Atzo amaitu zen Bermeoko Jazzber jaialdia (Bizkaia), Night Dreamers euskal boskotearen kontzertuarekin. Baina, datozen egunetan, beste hainbat jaialdi abiatuko dituzte. Haien artean, Tolosako Tolosand Blues (Gipuzkoa), Gasteizko Jazz Zaharrean, Bergarako Berumuga (Gipuzkoa), Goierriko Jazzaldia (Gipuzkoa) eta Burlatako Blues Festival (Nafarroa). Horiez gain, udazkenean Murajazz egingo dute, Iruñean, Baluarten.
TOLOSAND BLUES
Ostegunean hasi zen Tolosako blues jaialdia, eta igandean amaituko da. Gaur, David Philips Erresuma Batuko instrumentu anitzeko musikariak kontzertua emango du, 13:00etan, Lopez Mendizabal plazan. Dr. Swinguez hirukotearen txanda izango da arratsaldean; Solana 4 tabernan ariko dira, 19:00etan. 22:00etan, berriz, plaza berrian Shakura S'aida bokalista estatubatuarraren eta White Towels blues taldearen emanaldiak entzun ahal izango dira.Bihar beste bi kontzertu izango dira. Dr. Swinguez ariko da berriro, Saikin 2 tabernan, 13:30ean. Eta, 20:00etan, Elkano Browning Cream taldeak emango du zuzenekoa, Txurrerian. Mikel Azpiroz pianista eta organista donostiarrak, Franck Mantegari bateria jotzaile paristarrak eta Dave Wilkinson gitarrista britainiarrak osatzen dute taldea.
JAZZ ZAHARREAN
Asteartean hasi zuten Gasteizko Alde Zaharreko Jazz Jaialdia, etabihar izango dira hurrengo emanaldiak: 12:30ean, Jon Cañaveras, Alfonso Junguitu eta Pais Acebedo musikariak ariko dira, Jango tabernan; 13:30ean, Jazz Son Five taldeak emango du kontzertua, Bakan tabernan; 19:30ean, Tobaco Road Gasteizko taldea ariko da, Erdizka tabernan; eta, 21:00etan, Blue Jam, Elorza tabernan.Asteartean, Fermin Muguruzaren Nola? dokumentala emango dute, 19:00etan, Otuño aretoan. 20:00etan, Steps Ahead Tribute Band ariko da, Gora Projecten. 21:30ean, berriz, Cosmosoul entzun ahalko da, Parral tabernan.
Ostiralera bitartean jarraituko du jaialdiak. Besteak beste, Artium museoan Rs. Faktor ariko da, eta, Falerina Lorategian, Euskal Herriko Azkaiter Pelox Trio hirukotea.
BERUMUGA
Atzo abiatu zuten Bergarako Berumuga jaialdia, El Twanguero gitarrista valentziar ezagunaren (Herrialde Katalanak) kontzertuarekin. Uztailaren 22ra bitartean, ostiralero emanaldi bat antolatu dute. Guztiak Espoloian izango dira, 22:00etan.Uztailaren 8an, Julian Maeso Organ Trio ariko da. Hammond organoaren maisua da Maeso, azken urteetan ospe handia lortutakoa. Kantu berrietan blues-rock, country, funk eta jazz doinuak entzun daitezke, betiere haren ahots sendoa nabarmentzen dela.
Uztailaren 15ean, NES igoko da oholtzara, Nesrine Belmokh lider duela. Abeslari eta biolontxelo jotzaile frantses-aljeriarra da, eta estilo batetik bestera igaroko da bere taldearekin: bluesetik jazzera, soul musikara eta frantses kantuetara.
Uztailaren 22an izango da azken kontzertua: Broken Brothers Brass Band Iruñeko taldearena.Funkez, gospelez eta jazz modernoz kutsatuak daude taldearen interpretazio indartsuak, eta garrantzi ikaragarria du inprobisazio kolektiboak.
GOIERRIKO JAZZALDIA
Egun gutxi barru emango diote hasiera Goierriko Jazzaldiari. Asteazkenean hasi, eta larunbatean amaituko da. Azken ekitaldietan bezala, Araman eta Ordizian (Gipuzkoa) izango dira kontzertuak.Jaialdiaren filosofiari eutsiz, aurreneko egunean bertako musikari gazteen txanda izango da. 19:30ean, Barrena Big Band —Ordiziako Musika Eskolako ikaslez osaturiko taldea— ariko da, Ordiziako Plaza Nagusian. Hurrengo egunean, berriz, jazzaren historiari begiratu bat egingo diote Angel Manriquerekin, Ordiziako Sugaar tabernan, 22:00etan.
Ostiralean bi kontzertu izango dira: 19:30ean, Gipuzkoako Tutti Frutti Jazz Project boskotea entzun ahalko da Ordiziako Plaza Nagusian, eta, 23:00etan, Nevermind Donostiako taldea ariko da herri bereko D'elikatuz zentroan. Azken horiek proiektu berria aurkeztuko dute: Tree Sustrai Barik. Hirukotea Julen Izarrak (saxoa) Jorge Abadiasek (gitarra) eta Hasier Oleagak (bateria) osatzen dute.
Larunbatean, Aramako parkea hartuko du musikak: 18:00etan, The Machetazo talde gaztea entzun ahalko da, eta, 19:30ean, kritika ezin hobeak jasotzen ari den Noa Lur Quartet. 21:00etan, berriz, jazz afaria egingo dute Aramako Plaza Nagusian. Gauean, beste bi saio izango dira Ordiziako Barrena parkean: FMA Trio ariko da 23:00etan, eta David Pastor eta Nu Roots 00:00etan.
BURLATA BLUES FESTIVAL
Oraindik denbora pixka bat falta bada ere, prestatu dute Burlatako musika beltzaren jaialdiko egitaraua. Uztailaren 29tik abuztuaren 7ra bitartean egingo dute, eta kontzertu guztiak udal parkean izango dira, doan.Lehen egunean, Big Mama eta Tolof Martinez bikotea ariko da, eta, haien ostean, Boo Boo Davis musikari estatubatuarra. Hurrengo egunean, 22:30ean, Erin Corine eta Jose Luis Pardo ariko dira, eta, haien ostean, MoreLand eta Arbuckle Ameriketako Estatu Batuetako taldea. Azken horiek beste emanaldi bat egingo dute, uztailaren 31n, igandean, 13:00etan.
Abuztuaren 5ean —ostirala— jarraituko du jaialdiak. Animal Blues ariko da 19:30ean, musika afro-amerikarraren bueltan bildutako laukotea. 22:30ean, Bizkaiko Los Brazos hirukoteak emango du kontzertua. Haien atzetik, Chris Bergson konpositorearen taldea igoko da oholtzara.
Abuztuaren 6an, larunbatean, Lara Monroe eta Lazy Daisy Band ariko da, 22:30ean. Hura amaitutakoan, T.J. Jazz kantariak emango du kontzertua, 00:00etan, eta, hurrengo egunean, beste zuzeneko bat egingo du, 13:00etan. Emakume estatubatuarrak jazz doinu klasikoen bertsioak taularatuko ditu.