Abuztua agur esatear dagoen bezala, Laudioko (Araba) sanrokeek ere agur esan behar diete laudioarrei. Asteazkenean ekin zieten jaien bigarren txanpari, eta bihar bukatuko dira herriko festa luzeenak. Jaiei datorren urtera arte esateko, Erroketxu maskota erreko dute, bihar, Zumalakarregi etorbidean, 23:30 aldera.
Hala ere, oraindino, herriko giroaz gozatzeko aukera izango du Laudiora biltzen den orok. Izan ere, egun handia eta zaporetsua espero dute gaur herrian, odoloste eguna. Beraz, goserik, behintzat, ez dute pasako festazaleek.
Gaur gaiteroak izango dira Laudioko herritar askoren esnatzeko alarma, auzoz auzo ibiliko baitira jendea iratzartzen, 11:00etan hasita. Gero, 11:00etatik aurrera, herriko plaza umez beteko da, izan ere, pintxo gargantua egongo da: odoloste itxura duen gargantua bat, txapela eta guzti. Etxeko txikienek izango dute non gozatu Laudion.
Sanrokeen amaieraren bezperako arratsaldean ez da txapelketarik faltako. Hain zuzen ere, 23 urtez beherakoen elite mailako txirrindularitza lasterketa izango da, eguerdian hasita. Bestalde, bolo txapelketak ere egingo dira Lamuza parkeko bolalekuan.
Iluntze aldera, tripak betetzeko gogoa piztuko zaie askori, eta, odoloste egunari omenaldia egiteko, herritarrek, eta, herrira bildu diren guztiek, odolosteak dastatu ahal izango dituzte. Batzuk parkeetan; beste batzuk: Herriko plazan, tabernetan, familia artean, lagun artean, etxean... Zalantzarik gabe, odoloste jana izango da eguneko momenturik biribilena; dastagarriena eta potoloena.
Tripak beteta, afalostean, musika gailenduko da herrian. Festen azken gauari etekin handiena ateratzeko, Zea Mays eta Hesian musika taldeen kontzertuak izango dira. Horiez gain, Txosna Batzordeak antolatu duen disko dantzaz disfrutatzeko beta izango da txosnak dauden tokian.
Badira egunak ia atsedenik hartu gabe herritarrak festan murgilduta daudela. Bihar, ordea, festei agur esan beharko diete, penaz bada ere, laudioarrek. Kofradiaren eguna izango da bihar eta goizean goizetik hasiko dira dianak herriko auzoetan.
Gero, bazkalorduan, San Rokeren Kofradiako kideak elizako arkupean bilduko dira, bazkaltzeko. Kofradia eguneko bazkaria egitea oso ohitura zaharra dela azaldu du Santi Ussia jaietako txupineroa eta herriko festen antolatzaileak. Bazkari horretan, San Rokeren Kofradiako kideek soilik har dezakete parte. «Orain dela 200 urte ere egiten zen bazkaria. Lehen, herriko jendearen arteko bazkari bat izaten zen; baserrietako jendea elkartzen zen herrian eta merkatu bat ere egiten zuten. Gerora, frankismo garaian, ohitura horiek kutsatu egin ziren erregimenaren ideologiarekin. Horrela mantendu izan da duela gutxira arte, nahiz eta Kofradiako kide askoren asmoa hori ez izan».
Kofradiakoen bazkaria egitea, beraz, antzinatik datorren ohitura da. Ostera, jaiak Erroketxu txakurra erretzean amaitzea, ez da horren aspaldiko usadioa. 1981ean hasi ziren egiten herriko Alaiak kuadrillakoak. «Leku askotan, jaiei amaiera emateko,sardina erretzen da. Laudio ez denez itsas herria, erabaki zen sardinak erre ordez Erroketxu erretzea», azaldu du Ussiak. Ohitura da 23:30 heltzean, kalejira egitea Zumalakarregi etorbidean.
Bitartean, jaietako kuadrilla batek eramaten du Erroketxu. Gainerako herritarrei kandelak banatzen zaizkie, eta, amaitzeko, sanjoanetan bezala, kandelak plaza erdira botatzen dituzte, Erroketxu txakurra errez. Orduan bukatzen dira Laudioko sanrokeak. Bihar ere horrela izango da, herriko maskota su bihurtuko da.
Sanrokeak Laudion
Jaien azken txanpa
Odoloste usainarekin hasiko dute eguna gaur laudiotarrek. Bihar, baina, agur esango diete festa luzeei, jaietako maskota erre ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu