Jaiak. Arrotxapea

Jai biziak hasteko prest

Bihar hasiko dira Arrotxapeko festak, baina dagoeneko jai giroa sumatzen da auzoan; kultur astea ospatzen ari dira egunotanHainbat ekitaldi prestatu ditu jai batzordeak igandera arte, adin guztietakoentzat, gainera

Asteburu osoan dantzatzeko aukera egonen da Arrotxapean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Iruñeko auzorik jendetsuena da Arrotxapea, eta bihartik aurrera are jendetsuagoa izanen da. Hiriaren erdigune bihurtuko da asteburu oso batez eta ez da jai girorik faltako. Auzoan festa hasteko egun bat besterik ez da geratzen. Dagoeneko, gainera, giro «berezia» suma daiteke. Astebete daramate Arrotxapeko bizilagunek kultur asteko ekitaldiekin berotze lanak egiten, eta amaitu bezain pronto, hasiera emanen diete festei.

Hamaika ekitaldi prestatu ditu jai batzordeak adin eta gustu guztientzat. Bihar arte jaiak hasi ez arren, musikak eta dantzak bat eginen dute gaur iluntzetik aurrera, eta zer jana eta zer edana egonen da auzotar zein kanpotarrentzat. Egun bakoitza izanen da ezberdina, baina gaurko eguna «berezia eta garrantzitsua» da auzotarrentzat. Hala uste du Garazi Lopez Arrotxapeko jai batzordeko kideak. Auzoko musika taldeek —Lady Tripi, SofoKaos eta Tokanguay— kontzertua emanen dute jai barrutian, eta sanferminetako eskaileraren azken eguna denez gero, Gora Iruñea plataformak kalejira antolatu du Arrotxapera joateko. «Auzo giroa egon ohi da, baina guretzat oso berezia». Dena den, Lopezek hiritar guztiei egin die gonbidapena, iruindar guztiek festez gozatzeko aukera izateko. Haren hitzetan, «auzoan» prestatu dute egitaraua eta «jai herrikoiak eta parte hartzaileak» nahi dituzte.

Jaiak ofizialki hasteko, hala ere, bihar arte itxaron beharko dute. Suziria 20:00etan botako dute jaigunean, eta handik aurrera festak ez du etenik izanen. Maiordomoen lehen dantza, kalejirak eta dantzaldiak izanen dituzte ondoren eta ez da egonen aspertzeko denborarik. Lopezek elektrotxaranga nabarmendu du. Duela gutxi auzoan sortutako taldea da, eta jotzeko nahia azaldu dute. Taldeak Elektrorotxarraska du izena eta etzi —17:30ean— abiatuko da auzoko kale guztiak alaitzeko asmoz.

Horren ondoren, ekinaldi «bitxia» eginen dute Arrotxapean. Markak hautsi nahi dituzte. Bi urtez jarraian antolatu dute larrain dantza erraldoia Guinness marka eskuratzeko, eta hirugarrenean asmatuko dutela uste dute antolatzaileek. Etzi izanen da saioa, 21:00etan, jai eremuan. Bertso afaria eginen dute egun berean. Xabier Silveira eta Julio Soto arituko dira aurrez aurre Errotaberri elkartean.

Horrez gain, musikak leku handia izanen du Arrotxapean. Lopezek azaldu duenez, aurten «inoiz baino kontzertu gehiago» izanen dira jaietan. Guztientzat eta guztien gustuko. «Tabernek, haien kabuz, kontzertuak antolatuko dituzte; guztion artean osatu dugu aurtengo egitaraua».

Parranda nahi dutenek, beraz, giro handi samarra izanen dute Arrotxapean. Baina haurrek erehaien gunea badute. Larunbatean, adibidez, txokolate jana eta gaztelu puzgarriak izanen dira goizean. Urtero bezala, kaldereteak izanen dira 14:00etan eta ur mahukada ondoren. Erraldoiak aterako dira arratsaldean eta adinekoentzako dantzaldia ere egonen da. Igandean agurtuko dituzte jaiak, baina egun osoan festa giroa egonen da. 19:30ean eginen dute jai eremuan festen amaiera ekitaldia eta larrain dantza dantzatuko dute. Hurrengo urtera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.