Atzekoz aurrera

Jaiak barrutik bizitzeko modu berezi bat

Aste Nagusirako hilabete eskas falta dela gogorarazteko, Konpartsakide Eguna ospatu dute Bilbon. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta konpartsaren batean sartzeko gonbidapena egin diete herritarrei.

Sagardo dastaketa antolatu dute gaur Bilbon, Konpartsakide Egunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sagardo dastaketa antolatu dute gaur Bilbon, Konpartsakide Egunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko uztailaren 20a
16:25
Entzun

Bilboko konpartsa bakoitzak bere xarma duela dio Kaskagorri Gazte Konpartsaren azken kantak. Badira konpartsa ekologistak, feministak, euskaltzaleak zein antiespezistak. Auzo batzuek ere badute eurena. 1978an lehenengo konpartsak sortu zituztenetik, hala ere, guztiek izan dute helburu amankomun bat: herritarrek herritarrentzako jaiak bultzatzea. Aste Nagusirako hilabete eskas falta den honetan, Konpartsakide Eguna antolatu dute, egun osoko egitarauarekin.

Areatzan bildu dira konpartsak goizean. Ez dute ausaz aukeratu: aste gutxi barru, goitik behera aldatuko dute gune hori. Izan ere, hiru aste baino gutxiago falta dira txosnak muntatzen hasteko. Indarrak hartuz joateko, konpartsakide bakoitzak bere kamiseta jantzi du. Hor Dago Abante konpartsarena darama soinean Luzie Azpitartek. Hasieratik da konpartsakide: «Jaiak bizitzeko beste era bat da». Bazkalordurako ordu batzuk falta diren arren, mahaiak antolatzen hasi dira jada. Txosnak jaietan bezala, ondoan jarri du mahaia Txomin Barullo konpartsak. Dena antolatzen ari dira Elena Rosales eta Ander Gumuzio. «Atzo utzi genuen dena prest, eta gaur gozatzera besterik ez gara etorri», aitortu du Gumuziok.

Pandemia aurretik erabaki zuen Rosalesek konpartsakide izango zela. Pixka bat geroago hartu zuen erabaki bera Gumuziok, eta onartu du orain beste era batera bizitzen dituela jaiak: «Lehen, gauetan ateratzen nintzen gehiago; orain oso diferentea da: egunez ateratzen gara, eta beste ekintza kultural batzuk ezagutzeko aukera dugu». Eta Rosalesek zera erantsi du: «Funtsean, Aste Nagusia barrutik bizitzea da». Hori dela eta, uste dute bilbotarrak zein Bilbotik kanpoko jendea animatu beharko litzatekeela konpartsakide izatera. Azpitartek ere konpartsetan parte hartzeko deia egin du: «Abanten baldin bada hobeto, noski; baina, bestela, bakoitzak nahi duenean, lan asko egingo duten arren, jaiak beste modu batean biziko dituztelako».

«Dastatzera ala edatera?»

Goizean, janaria eta edaria dastatzeko aukera izan dute bertaratu diren herritarrek. Areatzaren erdian jesarri dira batzuk, eta, Telmo Iruretagoiena sommelierrak gidatuta, hainbat sagardo probatu dituzte. «Dastatzera ala edatera etorri zarete?», bota die galdera Iruretagoienak, eta denek barrez erantzun diote. «Lasai, lehenengo dastatu egingo dugu, eta, gero, edateko aukera izango duzue».

Pintxo txapelketa antolatu dute gaur Bilbon, Konpartsakide Egunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pintxo txapelketa antolatu dute Bilbon, Konpartsakide Egunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Batzuek edaria aukeratu dute goizean, eta beste batzuek, janaria. Pintxo txapelketarako gune bat ezarri dute, eta bertan izan dira, besteak beste, Piztiak konpartsa, Uribarri, Mekaguen eta Askapeña. Azken horren parte da Estefania Melchor Melchor. Kuiatxoekin ari dira pintxoak egiten: «Kuiatxoak tomatearekin, tipularekin, urdaiazpikoarekin eta meloiarekin beteko ditugu, eta meloizko marmelada ere jarriko diogu». Iaz ere hartu zuten parte, baina Melchorrek uste du aurten hobeto aterako zaiela. 

Konpartsa guztiak egunaz gozatzeko prest agertu dira gaur, Aste Nagusirako ia dena prest baitute. «Aste Nagusia itxaroten ari gara jada», onartu du Melchorrek. Txinparta Feminista konpartsak ere dena prest du. Lehen aldiz jarriko dute txosna aurten, eta ilusioarekin daudela nabarmendu du Laura Fernandez kideak. Konpartsakide izatea «ohorea» da Fernandezentzat, eta bere «feminismoa eta militantzia» aldarrikatzeko modu bat.

Egun luzea dute konpartsakideek aurretik. Bazkaldu ostean, Aste Nagusirako deia egiteko bideoa grabatu, eta bingo musikatua izango dute. Alde Zaharrera joango dira gero, musikak lagunduta. Izan ere, musika egun osoan egon da entzungai Areatzan; hainbat bozgorailu ekarri dituzte. Erraza da Kaskagorri topatzea, bertatik entzuten baita: «28 konpartsa, bakoitzak du bere xarma; baina sentitzen duzuna zer ote da, beti etortzeko bueltan Kaskagorrira?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.