Ez dago Asun Gorosperi irribarrea aurpegitik kenduko dionik. Prestaketa lan luzearen buruan heldu da Blusa eta Neska Beteranoen Eguna; egun kutunetako bat du. Urtez urte biziki gozatu du hori, baina aurten poz horrek beste osagarri bat du: Urrezko Zeledon saria eman diote; Josemari Velez de Mendizabal Aramaioko idazleari ere eman diote. Urrezko Zeledonen batzordeak hitz laburrekin arrazoitu du sariaren zergatia: «Alaveszale eta gasteiztar sutsua izateagatik».
Nola esan zizuten Urrezko Zeledon saria jaso zenuela?
Laredon nengoen, lagunekin, kartetan jolasten. Javier Camenok telefonoz deitu zidan orduan. Urrezko Zeledonen presidentea da, baina Alavesen partidetan ondoan esertzen gara. «Albiste on bat» eman behar zidala esan zidanean, segituan galdetu nion: «Nor fitxatu dugu?». «Askoz albiste hobea eman behar dizut», erantzun zidan. Eta deiaren zergatia esan zidanean...
Zer egin zenuen?
Ba, negar malkotan hasi! Lagunak galdezka hasi ziren, ea zer gertatzen zitzaidan, eta nik ezin ezer esan. Jendaurrean jakinarazi bitartean ezer ez esateko esan zidaten... Oso gogorra! Gasteizera etorri nintzen; aurkeztu gintuzten Josemari Velez de Mendizabal eta biok 2014ko Urrezko Zeledon gisa, eta orduan lasaitua hartu nuen.
Bizitza osoa daramazu lotuta Alavesekin... Zure ogibidea zenaren parte ere bihurtu zenuen!
32 urte eman nituen lanean Deportivo Alaves tabernan, bai... Lekuak ez dit ezer berezirik sorrarazten. Baina han egindako adiskideak...
Taberna, futbol zelaia bezala, lagunen topalekua izan ohi da, ezta?
Egia da, bai! Are gehiago, Gasteizko jaiak ere elkartzeko apartekoak dira. Garai batean jaietan baino ikusten ez nituen lagunak etortzen ziren tabernara. Gaur egun pertsona horiek kalean topatzen ditut, eta oso polita da.
Kalea al da Gasteizko jaietako agertoki garrantzitsuena?
Jaiak kalean igarotzekoak dira, bai. Jendearekin topatu, blusa eta neskak ikusi, giroa... Hori baino gauza hoberik ez dago munduan!!
Kaleko giroaz gain, zer gustatzen zaizu gehien jaietatik?
Zeledonen jaitsieran pentsatzearekin soilik oilo ipurdia jartzen zait. Zaila da hor sentitzen dena azaltzea jaitsiera bizi ez duen pertsona bati.
Baina aurten ohiko plana aldatu dizute, ezta? Aurten ezin izan duzu zure terrazatik ikusi!
Urrezko Zeledon izateagatik, San Migelgo balkoian egon behar izan dut, baina gogorik gabe joan nintzen. Are gehiago, esan nien txupinazoaren ostean etxera itzuli behar nuela nire jendearekin egoteko!
Zure etxeko terrazak ikustekoa izan behar du Zeledonen jaitsieran...
Ezagutzen ez dudan jendea ere etortzen da! Lagun baten alabaren lagunak... Bazter guztietatik etortzen dira! Pintxoak jartzen ditut, topa egiteko edariak ere bai... Horrekin gozatu dut, baina inoiz pentsatu dut itsulapiko bat jartzea! Caritasen lan egiten dut, eta dugun egoera honetan edozein laguntza ongietorria izango da!
Eta, Zeledonen jaitsierara ez ezik, nora joaten zara jaietan?
Leku guztietara! Ohitura nuen Egunsentiko Arrosariora joateko, baina azkenaldian jendea izaten dugu etxean egun horretan: txokolatea hartu... Hortaz, etxeko terrazatik ikusten dut, baita meza ere.
Eta blusak eta neskak ikustera joaten al zara?
Ez asko. Argi dago garaiak aldatu direla. Niri dianak asko gustatu zaizkit beti, eta garai batean jende asko biltzen zen han. Azken urteetan lau atso baino ez gara biltzen. Nola egongo dira han blusak eta neskak, aurreko gauean 04:00etan joan badira ohera? Normala!
Eta zezenak?
Blusa eta Neska Beteranoen Egunean joaten gara, baina ez gustuko ditugulako. Iaz, ondoan nuenarekin futbolaz hitz egiten eman nuen tarte guztia! Gasteizen ia ez da inoiz egon zezenketetarako zaletasuna. Gu gustura goaz, zahatoa xanpainez eta ardo gorriz beteta daramagulako, fresko-fresko.
Esaten dute Alavesen partidetara ere ez duzula hutsik egiten.
Azken 11 denboraldietan ez dut partida bakar bat ere galdu! Autoz joaten naiz kanpoko partida guztietara, lagun batekin. Ordu asko dira autoan sartuta, baina nolabaiteko etekina ateratzen diot!
Nola?
Ikusten duzu jantzi hau? Ba, nik egin dut; Alavesen partida ikusteko bidaietan egina da. Kakorratz lanarekin lotuta dago guztia, pentsa!
Gasteizko jaiak. Asun Gorospe. 2014ko Urrezko Zeledon
«Jaiak apartekoak dira lagunekin topatzeko»
Gasteizko jaietako bihotz-bihotzetik bizi ditu jaiak Asun Gorospek: Andre Maria Zuriaren plazatik. Kokapen bikain horri esker, hamaika ekintza bertatik ikusten ditu, Zeledonen jaitsiera barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu