Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta Donostian festa hasteko. Gaurtik hasi, eta astebetez, jai giroan murgilduko dira donostiarrak, eta aukera ugari izango dute, udalak nahiz Piratek antolatutako hamaika jardueratan parte hartzeko: musika, antzerkia, dantza, bertsolariak, barrakak, su festak, abordatzea, jarduera gastronomikoak, haurrentzako jolasak...
Kanoikada arratsaldean botako duten arren, Hondartzako Errugbi Txapelketak emango die hasiera goizean udalak antolatutako jarduerei. Kanoikadaren aurretik, erraldoi eta buruhandiak ibiliko dira hiriaren erdialdean eta Parte Zaharrean, eta musikaren erritmoan abiatuko dira Alderdi Ederrera. 19:00etan botako du kanoikada Gastronomikako artillero nagusiak. Aurten, egitaraua osatzen lanean dabiltzan elkarteetako ordezkariek abestuko dute Artillero abestia. Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura ordezkariaren esanetan, «Aste Nagusiko udalaren egitarauak geroz eta parte hartzaileagoa izan nahi du, horregatik egin diegu kanoikadan parte hartzeko deialdia elkarte eta herri mugimenduei».
Festei hasiera eman ondoren, batukada eta txarangak ibiliko dira Donostiako kaleetan eta McOnak taldeak kontzertua joko du Bulebarrean. Trinitate plazan, harri-jasotzaileak arituko dira, eta Konstituzio plazan, berriz, txistulari alardea.
22:45ean, Donostiako Aste Nagusian ezinbesteko den su festaren txanda izango da. Udalak azaldutakoaren arabera, «50+1. jaialdia izango da aurtengoa». Mendea betetzeko bidean, hasiera berri bat eman nahi diote Europan zaharrena den su-festa lehiaketari. Gaur, Madrilgo Vulcano piroteknia arduratuko da gaua kolorez eta zarataz betetzeaz, eta aste barruan, Austriako, Italiako eta Valentziako pirotekniak lehiatuko dira, besteak beste. Larunbatean, ikuskizun piromusikala egingo dute.
Suen ondoren, zezensuzkoa aterako da Londres hoteletik. Zezensuzkoa antolatzen dutenek ere badute zer ospatu: aurten da Donostiako zezensuzkoaren 30. urteurrena. Ospakizun moduan, txinparta txuri-urdinak botako dituzte zezenek. Gainera, datorren larunbatean, 30 zezensuzko egongo dira ikusgai Gipuzkoa plazan; 20:00etan, Bulebarretik Londres hotelerainoko ibilbidea egingo dute, eta gauean, 30 zezenak irtengo dira korrika egitera.
Saguesen, gaur, Ze Esatek taldea arituko da, 23:45ean. Datozen egunetan, La Pegatina, We Are Standard eta Urtz taldeak ere igoko dira Sagueseko agertokira, besteak beste.
Aurtengoan, bi berrikuntza izango dira udalaren egitarauan. Alde batetik, Goitibehera Jaitsiera antolatu dute bihar, 17:00etan. Bi lehiaketa egongo dira: herrikoia eta profesionalena. Beste berrikuntza antzerki amateurra izango da. Emakumeen garraxia amari izeneko obra aurkeztuko dute abuztuaren 13an, 12:30ean, Kursaaleko Urumea terrazan.
Horrekin batera, urteroko hitzorduak ere izango dira: sagardo azoka, folklore jaialdia, nekazaritza produktuen azoka, Paseo Berriko igerialdia...
Abordatzeko prest
Ezkila kapitainaren itsasontziak ere gaur botako du aingura Donostiako portuan, 21:30ean. Azken orduko eragozpenak gorabehera, eta Jaurlaritzarekin izandako afera konponduta, La Flamenka, piraten lurralde izango da beste urtebetez, bederen. Kapitainaren etorreraren aurretik, piratak kofradiaka bilduko dira, eta hirian zehar ibiliko dira, jai giroan. Gutxika gerturatuko dira bilgune izango duten La Flamenkara, eta han botako dute jaiei hasiera emango dien suziria. Gaur, 3Gabe2 taldeak La Flamenkan, eta Gus Van Soundek Nautikoan izango dute musikarekin gaua girotzeko ardura. Aste barruan, Berri Txarrak, Doctor Deseo, Zea Mays, Esne Beltza eta Gatibu taldeek joko dute, besteak beste, kaian. Trinitate plazan, gauero emango dituzte afariak, giro lasaian.
Donostiako Piratek aldarrikatzen duten Aste Nagusi plurala errealitate bihurtu da. Aurten,bederatzi kofradiak osatuko dute Aste Nagusia, eta bakoitzak bere egitaraua izango du. Hala ere, urtero bezala, egongo dira pirata guztiek elkarrekin egingo dituzten jarduerak ere.
Abordatzea izan ohi da egitarau horren barnean arrakasta handiena izaten duen jarduera; astelehenean egingo dute, betiko legez. Pirata bihurriek ere izango dute haien abordatze txikia; ostegunean izango da, Kaiarriban. Kalefesta da egitarau komun horren barnean berrikuntza azpimarragarriena. Abuztuaren 12an, asteartearekin, kofradia bakoitza elektrotxaranga batekin irtengo da La Flamenkatik, 18:00etan. Arratsaldea dantzan pasatu ondoren, gune nagusian elkartuko dira denak 21:00etan. Azken igandean, aurten ere, Irrikitaldia ospatuko dute, Aste Nagusia datorren urtera arte, agurtzeko.
Batiste Ezeiza piraten bozeramailearen hitzetan: «Sorreratik nahi izan dugun jai ereduarekin eta defendatzen ditugun balioekin aurrera egiteko, bertaratzeko eta parte hartzeko deia egiten diogu jendeari, eta, noski, errespetuz joka dezala eskatuko diogu. Gogorarazi nahi dugu ez dugula inongo sexu erasorik onartuko, eta hori bermatzeko protokoloa martxan jarriko dugula».
Dena prest dago, herritar zein bisitariak gogotsu. Has dadila, bada, Donostiako Aste Nagusia.
Donostiako Aste Nagusia
Jaiak edonoren neurrira
Udalak 19:00etan botako du kanoikada Alderdi Ederren, eta Donostiako Piratek, berriz, 22:00etan suziria La Flamenkan. Batzuek zein besteek jardueraz gainezka dituzte haien egitarauak, eta festa parekide, euskaldun eta parte hartzaileak aldarrikatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu