Zeledonen igoerarekin amaitzen dira Gasteizko jaiak. Orain, urtebete itxaron beharko dute gasteiztarrek hura berriz ikusteko, eta batzuek malko artean agurtuko zuten pertsonaia atzo. Udal Musika Bandak doinua jarri behar zion agurrari, eta jaien amaierako trakak bat baino gehiago emozionatuko zuen. Besarkadak, malkoak eta txaloak nahastuta, eta poztasuna tristurarekin dantzan, txarangen soinuak lagunduta. Horrela bukatu ohi dira jaiak Gasteizen, eta, aurten oro har jai egunetako giroa ona izan den arren, bost gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik, eta zapore gazi-gozoa izan dute jaiek azkenean.
Iñaki Kerejazu Zeledon berriak jaitsiera egunean iragarri zuen aurten Gasteiz «denontzako leku seguru bat» izatea nahi zuela, baina beste behin agerian gelditu da jarrera batzuk ez direla aldatu. «Gozatu, baina besteen jaiak zapuztu gabe», agindu zien Zeledonek gasteiztarrei abuztuaren 4an, baina mezua ez dute guztiek aditu. Jaietako egunotan bost gizon atxilotu dituzte, sexu erasoak egitea leporatuta batzuk, eta indarkeria matxista egotzita besteak, eta ziztada bidezko eraso bat ere gertatu zela salatu zuten ostegunean, txosnetan. Atzo bertan, indarkeria matxista gaitzesteko elkarretaratzeak egin zituzten eguerdian eta iluntzean.
Erasoez gain, beste ezbehar batzuk ere izan dira jaietan. Los Bainas kuadrillako blusa bat hil zen abuztuaren 5ean, eta erabat hunkituta egin zioten agurra kideek. Jaietako argiak eta itzalak agerian geratu dira beste urte batez, baina gozatzeko uneak ere izan dituzte gasteiztarrek. Txosnak, Aihotz plaza, Mendizabalako barrakak, Foru plaza... bakoitzak bere lekurik gustukoena bilatu eta bertan gozatzeko aukera izan du. Gasteizko jaien arima herritarrak dira. Edonork parte har dezake ekintza guztietan, eta hori da gakoa: herritarren parte hartzea.
Euskarak ere toki zabalagoa du urtero jaietan, eta Zeledon berriak esana du geroz eta jai euskaldunagoak sustatzeko asmoa duela, euskarari indar handiagoa emanez. Urtero bezala, arnasgune bat antolatu dute Geu elkarteko kideek Aihotz plazan, eta jaiez euskaraz gozatu nahi dutenen gotorlekua izan da. Trikitilariak, bertso saioak eta kontzertuak izan dira jende gehien erakarri duten ekintzak. Modus Operandi, Sune, Sara Zozaia eta Kalakan arduratu dira abuztuaren 5etik 8ra gauei erritmoa emateaz.
«Hurrengora arte!»
Zeledoni agur esatea ez zen erraza izan, eta askok hunkituta amaituko zuten atzoko gaua. Iratxe Garciak aitortu du hurrengo jaietarako gogotsu dagoela jada: «Ederki pasatu dugu, baina motzegia izan da». Ibai Diaz de Gereñuk, berriz, ez du lagunak bezala pentsatzen; «oso nekatuta» dago: «Jaiak amaitzeko irrikaz nengoen, ezin dut gehiago». Besarkada bat eman dio Garciak, eta barre artean salatu du adiskidea: «Gauero egunsentian itzulita, ez nau harritzen nekatuta egoteak».
Eukene Juezek ere hurrengo jaietara begira amaitu ditu aurtengo jaiak: «Urteekin konturatzen zara jaien alderik onena jaiek sortzen dizuten zirrara dela». Taberna batean eserita eta kalimotxoa eskuan duela, topa egitera animatu ditu mahaikide guztiak. «Gora gu eta gutarrak! Hurrengora arte!».
Zeledon igotzen ikusi eta gero, askok etxera itzultzea erabaki zuten, sei egun luzeren ondoren atseden hartzeko. Beste batzuek, berriz, txosnak itxi eta eguzkia irten arte luzatu zuten eguna. Mikel Lopezek eta Iker Murgiondok, adibidez, eguna ahalik eta gehien luzatzea erabaki zuten. Gasteiztarrak kuadrillakoak dira biak, eta ez dute jaiak amaitzerik nahi. Murgiondok azaldu du zergatik: «Urteko sei egunik onenak dira, eta sekulako giroa dago kuadrillan. Nire familia bilakatu dira».
Haien ustetan, jaiek bi edo hiru egun gehiago iraun beharko lukete. «Lehenengo egunean beti pentsatzen duzu asko geratzen dela, baina ziztu bizian igarotzen dira egunak gero», esan du Lopezek. Horregatik, atzo txosnetara joan ziren biak, lehertu arte dantza egitera.
Ez ziren bakarrak izan. Ainara Acosta eta Iker Aostri saltoka aritu ziren atzo txosnetan. DJari musika igotzeko eskatzen zioten eskuarekin, baina, garrantzitsuena ez zen musika, dantza laguna baizik. Jai «bikainak» bizi izan dituztela azaldu du Acostak, eta oso eskertuta dago aurtengo jaietan izan dituen bidelagunekin: «Nire blusa eta neska kuadrilla gabe, ez nuke gozatu dudan erdia ere gozatuko». Aostrik buruarekin onetsi ditu lagunaren adierazpenak, eta gehitu: «Batzuetan garrantzitsuena zer den ahazten zaigu: gozatzea. Gozatzen ez duenak ez ditu jaiak bizitzen, eta jaiak bizitzen ez dituenak ez du gozatzen». Adierazpenak egin, eta Sweet Caroline dantzatzera itzuli dira biak. Urteko gaurik luzeena dute aurrean, eta ez dute minutu bat bera ere galdu nahi.