Bilboko Aste Nagusia. ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Etxezarreta

«Jaietako zirkuituari esker heldu gara honaino»

ETSk ska erritmoz beteko du gaur Bilboko Europa parkea, Aste Nagusian. Duela hamazazpi urte hasi ziren musikan. Uste dute Bilbokoa izango dela aurtengo kontzerturik «handiena».

RAUL BOGAJO / FOKU.
iraia vieira gil
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
En Tol Sarmiento 2005ean sortu zen, Ekoran, Arabako Errioxako herri txiki batean. Hastapenetan, gazteleraz sortzen zuten musika; orain, euskaraz egiten dituzte ska erritmoko abestiak, nahiz eta azkenaldian pop estilora gehiago hurbildu diren. Bilboko Europa parkea dantza pista bihurtzeko prest dago gaur Iñigo Etxezarreta abeslaria (Gasteiz, 1988), gauerditik aurrera.

Zer espero duzue Aste Nagusiko gaurko kontzertuaz?

Aurtengo kontzertuak oso jendetsuak izaten ari dira, eta energia izugarria askatzen da. Bilbokoa handiena izango da segur aski, eta sorpresaren bat prestatzen ari gara. Izan ere, Bizkaian beti izan dugu oso harrera polita, eta badakigu jendez gainezka egongo dela.

Ska da, agian, taldearen ezaugarririk nabarmenena, baina zer estilorekin gozatzen duzue gehien?

Estiloa ez da hain garrantzitsua, baizik eta abestia bera, eta horrek jendearengan sortzen duen grina. Askoz gehiago gozatzen dugu jendeak kantatzen dituen abestiekin. Oholtzatik kanpo, denetarik entzuten dut nik, egoeraren arabera. Etxean lasai egoteko, piano abestiak gustatzen zaizkit; gauez ateratzeko, EDM edo reggaetona.

Ikuskizuna eta musika egiteko era aldatu duzue. Nola?

Betidanik egon gara festa giroarekin lotuta; izan ere, jaietako musika zirkuituari esker heldu gara honaino. Ordea, seriotasun eta profesionaltasun puntu bat eman nahi genion proiektuari. Parrandero etiketa kentzeko, batez ere. Horrela, 2017. urtetik edozein musika estilo jorratzeko askatasuna hartu genuen. Horrek azken bultzada eman digu, eta azken urteotan esparru guztiak mimoz lantzen ditugu: jantziak, argiak, kontzeptuak...

Mezuetan aldaketarik egon da?

Hasierako letrak askoz ere esplizituagoak ziren. Sortu ditugun 60 abestietatik, batzuek mezu politiko edo sozial argia zuten. Gaur egun, barnetik ateratzen zaizkidan emozioak ere erabiltzen ditut. Ez dugu mezu espezifikorik zabaltzen. Istorioak kontatu nahi ditugu, irudimen bisuala sortu eta guretzat etikoak diren ideiak partekatu.

Uste duzu, oro har, euskal musika beste ziklo bat hastear dagoela?

Hemendik kanpo izaten diren mugimenduak eta korronteak gureganatzea kostatu zaigu, baina heldu dira. Artistok ez genuke beldurrik izan behar gure musikan aurrerapausoak eman eta eboluzionatzeko. Aurreiritzi asko izan ditugu, eta kritika sakonak egon dira, baina badira ondo gizarteratu diren proposamen musikal interesgarri eta arriskatuak ere. Beraz, bai, uste dut beste ziklo bat hastear dagoela, eta ziur nago gizarteak gozatuko duela.

Aukera Berriak da kaleratutako azken diskoa, eta Buhos talde katalanaren Sumendiak kaleratutako azken kanta.

Bai, haiek proposatu ziguten kolaboratzea eta euskarazko itzulpena egitea. Hasieran, ez genuen argi ikusten, beti guk idatzitako kantak abestu ditugulako. Denborarekin, baina, ulertu genuen kolaborazio estandar bat baino askoz ere originalagoa zela: Kataluniaren eta Euskal Herriaren artean zubi kulturala eraiki ahal genuen. Beraz, haiek Zurekin batera kanta abestu zuten katalanez, eta guk Volcans euskaraz. Emaitza ederra lortu dugu, eta Aste Nagusian ez dira faltako.

Hamazazpi urteko ibilbidea izanik, denetarik bizi behar izan duzue oholtzan, ezta?

Bai, denetarik! Garai batez, gorbata janzten genuen kontzertuetan. Behin, pertsona bat igo zen agertokira guraize batzuekin gorbatak mozteko asmoz. Kantu baten erdian! Beste behin, berrogei pertsona igo ziren agertokira, gurekin abesteko, besterik ez. Eta errepidean ere anekdotaren bat bizi izan dugu: furgonetako gurpila askatu egin zitzaigun, eta pneumatikoak aurreratu gintuen autobidean.

Sarritan zalantza izan da ETSk iraungo duen. Musika egiten jarraituko duzue?

Garai batez ez nuen argi ikusten proiektuak benetan betetzen ninduen edo ez. Eroso nago egungo funtzionamenduarekin eta edozein musika estilo jotzeko daukagun askatasunarekin. ETSk oraindik ere badu jarraitzeko indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.