Gora Iruñea 2006. urtean sortu zen orduko UPNren gobernuari erantzun irmo eta bateratu bat emateko eta jai eredu berri bat eraikitzeko helburuarekin. Iruñeko auzo guztiek osaturiko plataforma bat da: batzordeek eta kultur eragileek osatzen dute. Gorka Izko (Iruñea, 1983) Arrosadiko Jai Batzordeko kide da, eta hasieratik da Gora Iruñea plataformako kide.
Zeren alde egiten duzue lan?
Jai eredua gizartea eraldatzeko tresna gisa ikusten dugu. Jai eredu berriak hiri eredua alda dezake. Guk jai herrikoiak, parte hartzaileak, parekideak eta euskaldunak egitea dugu helburu. Halaber, sanferminetatik at, aldaketaranzko urratsak egiten dira auzoan. Iruñeko jai batzordeek sekulako lana egiten dute auzoak dinamizatzeko: Olentzero, Santa Ageda eta abar antolatzen dituzte. Hori da, batez ere, gure oinarria. Ekintza horiekin, jendartea aktibatu nahi dugu, eta gizartea eraldatu. Helburu horrekin egiten dugu lan.
Norentzat da zuen egitaraua?
Egitarau plurala eta zabala sortzen saiatzen gara beti. Adin eta ideologia guztietako pertsonentzat daude ekintzak. Ez dugu guretzat soilik den egitaraua sortzen. Aurten, esate baterako, Errekoleten plazan, euskal kulturaz gain, aniztasun azoka, saltsa, Kubako hainbat ekitaldi eta abar antolatu ditugu. Egun Internazionalista ere ospatu genuen, herri borrokalarien omenez. Badaude umeentzako hainbat egitasmo ere.
Ba al du berezitasunik?
Bai, egitasmo parte hartzaileak sustatzea gustatzen zaigu: mus txapelketa, playback lehiaketa, kalderete lehiaketa... Halaber, aurten, lastotan tailerra antolatu dugu: material natural eta birziklagarriekin herri artelanak egitean datza. Azken hori adin guztietako pertsonentzat da, baina bereziki interesgarria da haurrentzat, gai horiekin harremana izaten has daitezen.
Zer-nolako harrera egin diete aurtengo herri sanferminei?
Alde zaharrean oso harrera ona egin diete; batez ere, San Jose plazan. Izan ere, hemen oso giro polita sortu da, herrikoia eta euskalduna. Kozinatzeko tresnak ditugu, jendeak janaria ekartzen du, eta bertan bazkaltzen du egunero.
Zer-nolako bilakaera izan dute herri sanferminek?
Duela hiru urte hasi ginen jaigunea muntatzen. UPNri erakutsi genion iruindarrak prest daudela beren jaiak antolatzeko. Alde zaharrean egoteko baimenik ez genuenez, Runako parkera joan ginen, eta gure jai eremua gune txiki batean garatu behar izan genuen. 1.500 boluntario inguru aritu ziren lanean; hortaz, proiektu hori ez zen protesta hutsa, hilabeteetako lana ere bazen. Horrenbeste pertsonaren lanak eman zigun aurrera jarraitzeko energia eta indarra; izan ere, jendartearen aktibazioa eta gizartea eraldatzea ditugu helburu.
Orain, Herri Sanferminak izeneko plataforma bat sortu dugu. Gora Iruñea-ko kideez gain, beste hainbat herri eragilek ere parte hartu dute proiektuan. Orduan, bilakaera egon da eskaintzan, eta baita plataforman ere. Alde zaharrera edo jaien muinera heldu gara, jaien parte izatera. Halaber, plataforma sendotu dugu, herri mugimendua bateratu, eta denek horren alde lan egitea lortu dugu.
Nolakoa da eraso sexisten aurka antolatu duzuen kanpaina?
Guk jai parekideen alde egiten dugu lan. Azken sei urteetan sakondu dugu gai hori: emakumeez osaturiko lantalde propio bat dugu, eta salaketak egiteko telefono zerbitzu bat kudeatzen du urte osoan. Urte osoko kontua da, ez sanferminetakoa soilik. Lantaldea sortu eta gero, udalarekin elkarlanean hasi ginen; instituzio eta herri mugimenduen elkarlanaren eredu izan da. Garrantzitsua da elkarlan hori: herri mugimenduak errealitatea ezagutzen du, eta udalak gidatu behar du, hark baititu baliabide ekonomikoak. Duela hiru urte hasi ginen udalak sexu erasoen inguruan argitaratzen dituen testuak sortzen. Halaber, tailer ugari antolatu ditugu: sexu ikuspegiaren, sexu identitatearen, sexu harremanen eta autodefentsa feministaren ingurukoak, gazteek bestelako hezkuntza izan dezaten. Ez dugu erasorik onartzen, inondik inora ez. Hiriak erantzun tinkoa eman die erasoei; jendea aktibatzen hasi da.
Hurrengo urterako hobekuntzarik?
Batetik, zailtasunak izan ditugu guneak kudeatzeko. Espazioz xumeagoak dira, eta hiru bider areagotu dira zailtasunak. Bestetik, ordutegia izan dugu oztopo, 23:00ak goizegi baita ixteko.
Gorka Izko. Gora Iruñea-ko kidea
«Jai eredu berriak hiri eredua alda dezake»
Plataforma hori UPNren udal gobernuari eta «politika arrotzari» aurre egin eta erantzun bateratu bat emateko sortu zen. Herri jaiak, parte hartzaileak, parekideak eta euskaldunak eratzea du jomuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu