Irudimena, sormena, jaia eta tradizioa. Horiek dira, beste hainbestekontzepturen artean, inauteriek irudikatzen dituzten ezaugarriak. Gipuzkoan, Tolosako inauteriak dira ezagun; Nafarroan, adibidez, Lantzekoak, Lesakakoak eta Altsasukoak; Bizkaian, aldiz, Mundakakoak; Araban, Zalduondokoak edota Laudiokoak; Lapurdin, berriz, Uztaritzekoak... Euskal Herriko inauterien lagin txiki bat besterik ez dira horiek, baina guztiek dute zer ospatua. Jarraian horietako zenbait adibide.
TOLOSA (GIPUZKOA): IRUDIMENA NAGUSI
Noiz. Ostegunetik asteartera.
Txilaba koloretsuz eta mozorro irudimentsuz; horiez betetzen dira Tolosako kaleak inauteriak iristean. Ostegunean hasiko dute jaia: 12:00etan suziria botako dute Plaza Zaharrean, eta suziriarekin batera piztuko da festa. Ostegunetik asteartera arte iraungo du jaiak, baina igandea eta astelehena izango dira egunik inportanteenak. Egun horietan, aurrez egin eta atondu dituzten karrozekin aterako dira kuadrillak: 11:00etan izango da karroza eta konpartsen irteera. Desfile horiez gain, txaranga ere Tolosako inauterien elementu garrantzitsua da. Hainbat txaranga aterako dira inauteriek irauten duten egunetan: goizean zein gauean. Kontzertuak ere izango dira txosnetan. Igandean, Bake faltsua eta DJ Jotatxo taldeak igoko dira; astelehenean, DJ Bull eta Marianitoz Blai taldeak; eta, ostegunean, aldiz, Ziakhus eta Little Martin Selektah. 23:00etatik aurrera girotuko dute txosnagunea.
LAUDIO (ARABA): LEZIAGAKO SORGINA
Noiz. Asteartean, 17:00etan.
Leziagako sorgina da Laudioko inauterietako protagonista. Larunbatean hasi ohi dituzte jaiak, baina asteartean ospatzen dute egun handia. Larunbatean aterako dute Leziagako sorgina bere gordelekutik; herrian zehar ibiliko da inauteriak amaitu arte. Iaz, lehenengo aldiz, sorginaren pertsonaia ez erretzeko erabakia hartu zuten; izan ere, ordura arte panpina erre egiten zuten azken egunean. Aurten ere bide berberari jarraituko diote: erre beharrean, omenaldia egingo diote. Desfile bat egingo dute lehenik, 18:30ean: Lamuza kaletik irtengo da, eta Txikijai, Bizikleta eta Akrobaziak taldeek girotuko dute ibilbidea. Jarraian izango da omenaldia: Akelarre dantza taldeak gidatuko du saioa.
LESAKA (NAFARROA): ZAKUZAHARRAK
Noiz. Igandean, 17:00etan.
Lesakan, bestalde, zakuzaharrak dira protagonista. Ostegunean hasiko dituzte jaiak, baina igandea izango da egun handia. Belar lehorrez beteriko zakuak eraman ohi dituzte, eta egun osoan antolaturiko ekintzen gidariak dira. Igandean, adibidez, zakuzahar txikien kalejira egingo dute: 17:00etan abiatuko dira udal pilotalekutik, eta Lesaka Trikitixa Taldearen doinuek alaituko dute. Arratsaldean iritsiko da zakuzahar helduen txanda. Bi saioen tartean, berriz, dantza egiteko parada izango dute Plaza Zaharrera biltzen diren guztiek: dantzaldia egongo da, 18:00etan hasi eta 21:00ak jo arte. Goizean, baserriz baserri ibiliko dira goitar deituriko pertsonaiak, eskean.
MUNDAKA(BIZKAIA): ATORRAK ETA LAMINAK
Noiz. Igandean, 12:00etan.
