Marijaiaren lagunak. Izaskun Astondoa

«Jai handien artean handiena da Bilboko Aste Nagusia»

Urtero parte hartzen du Astondoa pirotekniak Bilboko Aste Nagusiko su emanaldian. Aurtengoan, larunbatez argituko du hiriko zerua Areatzako su etxeak.

Izaskun Astondoa, Areatzan duten saltokian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Astondoa sendiak izen bereko piroteknia ireki zuen 1885. urtean, Areatzan (Bizkaia). Ordutik, Euskal Herriko txoko askotan gozatu dute su etxeak aireratutako suziriekin. Plaza garrantzitsuenetako bat Bilboko festak direla diote, eta 1978an Aste Nagusia sortu zenetik behin ere ez dute hutsik egin jaietako su emanaldietan. «Jai handien artean handienak dira Bilbokoak», Izaskun Astondoak dioenez.

Duela hemeretzi urtetik da Bizkaian dagoen piroteknia bakarraren burua Izaskun Astondoa. Makina bat poztasun eta buruhauste izan ditu denbora horretan guztian. Uda aldean oso lanpetuta dabilenez, zaila da harekin hitz egiteko tarte bat aurkitzea, eta horren arrazoia herri askotan izaten dituzten erakustaldiak dira. «Andramari egunez, abuztuaren 15ean, bost herritan izan genuen su emanaldia, eta, gure lan talde teknikoa zazpi pertsonak osatzen dugunez, nola edo hala moldatu beharra izan genuen».

Herri eta hirietako jaietako su emanaldiak diru sarrera oparoa badira ere, bakarrak ez direla azaldu du Astondoa enpresako zuzendariak: «Urtebetetze eta ezkontzatarako, adibidez, gero eta suziri gehiago erosten ditu jendeak, eta hori guretzako ekarpen garrantzitsua da, Gabon garaia izaten den bezalaxe». Hala ere, abendua salbu, negua nahiko lasaia izaten da Areatzako pirotekniarentzat. Urtarorik hotzena hurrengo urterako materiala prestatu eta behar den moduan egokitzeko probesten dute.

Datuek erakusten dute su etxearen merkatu nagusienak Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietako jaiak direla. Baina Euskal Herritik kanpo ere Astondoa pirotekniaren ikuskizuna jarraitzeko modua izaten dute, Bartzelonan, Tarragonan (Herrialde Katalanak) eta Berlinen, besteak beste. Astondoa etxearen lan taldeak epe ertainera duen erronka nagusiena Quebecen antolatzen duten jaialdia da. Izan ere, 2013. urtean hango su emanaldi batean parte hartzeko helburua du Astondoak.

Bilboko Aste Nagusia su etxearen izena zabaltzen laguntzen duen erakusleiho garrantzitsua dela uste du Izaskun Astondoak. «Baina, dena ez da hor bukatzen», erantsi du. Askotan, herri txikietako emanaldietan hiri handietan baino gehiago gozatzen dutela dio: «Bilbo eta horrelako hiriburuetan presioa handiagoa izaten da. Gainera, herrietako jendea, gehienetan, hirietakoa baino atseginagoa eta gertukoagoa da; beste harreman bat dago».

Bilbon bi motatako suekin gozatzeko aukera izaten da. Alde batetik, lehiaketara aurkezten direnak ikus daitezke. Horietako batek bakarrik irabaz dezake suen lehiaketa. Bestetik, erakustaldietako suak daude. Bizkaiko su etxeak behin bakarrik parte hartu du lehiaketan, 2009an hain zuzen, eta «esperientzia polita» izan zela dio Astondoak. Su festan parte hartuko duten pirotekniek euren proposamena aurkeztu behar dute, horren arabera antolatzaileek erabaki bat hartuko baitute. Hau da, zeintzuk izango diren lehiaketan parte hartuko dutenak, eta zeintzuk erakustaldia eskainiko dutenak.

Ohitura eta krisia

Astondoak dioenez, Euskal Herrian suekiko ohitura handia dago. «Festetan jende asko hurbiltzen da suak ikustera. Batzuk familia giroan, eta beste batzuk lagunekin». Hala ere, gabezia nabarmen bat ere ikusten du. Herrietako jaietan izaten diren suak ikustera ikusle asko joaten bada ere, Euskal Herrian hiru su etxe baino ez daude: Astondoa Bizkaian, eta FML eta Valecea Araban. Aurten hirurek eskaini dute ikuskizuna Bilbon.

Gainera, azken aldian, beste enpresa askotan gertatzen ari den antzera, krisiaren eragina nabaritzen ari direla dio Astondoak, eta horrekin zailtasun gehiago dituztela onartu du. «Lehen udalek diru gehiago gastatzeko joera izaten zuten festetan. Orain, gehienek 5.000 euro inguruko ikuskizuna prestatzeko eskatzen digute». Hala ere, egoera ulertzen duela erantsi du, eta garai hobeak etorriko diren itxaropena ez du galtzen. «Bitartean, Bilboren moduko hiri batean parte hartzeak ekartzen dituen ospea eta diru sarrera probestu beharko ditugu, gutxi baitira Bizkaiko hiriburuak beste ordaintzen duten udalak», dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.