Jaiak. Santioak Villabonan

Jaietako txupinazoa, futbolarien ardura

Santio jaiak hasiko dira gaur Villabonan, eta gaur bertan herri afaria eta danborrada egingo dituzte, besteak beste

Vendetta taldeak kontzertua eskainiko du gaur, 00:30ean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Iritsi da Santiago bezpera, eta Villabonan Santio jaiei hasiera emango diete gaur (Gipuzkoa). 18:00etan botako dute txupinazoa Billabona Futbol Kirol Elkarteko kideek, eta Iraunkorrak txarangak alaituko du jaien hasiera. Herriko Festa Batzordeak antolatu du jaietako egitaraua, eta, gaurtik datorren asteazkenera bitartean, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Festa Batzordea, batez ere, herriko hainbat taldetako eta elkartetako kideek osatzen dute. Nora Urbizu Villabonako Kultura zinegotziak eta Festa Batzordeko arduradunak azaldu duenez, «talde eta elkarte horiek antolatzaileak dira; hau da, haiek jaietan ekintzaren bat edo beste antolatzen dute». Ondorioz, egitaraua berdintsu mantendu dute aurten ere: «Talde eta elkarteek urteroko ekintzak antolatu dituzte. Kirol eta kultura arloetan, batez ere, urtero errepikatzen diren ekitaldiak antolatu ditugu, gehienbat», dio Urbizuk.

Egitaraua eratzean, hainbat irizpide izan dituzte oinarrian. «Santioetarako egitarau parte hartzailea eta herrikoia osatzea izan da Festa Batzordearen helburu nagusia. Garrantzi handia eman diogu adin guztientzako askotariko ekitaldiak antolatzeari». Parte hartzeari eta festa herrikoiei so eginez, gaur bertan, herri afaria egingo dute villabonatarrek Erreboteko plazan, 21:00etan. Afariaren ondoren, giza probak egingo dituzte Maiatzaren Lehena plazan. Hasteko, Orioko eta Ibarrako emakumezkoek egingo dute erakustaldia. Ondoren, gizonezkoen arteko desafioaren txanda izango da, eta lehia Aiztondo-Oarso eta Loatzo taldeen artekoa izango da.

Ondoren, danborradari hasiera emango diote, 23:30ean, hain zuzen. Musika Eskolatik abiatuko dira danbor joleak, eta Iraunkorrak txarangak animatuko du danborrada ibilbide guztian. Ordubete inguru iraungo du, eta, amaitzean, rock kontzertuen txanda izango da. Zuzenekoak eskainiko dituzte Dolce Tangana eta Vendetta taldeek.

Berrogei urtetik gorakoek ere musikaz gozatzeko aukera paregabea izango dute. Izan ere, 40 urtetik gorakoentzako DJ emanaldia antolatu dute, gazte garaiko oroitzapenak burura ekar ditzaten. Txistulari plazan izango da emanaldia, 01:00etatik aurrera.

Bihar, Santio Eguna ospatuko dute, eta goizean goiz esnatuko ditu herritarrak Izorra Hadi dultzainero taldeak. 10:30ean eta 11:00etan, XXXIII. Herri Krossak korrituko dituzte herritarrek. Zunbeltz elkarteak antolatu ditu bi lasterketak; batean, haurrak arituko dira; bestean, helduak.

Biharko egitarauan, nobedade handi bat izango da: Bertso-pilota ikuskizuna. «Lehenengoz antolatu dugu bertso-pilota ekitaldia. Inguruan, pilotari eta bertsolari ezagunak ditugu, eta haiek izango dira protagonista. Uste dut tanto bakoitzeko bertso bat botako dutela», azaldu du Urbizuk. Pilotan arituko dira Iñaki Lizaso, Antton Aranburu eta Iker Urmeneta; eta bertsotan, berriz, Jexus Mari Irazu eta Beñat Iguaran. Aurkezlea Ekain Ormazabal izango da. «Oso ekitaldi kuriosoa izango da, ziur. Dagoeneko, zeresan handia ematen ari da», azpimarratu du.

Egun guztia ekitaldiz inguratuta pasatu ostean, Trikizio taldearen dantzaldiarekin biribilduko dute Santiago eguna. Erreboteko plazan izango da, 00:00etan.

Egunik indartsuenak, aurretik

Ostiralean, Santa Ana egunean,Gazteen Eguna ospatuko dute; larunbatean, Erromeria eguna; astelehenean, Atseden eguna; asteartean, Kuadrillen Eguna; eta asteazkenean, San Inazio eguna. Zinegotziak adierazi duenez, Erromeria Eguna eta Kuadrillen Eguna dira jaietako egunik handienak. «Kuadrillen eguna ia ekitaldirik gabeko eguna izaten da, baina xarma eta goxotasun berezia du herritarrontzat». Eguraldiak laguntzen badu, Etxeondoko parkean bazkaria egingo dute kuadrillek. Gero, txarangak lagunduta, herrirako jaitsiera egingo dute.

Erromeria eguna, berriz, Oinkari dantza taldeak antolatzen du, eta aurten, 17:30etik aurrera, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute: sagardo eta pintxo dastatzea, erromeria, herri afaria... «Bertso saio bat ere egingo da larunbatean, eta ez nolanahikoa. Amets Arzallusek, Andoni Egañak, Julio Sotok, Maialen Lujanbiok, Iker Zubeldiak eta Beñat Gaztelumendik eskainiko dute. Hori ere egun berezia eta indartsua da Villabonako santioetan».

Herritarrentzako egitaraua antolatzeko lanean gogor aritu direla azpimarratu du Urbizuk. «Urtean behin bakarrik izaten dira jaiak; beraz, herritarrek ahalik eta gehien goza dezatela santioetan».

Festen inguruko erakusketa monografikoa zabalik egongo da festek irauten duten bitartean. Aurretik izandako harrera eta arrakasta ikusita, udaleko Kultura sailak beste astebetez irekita mantentzeko erabakia hartu du. Erakusketak festak lehen nola ospatzen ziren erakusten die herritarrei, argazkien, kartelen, dekorazio objektuen edota ikus-entzunezko materialen bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.