Goizean atorrez eta arratsaldean laminez. Horrela ateratzen dira igandean Mundakan (Bizkaia) inauteriak iristen direnean; bi mozorroen artean hautatzen dute. Atorrak zuriz jantzita ateratzen dira kalera, buruan burkoaren azala jarri eta bibotea margotuta. Laminak, aldiz, beltzez jantzita ateratzen dira, eta ileorde zuriak jartzen dituzte. Ohiturak ohitura, gizonezkoak ateratzen dira atorraz; emakumeak, aldiz, laminaz. Instrumentuak eskuan dituztela ateratzen dira kalera, eta, atorren kasuan, zuzendariak gidatzen du haien jarduna: herriko portuan, urtero propio sortutako abesti bat kantatzen dute.
ZALDUONDO (ARABA): MARKITOS
Noiz. Igandean, 12:00etan.
Zalduondon inauterietako pertsonaia nagusia erretzen dute igandean: Markitos. Herriko gaitz guztiak irudikatzen dituen pertsonaia bat da: traje beltz bat janzten diote, gorbata bat eta txapela bat jarri, eta hiru kolorez margotutako arrautza oskolez eginiko lepoko bat zintzilik. Kalez kale eraman ohi dute igandean, eta ondoren Lazarragako jauregian lotzen dute. Arratsaldean, herrian jende gehiago dagoela baliatuta, berriro ateratzen dute kalera, eta herriko kaleetan barrena ibiltzen dute. Epaiketara bidean eramaten dute, asto baten gainean jarrita. Bitartean, sermolari antzeko bat joaten da haren ondoan, eta Markitosen aurkako hitzaldiak ematen ditu. Azkenean, lurrean utzi eta epaitu egiten dute.
LANTZ (NAFARROA): MIEL OTXIN
Noiz. Asteartean, 10:00etan.
Miel Otxin lapurra. Horixe da Lantzeko inauterien ardatza. Igandean hasi ohi dituzte jaiak, baina asteartean egiten dituzte ekintza inportanteenak. Tradizio handiko inauteria da: ongiaren eta gaizkiaren arteko harremana lantzen da; bataila sinboliko horretan, Miel Otxinen pertsonaiak irudikatzen du gaizkia. Horregatik, lapur gaiztoa harrapatu eta sutara botatzen dute. Hiru metro garai da, eta alkandora koloretsu betez, praka urdinez eta gerriko gorriz janzten dute, buruan txano bat jarrita. Igandean eta asteartean ez ezik, astelehenean ere izango dute zer ospatu, eta jaiak egun osoan jarraituko du.
ALTSASU (NAFARROA): MOMOTXORROAK
Noiz. Asteartean, 12:30ean.
Asteartea iristearekin bat iristen dira momotxorroak Altsasura. Jantzi zuriak jartzen dituzte, odoleztatuak, eta adarrak eramaten dituzte buruan. Marrua egiten dute, jendea beldurtzeko asmoarekin; horretarako, egurrezko sarde bat eraman ohi dute. Eguerdi aldean irtengo dira, puska biltzean, eta gero bazkaria egingo dute. Ondoren, txikienean txanda izango da, eta 18:30ean kalejira bat ere egingo dute. Hori amaitutakoan, Odolaren Erritua eta Herri Inauteriko Elkarretaratzea egingo dituzte, Foruen Plazan.
UZTARITZE (LAPURDI): ZANPANTZAR
Noiz. Asteartean, 17:45ean.
Inauteri luzeak ospatzen dituzte Uztaritzen. Otsailaren hasieran hasi zuten hartzaroa jaialdia; eta, geroztik, hamaika ekintza antolatu dituzte. Egun handia, baina, asteartea izango da: ohitura eta sorkuntza uztartuko dituzte. Zanpantzarren auzia ere egingo dute, eta jaia 17:45ean hasiko da. 18:30ean zirtzilen txanda izango da, eta jarraian hasiera emango diote zanpantzarren auziari. Epaiketa amaitu ostean ikuskizun bat egingo dute.
Jai eta tradizio koloretsua
Inauteriak iristean kolorez betetzen dira bazter guztiak: mozorro irudimentsuak, tradizio handiko pertsonaiak... Aste honetan hasiko dira herri gehienetan, eta, urtero bezala, egitarau oparoa antolatu dute jaiaz gozatu eta urte luzez tradizio izan diren pertsonaiak biziberritzeko ilusioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu