Euskal tradizioa, gastronomia, herri kirolak... altxor preziatuak dira euskaldunentzat. Euskal Herritik at bizi diren beste askok ere anitz miresten dituzte euskaldunen ohiturak, batez ere Boise hirian bizi direnek. Boise Ameriketako Estatu Batuetan dago, eta han bizi diren askok arbaso euskaldunak dituzte, duela urte dezente hara lan egitera joandakoak.
Boisera joan behar izan zuten horiek euskal ohiturak gorde eta zabaldu dituzte gaur egun arte. Hala, 1990etik, Jaialdi izeneko ospakizuna antolatzen dute bost urtetik behin, euskal kultura zabaltzea helburu hartuta. AEBetan antolatzen den euskal jaialdirik handiena da; izan ere, Boisen dago euskal komunitaterik handiena.
Nancy Zubiri idazleak ospakizun horretan oinarritutako liburu bat kaleratu du: Jaialdi, A Celebration of Basque Culture (Jaialdi, euskal kulturaren ospakizuna). Liburua osatzeko, Boiseko jaialdiaren antolatzaileak eta euskal komunitateko kideak elkarrizketatu zituen, 30 pertsona inguru. Egin diren jaialdi guztietara joan dela esan du, eta esperientzia hori jasotako informazioarekin uztartu du liburuan. «Jaialdian bizitakoa eta kontatutakoa hainbat gairekin lotu dut, hala nola gastronomiarekin, dantzarekin, erlijioarekin eta herri kirolekin». Gainera, azpimarratu du ikaragarria dela Boiseko euskal komunitateak duen talde sentimendua.
Zubirik jaialdiaren inguruko artikuluak argitaratzen ditu tarteka euskalkazeta.com webgunean. 2015. urtean, Jon Hodgson argazkilariarekin elkartu zen jaialdian, eta hark argazkiak eskaini zizkion webguneko artikuluetarako. Elkarlan horren barruan, liburua ateratzea bururatu zitzaien, Zubiriren testuak eta Hodgsonek argazkiak uztartuz.
Aurten ateratako hori jaialdiari buruzko bigarren liburua du Zubirik; izan ere, 1998. urtean A Travel Guide to Basque America: Families, Feats, and Festivals (Euskal Amerikako bidaia gida: familiak, jaiak eta jaialdiak) kaleratu zuen. «Oso ezberdinak dira. Lehenengoan bostehun pertsona ingururekin hitz egin nuen; denbora asko behar izan nuen. Oraingoan, ordea, argazkiz eta bizipenez betetako liburu bat da, eta errazagoa egin zait idaztea».
Zubirik aitarengatik dauka harremana euskal kulturarekin. Bere aita Esnaazukoa da (Nafarroa Beherea). Zubirik azaldu duenez, hainbat euskaldunen antzera, AEBetara joan behar izan zuen lan egitera, artzain moduan.
Jon Hodgsonen kasua, ordea, ezberdina da. Zubirik aipatu du Jamaikako uhartean hazi zela, euskal kulturari buruz ezer jakin gabe, baina bazekiela arbaso euskaldunak zituela. Lanagtik Boisera joan behar izan zuen ekitaldi batera, eta, han zegoela aprobetxatuz, euskal etxera joan zen. Hurrengo urtean jaialdia egingo zela esan zioten, eta familiarekin batera joan zen. Ordutik, jaialdi guztietan atera ditu argazkiak.
Jaialdia erakargarria izaten da euskaldun izaerari eusten zaiolako oraindik. «Ikusleek asko miresten dituzte euskal ohiturak; Euskal Herrian, ohikoak direnez, maiz balioa kentzen zaie, nire ustez». Estadio bat sortu dute herri kiroletarako, baita musika talde bat eta dantza talde bat ere, besteak beste.
2025era arte, jaialdirik ez
Jaialdia bost urtean behin izaten da; 2020an egin behar zen azkena, baina pandemiagatik bertan behera geratu zen, baita 2021ean ere. Zubirik azaldu du aurten egiteko asmoa izan zutela, baina, egoera ikusita eta jendetza espero zutenez, berriro bertan behera uztea erabaki dute. «35.000 eta 50.000 pertsona artean joaten dira jaialdira, eta erabakia aurreko urteko azaro-abenduetan hartu behar zen. Ezinezkoa iruditzen zitzaigunez aurreikustea orduan pandemiaren murrizketak nolakoak izango ziren, erabaki hoberena izango zela pentsatu genuen». Horiek horrela, jaialdia 2025era atzeratzea erabaki zuten.
Diaspora
Jaialdirik ez, baina liburua bai
Nancy Zubirik Boiseko jaialdiari buruzko liburu bat argitaratu berri du, bere bizipenetan oinarrituta. Euskal diasporaren jaialdirik handiena bost urtez behin ospatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu