezok gogora ekarri du 1980ko hamarkadan jaiak berreskuratzeko egin zen lana, eta adierazi du lan hari esker esker dutela gaur egungo Aste Nagusia.
Zer da Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua?
2018tik hona ari gara gure aldarrikapen guztiak kaleratzen, eta haiek lortzeko borroka egiten. Astelehenero egiten ditugu kontzentrazioak herri askotan, ez bakarrik hiriburuetan. Aldarrikapenetako bat, oso zabalduta dagoena, pentsiodun guztientzako 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzea da, baina baditugu beste aldarrikapen batzuk ere. Genero arrakalaren kontua, adibidez. Emakume asko aritu dira zaintza lanak egiten, eta hor ia ez dago kotizaziorik. Adin handiko emakume pentsiodunek arrakala hori sufritzen dute. Gure mugimenduak ez du lan egiten bakarrik gaur egun pentsiodunak garenon mesederako; etorkizuneko perspektiba ere badu.
Prestatu duzue zerbait Aste Nagusian aldarrikatzeko?
2018tik hona, Bilboko jaietan beti egiten dugu manifestazio koloretsu bat. Bizkaira zabaldu den manifestazio bat da. Hala ere, beste herrialdeetako pentsiodunak ere gonbidatzen ditugu. Gure aldarrikapenak kalera ateratzen ditugu, baina modu alai eta koloretsu batean. Gainera, konpartsa gehien-gehienek pintxoak eta edariak prezio berezi batean saltzen dituzte pentsiodunontzat, gurekiko elkartasuna adierazteko. Duda barik, jaiak ere aprobetxatzen ditugu. Jaietan oso ondo pasatzen eta dibertitzen badakigu, baina aldarrikapenak aldarrikapenak dira, eta ez ditugu ahazten.
Ba al dago pentsiodunentzako tokia Aste Nagusian?
Bai, duda barik. Uste dut Bilbon eta beste hirietan pentsiodunok badugula gure tokia, eta jaietan egoten gara. Esate baterako, egiten diren lehiaketa gastronomikoetan, hor pentsiodunak egongo dira. Ni Larrabetzukoa naiz, eta Larrabetzuko pentsiodunok egongo gara, modu aktibo batean. Gainera, guk ere ardoa edaten dugu... hau da, beharbada, goizaldean ez gara egongo, baina jaia ez da bakarrik gauez egiten. Bakoitzak, bere adinaren arabera, jaia modu ezberdin batean egiten du. Nik, zaharra naizen neurrian, oreka bat izan behar dut neure buruarekin, eta jakin behar dut eta ikasi behar dut nire zahar izaera hori egokitzen.
Zertan aldatu dira jaiak urteak pasatu ahala?
Nire gazte sasoian, jaiak zera ziren: errepresioa, Franco… eta abar. Jaiak egiteko eta euskal musika entzuteko, baimen bereziak eskatu behar ziren, eta kantuen hitz guztiak Poliziari entregatu behar zitzaizkion. Herritik lan handia eginda, jai herrikoiak hasi ziren; jaiak askatasun puntu batekin antolatzen hasi ziren. Bere garaian jende askok agintari batzuen gainetik lan handia egin zuelako daude gaur egun Bilboko jaiak eta txosnak. Nik azpimarratu nahi dut txosnek eta konpartsek egindako lana: euskararen aldekoak ere hor zeuden, errepresioaren aurka. Nire ama hizkuntza euskara da, eta nik badakit zer-nolako errepresioa jaso zuen euskarak. Erresistentzia eta lan handia egin zen, eta hori guztia mantendu da orain arte. Lan hori barik, egoera beste bat izango zen.
LOTSABAKO
Txosnarik gustukoena?
Txori Barrote, euskal presoen aldekoa.Larrabetzuko jaiak ala Bilboko jaiak?
Hori ezin dut erantzun. Larrabetzukoa naiz, baina oso Bilbozalea. Orduan, biak.