Lakuntzako (Nafarroa) herritarrak XX. mende hasieratik izan dira kirol lehiakortasunaren lekuko. Apustua egiten lehena Juanagorri izan zen: 1910ean, Lakuntza-Betelu ibilia egin zuen. Mende erdialdean, Lakuntza-Amezketa egiten hasi ziren, bizkarrean 50 kiloko zama zeramatela. Herritarren arteko apustuetatik sortu zen Guardetxe baso etxera lasterketa egiteko ideia, eta horrela hasiko dituzte festak aurten. Irailaren 1era bitartean iraungo dute.
Lehen aldia 1987an egin zuten, eta Jose Antonio Salgado izan zen garailea. Ordutik, ugariak izan dira lasterketak: 1987an hasi, eta 2003ra bitartean. 2003an, egiteari utzi zioten, eta Lakuntza-Aralar mendiko lasterketak hartu zion lekukoa. Hala ere, duela bi urte, lasterketa berriz egiten hasi ziren. «Zergatik ez dugu herrikoek Guardetxera igo eta buelta egiten festetan?, proposatu genuen herriko gazteek», azaldu du Zabalarte mendi elkarteko kide Asier Pellejerok.
Guardetxeko igoera hamabikilometroko ibilbidea da. «Herriko plazan hasi, eta Guardetxe raino maldan gora egiten dugulasterka, eta, hara iristean, bide beretik buelta. 600 metroko desnibela da», argitu du Pellejerok. Joan den urtean, hamar lagunek hartu zuten parte, baina, aurten, hamabost bat lagunen parte hartzea espero dute antolatzaileek.
Lasterketa herriko jendearentzat bakarrik da, eta Pellejerok azpimarratu du prestakuntza fisiko ona behar dela: «Mendiko probetan aritzen den jendeak parte hartzen du; fisikoki ondo prestatuta daude. Joan den urteko irabazleak ordubete behar izan zuen itzulia egiteko. Gehienez ere, gutxi entrenatuz gero, ordu eta hogei edo ordu eta hogeita hamar minutuan egin daiteke itzulia». Juan Mari Garinena da inork inoiz lortu duen markarik onena: 1992an, berrogeita zortzi minutu eta berrogeita zazpi segundoan egin zuen bidea.
Deabruak kaleetan lasterka
Inguruko herrietako antzinako usadioak ere barne hartu nahi izan dituzte jaien egitarauan. Kataluniako deabru federazioak Correfoc su ikuskizuna egingo du gauerdian. Correfoc Herrialde Katalanetan egiten den jai tradizioa da: deabruz mozorroturiko lagun talde bat herriko kaleetan barna ibiltzen da. Dantzan, lasterka eta saltoka aritzen dira, bengala eta suziriak eskuan, infernua irudikatu nahian. Kataluniako XII. mendeko Ball de diables (deabruen dantza) tradiziotik eratorri omen da.
«Joan den urtean, hemen izan genituen Kataluniako deabru federazioko lagunak. Proba urtea izan zen, halere. Herria ezagutzera etorri ziren, eta kaleen zabalera ikustera, hurrengo batean zer egin zezaketen jakiteko», argitu du kultur zinegotzi Aitor Gartziak, eta adierazi du aurten «sekulako ikuskizuna» ekarriko dutela herrira. «Horrek kanpoko jende ugari erakarriko du, ziur asko», gehitu du zinegotziak.
Ildo beretik, Gartziak azpimarratu du dantzek ere arrakasta handia dutela jaietan: «Jendetza biltzen da plazara dantzak ikusteko». Bide batez, argi utzi nahi izan du «aurten inoiz baino gehiago» eginen dutela erasoen aurka: «Lakuntzako festetan, ez dugu eraso bat bera ere onartuko, hori argi utzi nahi du udalak».
Lakuntza
Jaien hasiera, sasoi ederrean
Ohitura zaharrak berreskuratuz hasiko dituzte jaiak Lakuntzan. 1987tik, lehian ibili dira herritarrak: Guardetxe Aralarko baso etxera igo eta buelta nork lasterren egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu